kritiken hemeroteka

8.577 kritika

« | »

Geroaren aurpegia / Amaia Lasa / EHU, 2000

Kolorezko egunaren bila Ana Urkiza / Euskaldunon Egunkaria, 2000-10-21

Espazio berri bat aldarrikatzera datorkigu Amaia Lasa bere Geroaren aurpegia olerki bilduman: espazio berri bat, bizitza berri bat, lengoaia berri bat, herri berri bat. Inguruneak, garen bezala izaten ez digula uzten diosku poetak; emakumetasunak ere badakarzkio bere mugak… Geure buruaren bila gabiltzanean zorakeria asko egiten dugunez, zorakeria horietako bat litzateke Amaiak hainbeste aldarrikatzen duen ametsa ere. Ametsetan eginen omen du poetak kolorezko bizitza berri batekin, koloreen adinako aniztasuna erakusten duen unibertsoarekin. Eta azken kolorearen bilakuntzarako, poesia da erabiliko duen tresna. Bilakuntza hori, halabeharrez, denboran eginen du. Atzokoaz damututa edo eskarmentatuta, oraina da Lasak ezagutzen duena eta geroa koloreetan amestu nahi duena. Ametsa egunero erantzuten duen galdera bilakatzen zaionean, bizitza gozoa dela esanen digu.

Liburua lau ataletan banatuta dago: Geroaren aurpegia (1959-1969), Sustraia (1970-1975), Ordu minduak (1976-1978) eta artean argitaratu gabeko poemen bilduma, Egunak jarraiean (1990-1997). Lau atal hauez gain, liburuak Jose Luis Padron eta Felix Marañaren hitzaurrea txertatzen du, eta dokumentazio gehigarri bat azkenean, Linda Whitek, Martin de Ugaldek eta Mariana Yound Blancok sinatua. Bilduma mardula eta osatua, gazteleraz eta euskaraz argitara emana. Itzulpen lanak Jose Luis Padron eta Amaia Agirrerenak dira.

Bildumak Amaia Lasaren olerkigintza guztia biltzen du eta, beraz, baita bere pentsamendua eta pentsamenduaren oinarrian dagoen kezka ere.

Herri berri bat dut…

Espazio eta lengoaia berri baten aldarrikapena egiten digu Lasak bere obra osoaren barrena. Horretarako, ezagutzen duenetik partitzen da. Badaki kutsatu gabeko lekuak badaudena, oraindik amestu daitezkeen leku birjinak. Eta hitza da bere kezken erantzuna. Poesia, garbi izateko aukera.

Poetak lehenengo pertsonan nor den esango digu: “Nire emakumetasuna argi uzten dut. Nor naizen diot. Hutsunean igeri dabilen emakume bat naiz, espazio berri baten bila dabilena, gaizki eginak bere lekuan jarri nahian…”. Poetak bere burua hiltzen sumatzen du, gizarte honetarako ez dutela hezi sentitzen duenean. Galduta ikusten du bere burua. Poesiarekin garbitzen dela iruditzen zaio bestalde. Horrexegatik aldarrikatzen du lengoaia berri bat. Inguruan daukagunak ez digula garena izaten uzten dio, eta inguruan daukaguna ulertzen saiatzen garela, geure burua definitu gabe. Norbere burua ezagutu behar dugula diosku lehenik eta behin (horretara gonbidatzen gaitu bederen). “Nire askatasuna mugatzen dutenen aurka nago””, diosku. Gu geu izateko askatasunik ez daukagun bitartean, zorakeriak egin beharra daukagu eta zorakeria horietako bat da amets egitea ere.

Denbora da Amaiaren beste buruhauste handietako bat: oraina indartzen du poetak, orainean borrokatzen da bera, geroa prestatzeko. Geroa itxaropena da, poetak amesten duen lurraldea. Lehenaren damu, oraina eskarmentuaren garaia da, norbere buruaren nondik norakoak finkatzekoa, gure ingurunearen aurrean nor garen jakitekoa eta esatekoa… Geroa irudikatzeko unea. Lehena ezagutuz, orain, gerorako promesak egin eta erabakiak hartu behar ditu. Ametsetan sinesten du.

…amesten

Ametsak dituena ez dela ulertua diosku Lasak. Beraz, amets egiten duenak espazio berri bat behar duela. Amets egitea zer nahi dugun jakitea omen da, eta nahi dugunaren alde borrokatuz gero, azkenean, nahi duguna lortzea.

Ezjakinean ibiltzeak hustasuna dakarkio poetari eta ametsetan ibiltzeak, bete. Paradisua duela amets dio, paradisua lortzeko borroka egiten duela eta borrokatzeagatik infernuan sartzen dutela. Bizitzaren parabola.

Koloreak bizitza aukerak dira Lasaren ahotan. Azken kolorearen bilakuntza da poesia. Azken kolorea da geroaren aurpegia.

Poeta gardena

Esperientzian oinarritua da Amaia Lasaren olerkigintza. Pentsatzen eta sentitzen duena idazten du, pentsatzen eta sentitzen duen bezala. Tapakirik gabe. Formalismoak alde batera utzi eta gaia errotik hartzen eta tratatzen du. Bere barne bizitza lotsarik gabe azaltzen du, eta irakurleak biziki eskertuko dio, irakurlea sekretu horietan identifikatuko delako. Amaiaren izaera borrokalaria ageri dute bere olerkiek, poetaren izaera gogorra agertzen dute. Proposamen asko egiten ditu geroari begira, baita iradokizunak bota ere. Natura bizitzaren sormen iturri bezala ulertzen du, eta hala erabiltzen ditu naturari egiten dizkion erreferentzia guztiak. Emakumezkoaren gorputz atalen deskribapenak eta naturako oinarrizko elementuei egiten dien etengabeko aipamenak olerkigintza biluzia eskaintzen digu Amaia Lasarengan.

Galdera asko, finean, irakurleak erantzuteko, kezka guztiak jadanik erantzunda dituela dirudien poetaren luma zorrotzetik jasoak.

Azken kritikak

Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez

Asier Urkiza

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Nagore Fernandez

Akabo
Laura Mintegi

Aiora Sampedro

Espainolak eta euskaldunak
Joxe Azurmendi

Mikel Asurmendi

Lakioa
Josu Goikoetxea

Irati Majuelo

Poesia guztia
Safo

Aritz Galarraga

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Maddi Galdos Areta

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Hasier Rekondo

Akabo
Laura Mintegi

Jon Jimenez

Akabo
Laura Mintegi

Asier Urkiza

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya

Nagore Fernandez

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Kuntzak eta kerak
Sara Uribe-Etxeberria

Jon Martin-Etxebeste

Hitzetik ortzira
Ana Urkiza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

Hedabideak