« Jenioaren bizitza | Bizitzaren metafora »
Goriot zaharra / Honore de Balzac (Pedro Mari Diez de Ulzurrun) / Ibaizabal, 1997
Parisko bizitza Jon Eugi / Euskaldunon Egunkaria, 1998-01-31
Honore de Balzac eleberri garaikidearen sortzailea da. Idazle frantziarrak behin eta berriro idatzi zituen eleberriak. Orotara 94 eleberri izkiriatu zituen La Comédie Humaine izenburuaren baitan bilduak. Honako hau, Goriot zaharra izenburukoa, egilearen liburu hoberen eta garrantzizkoenetakoa da, berezitasuna baitakar: Balzacek lehendabizikoz erabili zuen pertsonaien itzuleraren errekurtsoa. Hau da, eleberri bateko pertsonaiak ondoren beste eleberrietan agertaraztea. Hortik mundu bat eta gizarte bat sortu zituen. Gero, La Comédie Humaine guztian erabili zuen hau eta arrakasta eman-zion.
Goian aipaturiko horregatik da, bada, garrantzitsua eleberri hau. Horrez gain, Pedro Mari Diez de Ulzurrunen aitzin-solasean adierazten denez, Balzac irakurtzen hasteko obra hau omen da gomendagarriena. Haren unibertsora, gaietara, pertsonaietara sarrera da Goriot zaharra.
Funtsean, liburua zerbaitetan laburbiltzekotan, egileak Parisko bizitza erakusten digula esan genezake. Balzacek bere garaia (XIX. mendea, Errejimen Zaharraren eta kapitalismoaren arteko zubian) islatzen du. Garai horretako gertaerak, kontuak… finean garai horretako Parisko bizimodua azaltzen digu. Bi pertsonaia nagusi tarteko, Eugéne de Rastignac, hirira heldu berri den ikaslea, eta izenburuko Goriot Zaharra. Pariseko bizitzaren ezagule egingo gara. Baina, horrez gain, liburuak giza izaeraz ere badihardu, eta nik giza izaeraz eleberri on bat irakurri izanaren plazerra sentitu dut.
Hasieratik idazle frantziarrak adierazten digu drama bat dela kontatuko diguna, eta dena bizitza bezain egiazkoa, gordina. Horrela pertsonaiek beren miseria eta ontasunak azalduko dizkigute, egileak dioenez drama bat bizi baitute argi eta garbi. Estiloa hasieratik errealista da, errealitatea den bezala azaltzen duena.
Lehenengo kapitulua, aurkezpena, sarrera gisakoa da, eta egileak hitzak zuzentzen dizkio hartzaileari hasieran eta bukaeran: gero, istorioak zenbaitetan, egia esan, nahikoa motel egiten du aurrera. Hori, egoera, giroa deskribatzen luze aritzen delako gertatzen da. Horren eraginez, kontaketa zenbaitetan astun samarra egiten da, adibidez norbaiten bizitza pasarteak-eta kontatzen dituenean. Baina, hala ere, bestela, Balzacek ongi aitzinarazten du eleberrria, egitura sendoko narrazioa osatzen du eta interesez segitzen da.
Idazle frantziarrak gai asko ukitzen eta jorratzen du: amodioa, gizartea, boterea, dirua, handinahia… La Comédie Humaine guztian errepikatuko direnak. Ildo honetan, gai hauetan egileak hainbat egia jaurtitzen ditu esaldi biribiletan bilduak.
Egileak orduko ekonomi egoera, justizi egoera… oso ongi ezagutzen duela ere azaltzen du. Horrez gain, giza-izaeraz ezagutza erakusten du, emakumeak, goi eta behe mailako jendea nolakoa den… Ildo horretan, etorri handia agertzen du pertsonaien karakterizazioan; haiek luze eta zabal aurkezten dizkigu.
Liburuaren itzultzailea Pedro Diez de Ulzurrun Sagala dugu. Euskaratzaileak Iparraldeko euskalkien ekarpenez egin du itzulpena, eta hasieran agian kosta egiten zaigu testua segitzea, ohitura ezagatik, hitzen ezezagutzak zaildu egiten duelako ulemiena. Pixka bat jantzia egon beharra dago lexiko eta gramatika aldetik erabateko ulermenerako, baina oro har ulertzen da. Eta ez hori bakarrik, behin ohituta, erraz irakurtzen dugu eta gozatu egiten dugu irakurtzen. Egia esan, itzulpena lortua dago, badu meritua, erabilitako euskara erabilita, ulergarria egitea lortzeagatik. Eta guretzat, ez dator batere gaizki, ohiko euskara batu eta estandarrean ohituta, Iparraldeko euskalkiak ezagutzeko eta haietan gero eta hobeto moldatzeko.
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Amaia Alvarez Uria
Zer egin Miranderekin?
Askoren artean
Irati Majuelo
Azken batean
Lourdes Oñederra
Paloma Rodriguez-Miñambres
Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo
Mikel Asurmendi
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Maialen Sobrino Lopez
Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta
Asier Urkiza
Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu
Nagore Fernandez
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Paloma Rodriguez-Miñambres
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Mikel Asurmendi
Esker onak
Delphine De Vigan
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Enarak
Bernardo Atxaga
Irati Majuelo
Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor
Aritz Galarraga
Moebiusen ertzak
Garazi Kamio
Joxe Aldasoro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Mikel Asurmendi