kritiken hemeroteka

8.412 kritika

« | »

Coca-Cola bat zurekin / Beñat Sarasola / Susa, 2024

Fikzioa, Clioren lagun hurkoa Patxi Larrion / Geronimo de Uztariz, 2024-11-22

Udazkena zen. Nafarroako unibertsitate Publikoko Sario eraikinean ginen. Oholtzatik Pablo Antoñana Chasco mintzo zitzaigun: “Historialariak idazlearen irizpide subjektibo berberekin aukeratzen du materiala”. Ez zen probokazio bat. Geronimo de Uztariz Institutuak antolaturiko Nafarroa XXI. mendearen atarian historia biltzarrari akabera ematen ari zitzaion Antoñana. Hitzaldiaren izenburua: Navarra. Un ocaso proyectado.

Orduko hartan, historiaren zientifikotasuna zalantzan jartzea baino, literaturaren goratzea kausitu nuen Vianakoaren esaldian. Literaturak iragana berritzean duen balioa marrazten hasi zen. Historia eta literatura, biak ala biak, beharrezkoak zaizkigu aberri arrotza den iraganaz aritzeko tenorean. Pablo zenaren esaldi hura akordura heldu zait, Beñat Sarasola Santamariaren Coca-cola bat zurekin eleberria eskuartean dudalarik.

Hau da liburuaren kontrazaleko testua:

“Frank O’Hara poetak zuzendutako lehen erakusketaren pase berezia New Yorken. 1960ko uda. Espainiako pintura eta eskultura berriaren lagin on bat biltzea da ideia, eta hautagaien artean daude nazioartean sona hartzen ari diren Oteiza eta Chillida izeneko artista bi ere. Artea erregimen frankista zuritzeko baliatu ez dadin adi daude, aldiz, beste zenbait. Eta, bitartean, O’Harak, lanak lan, Vincent Warren dantzari eta maitalearengan jarrita du bere gogo biziena.

“New York, Madril, Irun, Montevideo, Donostia, Miarritze. John Ashbery, Grace Hartigan, Luis Gonzalez Robles, Antoni Tapies, Diane di Prima, Ramos ahizpak. Iragan mendearen erdialdea igaro berritan, AEBetako eta Europako kultur mundua astindu zuten dozenaka izen sartu-irtenean dabiltza kontakizun honetan, argiaren —hala itsasertzeko egun batena, nola etxeorratzen bitarteetakoa—, minduraren eta begirada ironiko bezain alai baten artetik. O’Hararen poemetan gertatzen den bezalatsu, hain justu. Haietako bati zor dio izena Beñat Sarasolaren bigarren nobelak”.

Hori eta puskaz gehiago duzu liburua. Idazleak aitortu duenez, hasieran entsegu akademiko bat zeukan buruan. Alta bada, egilea ez zen laketzen unibertsitatean darabilten hitz lau zurrunean. Ikerketa egina zuen, ez alferrik bi egonaldi igaroak zituen Ameriketan, saiakera helburu; eta horrez gain, han eta hemen, ezin konta ahala paper mugitua zuen ordurako. Ataka hartara iritsirik, nobela bat idaztera deliberatu zen. Ikerketari, entseguari fikzioaren jantzia eskainiko zion. Cliori ez zaio damutu erabaki hori hartu izana.

Eleberriaren egitura ez da erraza, betiere agiriek (egunkariek, eskutitzek, arte kritikek, oharrek eta beste) gidatzen gaituzte, eta era berean kontakizuna zedarritzen dute. Narrazioan gertatu joan-jinak ez dira estakuru, norberak hari kronologikoa osa dezan.

Hori guzti hori eta haboro duzu eskuartean dugun nobela. Sarasolaren estreinako Deklaratzekorik ez hartan, Saizarbitoriaren eta Canoren kontatzeko manera, Easoko estiloa deitu izan den hori sentimentatzen hasia zela genion. Bada, sentimentatze hori frogatzera datoz Coca-Cola bat zurekin eleberriko pasarte ez gutxi. Hori bai, estiloari gagozkiolarik, ez dugu ahaztu behar ikerketa bat dela aurrean duguna, fikzioaren mozorro pean, baina ikerketa bat azken batean, hau da, erabilitako agiriek munta handia dute idazkeran, estiloan. Konparazio batera, O’Hararen Spanish Diary kaiera antzeman daiteke Sarasolak darabilen prosan. Poetaren egunkariak narrazioaren tonua eskaintzen dio, eta hori ere txeraz baliatzen du Sarasolak, ustezko fikzioa xede.

Badakit historia aldizkari batendako idazten ari naizela. Baina ezin aipatu gabe utzi, kontatu eta erakustearen, agertu eta iradokitzearen arteko oreka kontakizunean. Halaber, ezin ahantzi, saiakera ere badela begien aurrean duguna. Ene aburuz, oreka horren lekuko dira elkarrizketen jantziz mozorroturiko monologoak. Bakarrizketak tresna egokiak baitira entsegu batean esaten direnak beste era batera emateko eta, era berean, esan ezin direnak agertzeko, hots, B aldea, gertakarien barneak, inoiz erraiak agerian uzteko xedearekin, edota erraiak zein ziren iradoki nahian. Esaterako, Oteizak 1960an Montevideon bizitutakoak agertzeko asmoz, Marta Jauregiren monologoa baliatzen du. Pasarte horretan Oteizaren indarra gorpuzten da, Enbilen enbeia deitu izan dena nonahi da ageri. Telurikoa edo kosmikoa izan, enbeia hori ere gure historia da. Gure historia diren bezala Chillida-Oteiza harremanaren ingurukoak. Horren ezagunak ez diren pasadizoak bildu ditu kontakizunak, eta horien leitzeak garaia entelegatzen laguntzen digu.

Historialariaren jarduna sensu estrictu harturik, frankismoaren zenbait sektorek, 50eko hamarkadaren akaberan, artea baliaturik saiatu zuten irekitzea eta nazioarteko homologazio nahia begitantzen zaizkit interesgarrienak. Hor ere erreferentzia andana eta zenbait gogoeta garrantzitsu eskaintzen dizkigu Sarasolak. Erantzunak eskaini ordez, galderak pausatzen ditu maiz, etorkizunean galdera egokiagoak egin ditzagun, galdegaiaren eremua zedarritu dezagun.

Literatura lehen mailako tresna da garai bateko soziologia ulertzeko tenorean. Konparazio batera, Miguel Sanchez-Ostizen lanak osotoro mesedegarriak gertatzen zaizkigu, azken bost hamarkadetako jardun historikoa ulertu nahi badugu. Menturaz, iragana aztergaia denean, soziologia bera baino tresna baliagarriagoa gerta daiteke literatura. Nago ez ote duen Sarasolak koloreztatu Antoñanaren Sarioko hitzaldian marrazketa hutsa zena. Fikzioaren bitartez ere azter dezagun historia. Izan ere, Fikzioa ez zaio arrotza Cliori.

Azken kritikak

Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray

Asier Urkiza

Idazketa labana bat da
Annie Ernaux

Nagore Fernandez

Bisita
Mikel Pagadi

Jon Jimenez

Hamlet
William Shakespeare

Aritz Galarraga

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon

Hasier Rekondo

Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria

Jon Martin-Etxebeste

Dimisioa
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Hetero
Uxue Alberdi

Irati Majuelo

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Amaia Alvarez Uria

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Patxi Larrion

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

Hedabideak