« Azken begirada | Bidegurutzean »
Edo zu edo ni / Ixiar Rozas / Erein, 2000
Edo Ixiar edo Ixiar Jose Luis Padron / Bilbao, 2000-12
Ixiar Rozasen (Lasarte-Oria, 1972) sormen ibilbidea arretaz jarraitu dugunontzat, literatur hodeien iluntasuna sendatzen duen urrezko izpi mehea da Edo zu edo ni (Erein, 2000) eleberri kaleratu berria. Plazaratzen duen lehenengo lana. Bakarka bai, bederen. Hainbat ipuin argitaratuak baititu bilduma ezberdinetan zehar. Eta ez hori bakarrik, gidoilari, kazetari eta literatur kritikagile lanetan jarduna da azken urteotan, irrati eta telebista saio, egunkari eta aldizkari sonatuenetan, hots, hitzaren bidaiari aspaldi ekin ziola Ixiar Rozasek. Poliki poliki abiatzen. Bere gogoaren mende idazlana beti, eta ez edozer idatzita ere lehenbaitlehen liburua kaleratze ospe sukarraren atzetik. Ixiar Rozasek ez dio bapateko euri jasari itxaroten, euri bihurturik lehioetako kristal bilutsietan hodeiezko malkoei baizik. Ez du jasotzen sormen boladaren bortitza, horren oroitzapena baizik, hausnarketa hestua bihurtua.
“Lautada amaigabeak ikusten ditut orain, nonahi nagoela. Eta urrunera begiratzen dudanean, nik jarri behar dut eskua bekokian, begirada leku jakin batean finkatu ahal izateko”.
Paragrafo horrek berak, iruditzen zait, daramala, esaldien hodeiertz zaurituan, liburuak barruan duen bihotza. Bizitzaren amildegi aurrean grina eta larrimina. Muga ezaren atsedena eta egonezina. Gogoaren paraje sendagarri bezain mingarriak. Oroimenaren lege maitagarri bezain krudela. Gertutasunaren nitasuna eta urrutitasunaren gutasuna. Edo bata eta bestea. Ez bata, ezta bestea ere. Edo bai bata eta baita bestea ere.
Ez baita alferrikakoa, kontakizuna aurrera eta atzera dijoala, atal bakoitzak, zazpi guztira, hartzen duen izendapena ez ezik, han eta hemen, lehenago eta beranduago, lehenengo pertsonan agertzen duen barne borroka elkarrekin hastea, amaitzea edota ospatzea. Borroka hori ospatzen dudala diot, bide berritzaileen adiskide mina delako. Ahalegin guztiz ari delako Graziana, 58 urteko emakumea, gauez argi egiteko erantzunen bila, barruko oihuei kantari ixildu araziz, ahutsezko oinak harri, gezurraren galerietan kotzientziaren eskulana. Esistentziaren nazka eta xarma.
Hori guztia kontua izaten badu edota hori guztiari kasurik egin gabe ere, ez da ez irakurlea damutuko. Hizkera garbi, edertasunaren alaba hizkuntza, poesia bazter guztietatik, eta maitasunaren garaipen bakartiena: Edo zu edo ni horretan zu aukeratzen denean.
Edo zu edo ni interneten irakurtzeko aukera dago, gainera, azaroaren 15etik. Zorioneko albistea, egileak berak bereziki bultzatutakoa, batez ere, liburua eskuratu ezin eta Euskal Herriatik kanpora diren euskaldunentzat. Horretarako, Erein argitaletxearen webgunera gerturatu, www.erein.com, astero nobelaren atal bat irakurtzeko.
Edo liburua edo webgunea horretan Ixiar Rozas aukeratzea da asmatzea.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Barazkijalea
Han Kang
Jon Martin-Etxebeste
Café Mokka
Jabier Muguruza
Aiora Sampedro
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi