kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Aizu, Paddy! / Paddy Rekalde / AEK, 1996

Molotov koktela orrialdean Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1997-04-05

Euskaraz argitaratzen den literatura jarraitzen dutenen artean, eta euskaltegietako irakurle zintzoen esparruan, hasierako Zergatik Panpox edota geroagoko Non dago Stalin? galderei beste bat gehitu zaio: Nor da Paddy Rekalde? Lehenago, bazuten bere ipuinen berri Aizu! aldizkariko irakurleek, Txinaski delako haren itzalpean. Gero, ipuin guztiak batera bildu eta liburu gisa argitaratzean, euskal literatura iristen den eremu guztietara heldu da Rekalde eta, bere hitzekin batera, baita bere izena eta izana biltzen duen misterioa ere. Liburuak kapitulu adina galdera luza ditzake irakurleak, irakurle hori euskaraz argitaratu ohi diren lanen jarraitzailea baldin bada behintzat: Nor da Paddy Rekalde?, Txinaskiren lehengusu euskalduna al da?, Ezagutzen dugun euskal idazleren bat ote da?, Nongoa?, Zergatik ez du aitortzen nor den?, Ezizenaren azpian dagoena ezagutzen ez denez kobratuko al ditu egile eskubideak?, Hori horrela ez bada nola ordaindu behar ditu hurrengo istorioak apaintzeko boldanak?, eta abar luzea.

“Putokasorik ez” hori erantzungo du Paddyk galdera horiek irakurtzen baditu. Ziur. Haren hitzak, ipuin modura moldatu dituenetik bizitzaren itxura hartu duten haiek, irakurri dituenak ez digu ezezkorik esango. Nahikoa ezagutzen du Paddy haren irakurleak. Paddy Txinaski ipuinotako protagonista eta Paddy Rekalde idazlearen artean zein alde dagoen da kontua, Paddy Rekalde eta egilearen benetako izen zein izanaren artean zein alde dagoen bezala. Baina horrek ez duela garrantzia berezirik,… guk literatura aztertu behar dugula eta ez idazlea. Delakoa dela ere, hitzak duela garrantzia, ez hizlariak. Hori behintzat, ederki erakutsi nahi izan du Paddy Rekalde izengoitiaren azpian ezkutatu den idazleak. Horregatik, gure aurreko galderei “putokasorik ez”. Ezta orain arterainoko gure hitzei ere, arraioa, liburuaren edukiaz ez baitugu ezer aipatu.

Liburuaren atzealdeko hitzek laburtzen dute orrialdeotako edukina, “Bukowski, Eire, alkoholtzulo ilunetako zurrutadak, euskal lur ahantziak, sexua, punk, folk eta telekasterrak… osagai horiek guztiak, eta gehiago, biltzen dira koktelera honetan” lerroetan. Laburpena zehatza da, baina liburu itxurako koktelera honen barrukoak duen indarra aipatzea falta zaio. Hizkera indartsua da, gordina. Bukowski euskaraz. Istorioen osatzeko irudimenak egindako bideari dagokionez, berriz, aitortu beharko da ez dela luzea izan. Istorioen gertaerak ez dira landuak eta jakinmina pizten dutenak. Ez. Kontatzeko modua bera eta egoerak sortu zein aurkezteko era da ipuin hauen, narrazio hauen aberastasuna. Irakurketa atsegina egiten da eta, ia suspenserik ezean ere, oharkabe amaitzen dira orrialdeak. Sarritan esaten da zaila dela landu gabeko literatura idaztea. Irakurterraza izanik ere, aldi berean, ona den literatura. Neurri batean hori lortu du Rekaldek. Erretorikaren errekurtso ugariek askotan sortzen duten zurrunbilotik ihes egin eta idazkera gordin baina atsegina sortzea, alegia.

Egunerokoak izan daitezkeen egoerak literatura bihurtzeko Rekaldek agertzen duen ahalmena nabarmendu behar da. Taberna du gordeleku, zigarroak, boldanak, sexua, kea,… lagun eta euskal zein irlandar musika orrialdeon soinu banda. Gustura sentitzen da irakurlea testuan, eroso, lagun artean bailegoen.

Ez da, hala ere, literaturaren urrezko orriek hizpide izango duten liburua. Ahaleginak, ordea, merezi izan duelakoan gaude eta Aizu! aldizkarian ipuin horiek irakurtzeko aukerarik izan ez zutenentzat AEK-k argitaratutako liburua aurkikuntza atsegina izan dela esatea besterik ez zaigu geratzen, Paddy Rekalde nor den jakitearekin batera.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak