kritiken hemeroteka

8.656 kritika

« | »

Aberriaren alde (eta kontra) / Ramon Saizarbitoria / Alberdania, 1999

Euskararen garatze larria Markos Zapiain / Euskaldunon Egunkaria, 2000-05-13

Anormala naizela, aspaldi nuen susmoa. Liburu honek egiaztatu egin dit. Zeu ere halakoa zara, ez pentsa. Euskararen egoera anormalak egiten gaitu anormal. Eta, normaltasuna helburu, norberaren anormaltasuna onartzea ezinbestekoa da, kaltegarria bezain barregarria normal itxurak egitea. Geure kultur errealitate ahula neurriz kanpo dago plazari begira puztuta. Badoa Saizarbitoriaren alaba Donostiako eskolarekin Bilbora, galdu egiten da eta ertzain bati itauntzen dio: “Mesedez, non dago Arte Ederretako Museoa?”,. Txapelgorriak: “Chavala, no me vaciles”. Negarrez hasten da neskatxa. Hara gure egoera. Kataluniak berak ere ez digu balio erreferentzia gisa. Alboko estatuen ponperia imitatzen saiatzen garelarik, patetikoak gara. Saizarbitoriaren ustetan, aitzina egitekotan daukaguntxoa aintzat hartu behar dugu, bertatik abiatuta egin urratsak, irudimenez baina zuhurtziaz. Zehazki, eleberria tresna egokia izan liteke euskararen ataka petralak euskaldunoi dakarzkigun pasadizo tragikomikoak adierazteko (edo telebista programa berezi bat). Baina errealitatea gero eta eleanitzago ari denez bilakatzen, eleberriari ere gero eta zailago zaio hura islatzea. Saizarbitoriak dioenez, euskal literaturak, geure zirkunstantziaren ispilu edo adierazpen izan nahi badu, bizpahiru hizkuntza eta pidginen bat beharko ditu erabili.

Txikitandik euskaraz bizi ahal izatea beste desiorik izan ez duen, eta euskaratik erdarara igaro beharra frustragarria zaion Saizarbitoriarentzat, nazionalismoa ezinbestekoa izan da euskarak iraun dezan; aldi berean, euskarak izateko arrazoia eman dio nazionalismoari. Hala ere, euskara zabaldu eta sendotuko bada, heldu da ordua nazionalismoaren eta euskararen arteko lotura hausteko, nazionalista ez direnek ere berengana dezaten. Euskara politika iskilu gisa erabiltzeak, horrenbestez, kalte baino ez dio egiten bere estatusari. Euskararen desideologizazioak, ordea, beldurtu egiten du Saizarbitoria, euskaltzaletasuna ahul bailezake. Azpigarapenaren eta garapenaren artean dago euskal kultura, krisi gorrian, eta hizkuntzarenganako betiko engaiamendua berritu beharra dago: izan ere, nork nahi duen hizkuntza erabiltzeko printzipioa soilik itxuraz da liberala eta tolerantea. Nagusituko balitz, euskararenak egingo luke. Are gehiago, ez genituzke gazteleratik eta frantsesetik maileguak errazkeriaz irentsi behar, bi hizkuntza horiekiko morrontza psikolinguistikoa hausten ahalegindu beharko genuke.

Txikitasunak, gainera, abantailak ditu, eta homologatzeko amorruak abantaila horiek bazter litzake: adibidez, kultura txiki batean, idazleak errazagoa du zintzo izatea, merkatuaren eta kritikoen tiraniatik libre sortzea; halaber, kultur kezka zein idazteko grina, sakonagoak izaten ohi dira kultura txikietan. Saizarbitoriak berak ez ziokeen eleberrigintzari egingo baldin euskararen egoera oparoa izan balitz.

Liburuan barrena, Saizarbitoriak errieta egiten die abertzale itsuei, errieta ustezko antiabertzaleei, eta, oroz lehen, bere buruari; horregatik ez du inoiz nartzisista ematen, bere buruaz sarritan mintzo bada ere. Enpirista erradikala da: aurrena bere sentsazio-eskarmentua hartzen du aintzat, gero-datu soziologikoak eta azkenik ondorio arraro batzuk ateratzen ditu (esate baterako: “euskara jalgi hadi mundura” kultura homologatu batean gurari berez arteza, geurean egitez “euskara jalgi hadi Euskal Herri osora erdaraz” bilakatzen da; ondorioz, anitz euskal idazlek erdarara desertatuko du). Saizarbitoriak bere mixeriak grazia paregabez dizkigu kontatzen, etengabe pizten zaizu zeure esperientzia berari kontatzeko gogoa, bat ez datozen arren. Izan ere, ezinezkoa da Saizarbitoriarekin erabat ados egotea, baina ezinezkoa da halaber punturen batean bederen bat ez etortzea.

Alde batetik, jasanezinak zaizkio beren buruan zorri nazionalistak sumatzen ez eta hedabideetatik besteen bartzak arenga belikoz ito nahian dabiltzanak; izan ere, oharkabekeria horrek nazionalismorik gaiztoenean ditu amiltzen, inperialista kutsukoan alegia. Espainolez zein frantsesez, ingelesaren nagusitasunaz esanak aditurik, aise irudika liteke ikaragarria litzatekeela ofizialki nazionalistak ez diren horien jarrera baldin beren hizkuntzak euskararen kinkan baleude. Saizarbitoriaren iritziz, gatazkon aurrean jarrerarik zentzuzkoena nork bere birus nazionalista onartzea da, organismoan bere antigorputzak gara ditzan, osotasuna ondorioz osasuntsuagoa —lasaiagoa— bilakatuko baita.

Hortxe dira haatik abertzaletasunaren apurtzailerik eraginkorrenak, zenbait abertzale zoro hots, adibidez “hiritartasun” kontzeptua berritu nahi dutenak, boto eskubidea nori onartu erabakitzeko orduan. Halakoek uxatu dituzte behinola euskarara hurbiltzen hasirikoak.

Azken kritikak

Silueta
Harkaitz Cano

Irati Majuelo

Koxka bat estuago
Henry James

Aritz Galarraga

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Hasier Rekondo

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Maddi Galdos Areta

Poesia kaiera
Frank O'Hara

Asier Urkiza

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Nagore Fernandez

Beste urte batez
Samira Azzam

Maialen Sobrino Lopez

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Iraitz Urkulo

Auzokinak
Gorka Erostarbe

Mikel Asurmendi

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Zer egin Miranderekin?
Askoren artean

Irati Majuelo

Silueta
Harkaitz Cano

Ibon Egaña

Azken batean
Lourdes Oñederra

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

Hedabideak