kritiken hemeroteka

8.795 kritika

« | »

Soweton kondatuak / Ellen Kuzwayo (Aintzane Ibartzabal) / Txalaparta, 1996

Harriduraz diot Edorta Jimenez / Euskaldunon Egunkaria, 1996-11-09

Ahozko literaturaren oihartzuna dakarkigu Ellen Kuzwayok sinatzen duen Soweton kondatuak izeneko honek, kondatu aditzak baten batek idazleari kondairak esan eta honek jaso egin dituela ematen baitu. Alabaina, denok dakiguna da, eta batez ere Euskal Herrian euskaraz irakurri ohi dugunok dakiguna da, kondalariaren hitzak ez direla ia inoiz ere euren horretan jaso izaten, ezen biltzaileak berak literatura, etika, estetika edo beste edozein sustantiboren menpeko hastapenek agintzen omen dizkionak jarri izaten baititu bitarteko. Jakina, biltzailea bere antropologoa izan ezean hori guztia.

Liburu hau irakurtzean Ellen Kuzwayo bera antropologo zereginetan sartu izan ote den egon naiz, ene zalantzari irtenbiderik eman ezinean, egon ere. Hemengoak “beltzen Hego Afrika”-ri buruz dira, kakotxen artean jarri ditudanak egileak berak erabiltzen duen hitz multzoa izanik. Bada, Hego Afrikako errealitateaz ezer gutxi dakit nik eta, egilea bera ere ez dut orain arte ezaguna izan eta, gatx egiten zait irakurri dudanaz iruzkin hoberik egitea irakurtzen ari zaren hau berau baino. Hala bada, liburua irakurtzean izan dudan lehen bihozkada azalduko dut hemen.

Liburuari eutsi nionean, adineko emakume hegoafrikar batek idatzia zela jakiteak eragiten zidan jakingurak akuilaturik, ustegabean hartu ninduen idazkerari darion zintzotasun kutsuak, ia-ia naif izatera iristen dena bera. Zer esanik ez, naiftasun horrek gordindurik gagozen mendebaldar orojakile buruiritziok igarri uste duguna da eta, izan ere, agian ez da besterik didaktismoa baino, hots, idazleak bera baino maila apalagoko herkideei helarazi gura dien mezuak eskatzen duen teknika. Dena dela, eta didaktismoarena oraingoz alde batera utzita, Soweton Ellen Kuzwayori kondatu bide dizkioten hauek gure amamaren kondatzeko moduak ekarri dizkidate gogora. Istorioak berez doazela dirudi, ez du ematen literatur artifizioetan ahalegin berezirik egiten duenik idazleak berak, baina azkenean literatur lana, edo tradizio ondo zainduaren eragina, bata nahiz bestea, hortxe dela nabaria da.

Gurean ohikoa ez den liburu-mota baten aurrean egoteak jokoz kanpo uzten nauelako sentsazioarekin egin dut aurrera irakurketan, naiftasuna?, antrolologia-testigantzak?, didaktismoak?, halako hausnarketei noiz eutsi eta noiz utzi, prosaren soiltasunak eta sotiltasunak, eta istorioen berezko amamatasunak, kulunkaturik. Tarteka, hedabideetan Afrikak berriro ere lehen planarako bide odoltsua egin duela etorri izan zait gogora, eta horrek halako liburu asko irakurri beharko ditugula pentsarazi dit, ezer gutxi baita hangoaz dakiguna, ahaztu gabe Afrika anitza dela, eta liburu honetakoak Sowetori buruzkoak baino ez direla. Baina Txalaparta argitaletxeak gure eskuetan jarri duen liburu berezi hau ez da, nik uste, kontinente zaurituari hurreratzeko biderik okerrena, ez. Harriduraz diot.

Azken kritikak

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak