« Mundu zatikatua | Lertxundiren izenean, guztion gizenean »
Esker mila, Marlowe / Miguel Angel Mintegi / Erein, 1996
Marlowe aingeru guarda Miel Anjel Elustondo / Euskaldunon Egunkaria, 1997-01-25
Urteak eta urteak joan diren arren, batere indarrik galdu gabe irauten du Philip Marloweren irudiak. Sasoian beti, klasiko bat mendebaldeko literaturaren pertsonaietan. 1939an Betiko loa beltzean bere burua agertu zuenez geroztik jenero beltzaren zaleen gogoan dabil ikertzailea. Han eta hemen, nahizu-nahizu imitatu dute Chandler maisuaren detektibe odol-hotza. Marlowek ugari izan ditu oinordeak, hala zinema-telebistetan nola literatura beltzean bertan. Zernahi modutara, ez dago konparaziorik: Marlowe beti Marlowe, bera eredu betiko. Eta areago, beste inork baino hobeki Humphrey Bogart-ek bizia eman zionetik.
Hargatik, amu da Miguel Angel Mintegiren nobelak eskaintzen digun azala. Bertan, Iturriren diseinua, Bogy-ren argazkirik adierazgarriena eta izenburuan bertan Marlowe izena hotsegitea idazlanaren aurkezpen ezin egokiago dira. Amarru itzela ez bada, bederen, irakurleak badaki zer behar duen barruko orrialdeetan: nola-halako heriotza bat, halamoduzko emakumeren baten presentzia etengabea, detektibe deslaiaren peskiza heterodoxoak, hari bat gutxi-asko samur jarraitzekoa, hizkera zuzena —ikertzailearen ahotsa, burutazioak eta era guztietako komentarioak barne—, eta, ondorioz, irakurlea liburuaren sarean harrapatuko duen giro beltz zirraragarria. Eta dakienak badaki: zoragarria da orduan irakurketa.
Elementu horietxek baliatu ditu Mintegik lan honetan. Idazleak Xabier Olea ikertzailea du protagonista. Nobelaren atariko, detektibearen nebaren heriotza iluna dugu, droga gaindosiak eragina. Seguru, zenduaren hurrekoen bizimoduan bazkatuko da gure detektibea, drogak, hiesa, jipoiak eta beste tarteko. Eta estuasunean larri, Marlowe bera —detektibearen presentzia lausoa—, izango du laguntzaile eta aingeru guarda Oleak. Honenbestean, haren irudira jokatuko du honek.
Hasi eta buka, ez da koxkarik. Esker mila, Marlowe honetan. Samur da argumentua, argi pertsonaien karakterizazioa, identifikaerrazak denbora-lekuak… Esaterako, nobela beltzak ohi dituen ezaugarrien barne ari da Mintegi. Eta, atrebentziarekin, esango ere nuke hizkuntzaren lilurak jo duela gure idazle hau. Ondorioz, ohiko giro beltz hotzaren ordez lausoagoa dugu hizkeran. Eta pertsonaien purrustadak gaztelaniaz ezartzea ere debaldekoa da.
Hala ere, beltz da idazlana. Hizkuntzari egin kontzesioak gorabehera, kolore iluneko dugu Esker mila, Marlowe. Are, euskaraz sortutakoetan —Xabier Gereñoren eta Gotzon Garateren nobelak dabilzkit bueltaka zapelaitzen moduan—, gordin eta beltz da Miguel Angel Mintegirena. Idazle ataundarra ez da Raymond Chandler, ez da Jim Thompson —honen 1280 arima izenburuko eleberria, aitzakiarik ez duen lan bikaina oraindik—, baina euskaraz sortu duen idazlana nobela beltza da, jenerokoa ekintzez, eta arretaz idatzirik datorkigu, nahiz eta nirez huts egin tonuak. Gogo onez irakurtzeko moduko obra egokia. Honenbestean, zer edo zer diferentea da irakurgai gure artean. Aukera jeneroaren zaleek, eta aukera gazteek.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Barazkijalea
Han Kang
Jon Martin-Etxebeste
Café Mokka
Jabier Muguruza
Aiora Sampedro
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi