« Heriorekin jolasean | Zubigintza »
Besteen ametsak / John Irving / Txalaparta, 1996
Denon ametsak Edorta Jimenez / Euskaldunon Egunkaria, 1996-09-14
Besteen ametsak izeneko honen bidez Txalaparta argitaletxeak John Irving idazle estatubatuarraren sei ipuin ekarri dizkigu, Idoia Gilleneak euskaratuak, hain zuzen. Ezer baino lehen, eta Eduardo Mataukok itzuli eta Susa etxeak argitaratu zigun Autoa izeneko harekin gertatu zena gerta ez dadin helburu, hots, liburu on bat ia oharkabean igarotzea gure begien aurre-aurrean, ekin diot iruzkin hau idazteari, esanez, hasteko, hemengo ipuinak gazteleraz argitaratu gabeak direla, harako liburu hura zen bezala. Eta ez diot hau, ez, ezaugarri hori berez ezeren berma delako edo ez delako, zer itzuli eta euskaratu gabe bazterrean zer utzi guk geuk erabaki beharko genukeela aldarrikatu nahiz baizik, auzoan zer egiten duten alde batera utzita gure literaturak bere funtzionamendu autonomoa izanen lukeelakoan bainago. Noan harira baina.
Besteen ametsak izeneko liburu honetan bildu diren sei ipuinetako lehenak, Piggy Sneed salbatu nahiean, idazlearen beraren autobiografiarako ohar miragarria dirudi. John Irvingek idazteko grina nola sortu zitzaion kondatzen digu, itxuraz beste ipuin bat kondatzen ari zaigula ematen duelarik. Teknika hau, alegia, istorio bat baino gehiago aldi berean eta elkar-tartekaz harilkatzearena, behin baino gehiagotan agertuko zaigu liburuan barrena, egiteko modu honen goren gradua, ene ustez, Barne espazioa izenekoan iritsi badu ere egileak.
Barne espazioa izeneko ipuinak berak mereziko luke, besterik gabe, liburuari ekitea, nekez idoro ahal da-eta sexua eta itxurakeriaren arteko uztarketa zuriaren kritika mingots eta zorrotzagorik, idazlea hasieran gai baten gainean mintzatu eta gero beste zerbaitetaz diharduela ohartzen garelarik. Liburuko bigarrena den ipuin horretan ja argi ageri dugu John Irvingek ikuspuntu ezohikoak bilatzeko egiten duen ahaleginaren jitea. Hurrengoan, aldiz, ikuspuntu aldaketa horrek bere hoberena ematen digu, balizko irakurleari hemen kondatu ez diogun teknikaren bidez, eman ere. Kasik Iowan du izena hirugarren ipuinak.
Behin liburuko ipuin horretara ailegaturik, Irvingen irudimenak surrealismoan edo —norberak erabaki beza hori zer den— errealismo magikoaren uretan egiten du igeri. Liburuari izena ematen dion Besteen ametsak hunkigarria, biribila eta goi mailakoa da. Lirikotasun aire bat dario ipuinari, lirika-zain hori gailurrera Gillpazer pentsioa izenekoan iristen bada ere. Bitartean, beste bi ipuin gehiago ere badira liburu sendo honetan. Horietako bat, Erresuma nekatua izenekoa hain zuzen, giza psikologiaren azpi-sakonetan miatzeko ahalegin delikatu eta amoltsua da, beti ere lirikotasun ukitu batez burutuz ahalegin hori.
Hitz bitan esateko, liburu ederra, Estatu Batuetan egun egiten den literaturaz gozatzeko aukeran jarri zaiguna, nola-eta maizegi bitartekariaren lana egiten duten espainierazko argitalpen arrakastatsuen “itzul bedi” hori gabe datorkiguna.
Hetero
Uxue Alberdi
Irati Majuelo
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Amaia Alvarez Uria
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Patxi Larrion
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez