« Gaztetxean galduta | Detektibearen lana »
Zazie metroan / Raymond Queneau (Joxan Elosegi Arregi) / Ibaizabal, 1996
Modernitatea, absurdua Ibon Iribarren / Euskaldunon Egunkaria, 1996-11-30
Joxan Elosegik dioen bezala, baduke liburu honek denetatik: poesia, nobela eta filosofia, hori baita azken finean literatura. Horregatik, literatura hori guztia bada, Zazie metroan hau irakur daitekeen obrarik gehientsuenak baino are nahastuagoa eta are bereziagoa da oraindik, eta gauza bera esan genezake Raymond Queaneauri buruz.
Literaturarekiko interes berezirik ez duen askorentzat izen arrunta baino ez dateke Raymond Queneau. Ostera, bere garaian entzute handiko idazlea izan zen. Askorentzat, egokitu zitzaion edade hari aurre hartu zion eta horren adibidetzat ipintzen dute nobela. Alde batetik, gaur egun arrakasta handia ei duen herri hizkuntza indartu nahi izan zuen idazkietan. Zertan da whisky izkiriatu, uiski ahozkatu behar badugu? Irizpide hori arras zabaldua da egunotan, baina Queneauk orain 40 bat urte islatzen zuen bere liburuetan.
Horrekin estu erlazionaturik, teknikan ezarri zituen hainbat esfortzu, elkarrizketen egiazkotasun bat bilatzeko asmoz. Gaur egun modernotzat pasatuko litzatekeen nobela dugu honako hau (ez pasatu soilik, nik modernoa dela esango nuke besterik gabe), beste gauza batzuen artean, teknika horrek klasikotasunetik urruntzen duelako eta solasari sinesgarritasuna ematen diolako.
Azken puntu batez baliatzen da gure idazlea, noski, bestela nekez irudika baikenezake kaletar hutsen arteko elkarrizketa: biraoak edo hitz zatarrak. Ez dut nik ezagutzen mende erdialdeko Frantzialdean zer nolako hizkera modu zen nagusi lagunartean, ez eta hitz itsusien garrantzia norainokoa ote zen ere. Gauza bat, ordea, argi dut: nobela hau irakurtzen duen oro ados legoke gaur, egun, hizkuntza honek bigentzia baduela eztabaidatzerakoan. Eta honi duela gizaldi erdi bat antzematea ez da makala. Queneauk, hizketa modu hau aukeratzerakoan, eskandalua bilatzea baino ez zuela gogoan argudiatu du zenbaitek. Baliteke, baina asmatu duela ere ez dago ukatzerik.
Alderdi honi jarraiki, bada nobelarekin espreski ez, baina euskal jerga edo kale hizkuntzarektn harremana duen beste zerbait. Hau da, itzulpenak berak nola adierazten duen gure hizkuntzak oraindik guztiz garatu ez duen espresio bide herritar hori. Eta nire ustetan zorionak eman behar zaizkio Joxan Elosegiri. Esamoldeak zenbaitetan bitxiak izanagatik, gehienetan azkartasunez konpondu du eguneroko hitz bat edo gehiagoren behar hori —ezin ahantzi hori ez dela zeregin makala euskaraz aritzean—.
Baina tira, nobela bat ez da espresio multzo bat bakarrik eta, honek ere, askoz gehiago eskaintzen du. Bere baliorik sendoenetakoa erritmo bizia da. Lehen aitaturiko elkarrizketa horietaz baliatuz, pertsonaiak behin eta berriro agertzen eta desagertzen zaizkigu, eta konturatu gabe, eguneroko bizitzan bezalatsu. Honela, istorioak haririk ez duela dirudi, baina aurrera doa etengabe eta abiada bizian. Maiz tartekatzen dira lehen jasotakoari buruzko aipamenak, guztia nahasiz. Baina irakurketa zaildu ordez, are interesgarriagoa bihurtzen dute.
Eta abiada zoli honek hiri handietako bizimodua gogorarazten badu, pertsonaiak bertako biztanleen karikatura bizia ditugu. Zazie neskatoa, bere osaba Gabriel eta honen bizilagunekin elkartzen denean, irakurleak zalantzan jar dezake haurra heldua den bere adinerako ala besteak diren oraindik haurrak. Bizitza honetan gertatzen direnak bezala, biak dira egia. Hau, egoera eta hizketa zeharo absurduen eta, ondorioz, barregarrien abiapuntu bihurtuko zaigu. Umorea ere barra-barra baitu nobela honek.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi