kritiken hemeroteka

8.758 kritika

« | »

Gasteizko hondartzak / Xabier Montoia / Susa, 1997

Guztion hondartzak Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1997-06-21

Honako hau Xabier Montoiaren seigarren liburua da. Aurretik hiru poesia liburu (Anfetamiña, Susa, 1983; Likantropo , Susa, 1985; Narraztien mintzoa, Susa, 1988), eleberri bat (Non dago Stalin?, Susa, 1991) eta ipuin bilduma bat (Emakume biboteduna, Susa, 1992) argitaratu ditu. Zergatik, ordea, datu hauek guztiak? Oraindik gehienok Xabier Montoia bere alderdi musikalagatik ezagutzen duzuelako. Hasieran M-ak taldean eta orain bakarlari moduan dabilen Montoia, ordea, gure artean ez da musiko bezala soilik ezaguna. Idazle bezala ere ezaguna da, nahiz eta arlo honetan hainbeste fama ez izan, dudarik gabe merezi baldin badu ere.

Agian berari ere musikaren arloan maiz gertatzen den fenomeno bitxi bat gertatzen zaio. Hau da, badirudi musikoak ezin direla literaturgile gisa onartu. Beraien abestientzako sekulako hitzak idatz ditzakete, baina ez badira literaturara serioski dedikatzen inork ez ditu idazle moduan onartzen. Montoiaren kasua ez da hori, berak abestiak konposatzeaz gain, liburuak ere idazten baititu. Bigarren lan horri, ordea, ez zaiola behar zukeen garrantzia ematen iruditzen zait. Ea bere seigarren liburuaren ondoren merezi duen ospea irabazten hasten den.

Hasi aurretik, liburu interesgarri baten aurrean gaudela esan behar da. Eta ez soilik liburua bera ona delako, baita lan hau besteen ondoan ipini eta parekatu dezakegulako ere. Montoiak idazten eta argitaratzen daramatzan hamalau urte hauetan bilakaera bitxia eta interesgarria izan du. Bere hasierako lanetan desamodioak, bakardadea eta ilusioen zapuzketa ziren nagusi. Hala ere Emakume biboteduna liburuan aldaketa sumatzen zen, eta errealismo zikin batetik beste errealismo xumeago batera pasatzen ari zela nabaritzen zitzaion. Oraingo honetan, Montoiak bere bilakaerarekin jarraitzen du, eta errealismo objetiboagoa lantzen du.

Zer kontatzen digu bere azken lanean? Aurretik esan behar da, itxuraz bada ere, Montoiaren azken lana ipuin bilduma bat dela. Bertan, Gasteiz hiriaren inguruko ipuin desberdinak kontatzen zaizkigu. Lehenengo ipuina Espainiako gerran kokatzen da, eta azkenekoa gaur egun. Beraz, istorio desberdin horien eskutik liburuan zehar Gasteizek bizitako azken hirurogei urteak jasotzen dira.

Ipuin bilduma honetan kontatzen zaizkigun istorioak, beraz, interesgarriak badira ere, ez da hau beste ezer baino lehen arreta pizten duena. Ez. Ipuinekin gozatzen zoazen bitartean konturatzen zara liburuko pertsonaiak errepikatzen joaten direla, batzuk azaltzen, besteak gordetzen, batzuk ipuin batean protagonistak, eta beste batean bigarren mailakoak. Horregatik, lan hau ipun bilduma bezala kontsideratu al daitekeen nire dudak ditut, eleberri-mosaiko bat bezala gehiago baita, Celak bere garaian La colmena eleberria idatzi zuen moduan.

Liburuak merezi du, eta ez soilik istorio harrigarri eta hunkigarriak direlako, (Montoiak ipuinak behar duten bukaera perfektua emateko abilidadearekin jarraitzen du) edo azaldutako estruktura puzzle moduan erakargarria egiten delako, baita liburuak duen balore historikoagatik ere, bertan hiri batean bere historian gertatutako hamaika istorio kontatzen zaizkigulako. Eta nahiz eta estiloan ikuspegi errealista-objetibo horrekin jokatu, Montoiak bere iritzia ematen du.

Ondorioz, gasteiztarrentzat soilik al da liburu hau? Ez, guztiontzat. Montoiaren azken jokoa hau izan baita: liburua ez dago istorio handiz osatua, istorio txikiz baizik, sentimenduak nagusi diren istorioez. Eta Montoiak aukeratu dituen sentimenduak unibertsalak dira, ez soilik gasteiztarrenak, guztionak baizik.

Aurtengo udan bai kostaldeko, bai barrualdeko gure hondartzetan irakurtzea merezi duen liburua da.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak