kritiken hemeroteka

8.630 kritika

« | »

Hamaika ipuin / Juan Martin Elexpuru / Elkarlanean, 2000

Umore kontuak Amagoia Iban / Euskaldunon Egunkaria, 2000-11-04

Hamaika zenbakia bada zerbait gure artean, eta 11 ipuin idatzi dizkigu Juan Martin Elexpuru bergararrak lan honetan. Behin hori esanda, erraz egiten da gizon honek hamaika arlo landu dituela botatzea, liburu honetan horren zantzorik atzeman baitaiteke. Liburuko lehen ipuina, hasteko, 1936ko gerran giroturiko kontakizun bat da, Gerra-urte izenekoa. Mendebaldeko euskalki zipriztinez josita, euren gogoz kontra Francoren alde borrokan egitera behartutako orduko euskal herritar gazte askoren drama aletu digu Elexpuruk, maitasun istorio baten altzoan. Ipuin horrek badu beheko sutondoan entzundako istorioen halako kutsu bat, eta baita su haren garra egungo fluoreszentepeko sukaldeetan gogorarazteko helburua ere.

Hurrengo ipuinak, berriz, atzerago egiten du denboran, beheko sutondoa areago ekarriz gogora. Joan den mende amaieran dago kokatua Lapur-txabolak, eta mendi lapur batzuen inguruko kontakizuna dakarkigu, halako umore ukitu bat duena amaieran, iragana berridazteko dugun joerari keinu bat eginez. Euskara, narrazio horretan ere, egokitu egin du egileak, liburuan aurrera egin ahala orokor bilakatuko den hizkera zuzen eta jauzilariaren aldeko apustua eginez, elkarrizketa eta barne pentsamenduak nagusitu arteraino.

Gerra urte, gose urte

Hirugarren ipuinean, berriz, 36ko gerraren ondorenak agertzen dizkigu Elexpuruk, eskean ibiltzen den gizon baten bizitza hari hartuta. “Plaentxiren” testamentua, gosez hil baina duintasunez bizitzen jakin zuen pertsona baten istorioa da, eta umore ukitu batez drama erabatekoari ihes egin dio idazleak amaieran.

Laugarren ipuinarekin denboran aurrera egin du bergararrak, gerra zantzoak ahaztu gabe betiere, Buelta datorrenean alearekin. Karlista zahar batek seme gazteenarekin mendi buelta bat emanez iraganera egiten duen bidaia agertzen digu, garaile-galtzaile, bizirik-hilik, eskuindar-ezkertiar eta bizi izan dituen bestelako dikotomiek berarentzat duten benetako zentzua zein neurritaraino den airezkoa agerian uzteraino.

Denboran aurrera

Behin bosgarren ipuinera helduta, pikardiaz beteriko kontakizun batekin egungo du topo irakurleak, Franco hil ostean zabaldu zen sexu askatasunaren mitoa iradokiz edo. Despedida, izenburuak berak dioen bezala, ezkontzera doan mutilzahar baten despedidaren kontaketa da. Iraganari keinu txiki batzuk, eta taberna zuloko umorea bereziki.

Onenaren prezioan, berriz, aske geratu berri den euskal preso politiko bati mendiko ostatu batean gertatutakoa kontatzen digu, txirrindularitza hari dela, amaieran ezustea planteatzeraino. Ostatuko bezero piper bat, ostalari bihozbera bat, eta iragan pisu bat, Marino Lejarretaren irudia atzean nabari dela.

Zazpigarren ipuina, Ubu Morrongurenen lanegun arrunt bat, liburuko zitalena da, basatiena eta surrealistena (edo errealistena, nondik begiratzen dion batek!). “Alfred Jarry oroituz, UNEDen suntsitzaileei, ka-kariñoz”, eskaintzak argi asko uzten digu zer den bertan topatuko duguna. Agintari eta burokrata anker edota axolagabeak, biolentziaren erabiltzaile sistematikoak. UNEDen irakasle izan zeneko garaiak ekarri dizkigu gogora Elexpuruk, liburu honetako ironia ertzik zaztatzaileenera eramanez.

Zortzigarren ipuinak, Entzun behar dizkit ederrak, bere xumetasunean du giltzarik ederrena. Apartatu berri den gizonezkoa, emazte ohiari esan beharrekoak oraindik esan ez dizkiolako lorik egin ezinda dabilena, egoera barregarri bezain zolian aurkituko da helburu hori lortzeko ahaleginean. Liburuko ipuinik laburrenetakoa hauxe, atsegina egiten da oso hasieratik amaierara arte.

Arthur-en txanda ondoren. Erotikoa deritzoten literatura genero horretakoa, egoera tipiko batetik abiatzen da amaiera tipiko batera heltzeko. Irakurle bakoitzaren gustu kontua da. Idazten duen hau ez du kontakizunera askorik kateatu.

Azken bi ipuinak

Nokia bat behar dut eta Etsidamu dira liburuko azken narrazioak. Laburrak biak, bizimodu kontrolatu, neurtu eta estresante baten adierazle. Gaur egun kokatua lehena. Zehaztu gabeko garai batean bigarrena, ustez behintzat. Sakelako telefonoari lotuta bizi den negozio gizona da Nokia bat behar dut ipuineko protagonista, bakarrizketa moduko batean dabilena etengabean, bere autoan sartuta. Hobeto bizitzeko kontsumitzen dugu, ala hobeto kontsumitzeko bizi gara? Horixe ipuinak bota didan galdera nagusia.

Etsidamu, berriz, errealitatea eta fikzioa gauza bera bilakatu dituen gizarte batean kokatua dago. Ezin asmatu garaia, baina oraindik ez dela erabat gauzatu pentsatzeko aukera zabalik uzten du idazleak, eskuzabaltasunez. Liburuko ipuinik mingotsena ziurrenik, lehenengoarekin batera, halako ziklo bat itxiz.

Azken kritikak

Odola kantari
Unai Elorriaga

Asier Urkiza

Rosa Parks: Nire istorioa
Rosa Parks / Jim Haskins

Nagore Fernandez

Eguna hasteko olerkiak
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Mikel Asurmendi

Silueta
Harkaitz Cano

Iraitz Urkulo

Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"

Mikel Asurmendi

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Maddi Galdos Areta

Hiria gure oinetan
Irati Majuelo Itoiz

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Aiora Sampedro

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Felipe Juaristi

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Mikel Asurmendi

Denbora bizigarri baterako
Marina Garces

Irati Majuelo

Jostorratza eta haria
Yolanda Arrieta

Amaia Alvarez Uria

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Ibon Egaña

Artxiboa

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

Hedabideak