kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Auskalo, Luk / Luis Haranburu-Altuna / Elkar, 1995

Inpertsonalitateaz eta antiheroiez Xabier Aldai / Euskaldunon Egunkaria, 1996-09-21

Liburu arin baten aurrean gaude, arrats euritsu bitan irakurtzeko modukoa, atsegin izan ala ez, amaiera arte ezin bazter daitezkeen horietarikoa baita honako hau. Irakurlerik egingo bada, honelako liburuak, era horretako liburu irakurterrazak beharrezkoak direla defendatzen dutenetarikoa naiz. Zilegi da ordea irakurtzerakoan denborapasa hutsa baino zerbait gehiago bilatzea ere. Berez elkarren aurka ez dauden baina horrela ulertzen ditugun bi mutur hauen arteko oreka lortzea zaila da, baina arreta guztia mutur bati eskainiz gero besteari muzin eginez liburu inpertsonalean erortzeko arriskutan gaude. Kontakizun eskasa eta gaizki kontatutako istorioa baino txarragoa da oraindik kontakizun inpertsonal batean erortzea, egunotan goizean jaiki eta ortzemugan ikus dezakegun behe laino finen tankerako gertakari hutsalen kontakizunean.

Urrutitik bada ere, hasiera batean Bret Easton Ellis estatubatuarraren (euskarara itzulitako haren libururik nik behintzat ez dut ezagutzen, baina besteak beste, gazteleraz irakur daitezkeen Menos que cero eta American Psycho liburuen autorea da bera) eleberrien oihartzunak antzeman ditut Luis Haranburu-Altunak sinatutako orriotan. Estatubatuarrari ezagutzen dizkiodan bost nobeletan, ordea —guztira sei kaleratuta dituela uste dudan arren—, kontakizuna beti ere berdina da, pasadizoak ere bai, eta apur bat arriskatzen uzten badidazue, amaierak ere antzekoak direla esango dizuet. Bere gizarteko goi mailako gazteriaren bizitzak ditu kontagai: sexua bere zabaltasun osoan erakusgai den igerilekuetako festak, markako arropak, auto garestiak, sortu diren droga mota guztietako salmenta eta kontsumizioak, guztiaren jabe izan arren hutsik eta ustel sentitzen diren aitaren semetxo malerusak. Liburu honetan, harilko berberaren hiru laurdenak datoz: betirako gazte izan nahi lukeen 47 urteko Luk eta bere seme Xuk-en pasadizo eta gogoetak. Izan ere, hitzez behintzat, Luk konstruktore aberats bat da, negozio gizon bikaina udaletxeko zenbait politikari boteredunekin dituen harreman onei esker, sukaldari aparta, jaki eta edarietan aditua, kokainazalea, lagun artera bildu eta mihi zorrotz bezain dotorez gailentzen dena sorturiko ika-mika guztietan, eta besterik izan ez zitekeen moduan, bere alaba baino hiru urte zaharragoa den 22 urteko maitale bat dauka; emazteak beste batekin aldegin eta orain Ibizan bizi delako, era guztietako luxuz inguratua noski.

Luk —Lukasen laburkera— Donostian bizi da bere gizarte mailari ohore dagion etxean Xuk —Jesus Mariren laburkera, eta askogatik liburuko ariketarik orijinalena— semearekin batera. Semea ordea ez da aitaren ezpal berekoa, eta horrek teorian nolabaiteko kontrapuntu bat eskaini behar luke belaunaldi ezberdinetako bi norbanako hauen artean. Aita politikan bustitzen ez den bitartean, semea organizazioaren ingurumarietako jendearekin harremanetan aurkitzen da, eta bertako emakumezko kide bat Puerto de Santa Mariara eramaten du azkenik ikustaldi singlea baino ez den ekintza politiko bat burutzera. Den-dena kontatzen hasita, bidaiaren pasadizo hau behin eta berriro irakurri dudala aitortuko dizuet, eta oraindik ez diodala ez bururik ez hankarik aurkitu, orriak betetzea ez den beste helbururik baldin badu behintzat. “Nik ere parte hartu nahi diat borrokan” hitzekin hasten da atal hori eta, amaitu, bide bazterreko putetxe batean amaitzen. Tartean arestian aipatutako kartzela ikustaldia eta gustu oneko hainbat jatetxetan egindako oturuntzak.

Pertsonaiekin jarraituz, Ana, Luk-en maitalea datorkigu hirugarrenik. Prostituta ohia da Ana, eta Madrilen bizi da Luk-ek emandako kreditu txartelaren kontura, eta segituan nabarmentzen da Madrilen izanen duela beste amoranterik. Bitxia benetan liburuan agertzen diren emakumeek duten estatusa: Luk-enean zerbitzari lan egiten duen emaztearen ustezko espia, aipatu dugun Ana, kartzelako ikustaldiari amaierako puntua ipintzen dion Ana errepide ondoko etxemaiteko brasildar dantzaria, Elena, orain literaturan modan dagoen organizazioa bezala ezagutzen den erakundearen aktibista leloa, izaerarik gabekoa, hutsala baina ideologia politikoaz gain beste nonbaitetik ere Xuk-en laguna den Xebe ondoegi heldua duena, Karmen, hogei urte eskasekin, entzun ondo, hogei urte eskasekin mila milioi mugitzen dituen negozio gizonaren idazkari liraina, Ines, euskal etxeez eta dirudienez txoriburuz ere jakintsua den emazte ohia eta azkenik gisa honetako liburuek, behin eta berriro, aurrez idatzitako gidoia jarraituz bezala, amaierarako behar izaten duten biktima; eta hau ez da Luk-en alaba Fani baino. Gutxiago ezin izan zitekeen bezala, Fani beste mundu arras ezberdinean bizi da, Bilbon hain zuzen ere, aitak hilero luzatzen dion dirutzaren lepotik. Noski, gurasoak ez dira arduratzen Gabonak non igarotzen dituen ala ez, ez eta zer ikasketa burutzen ari den. Xuk-ek izan ezik beste inork ez du berarekin hitz egiten. Eta sarritan ikusi, entzun eta irakurri izan dugun bezala, alabak susmo txarreko jendailaren lagunartea du atsegin: tximaluzeak, punkiak… horrela definitzen ditu behintzat PNVren botoemaile zintzo batek. Honetaz gain, heroinazalea da Fani, eta beraz, Luk-ek bere buruaz gupida senti dezan estakuru ezin hobea. Luk hau antiheroi modernoaren irudi bezala agertzen digun liburuaz, azken muturreraino deskribaturiko abentura sexualez gain, zerbait gehiago eta egonkorragoa itxaron zitekeela deritzot.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak