kritiken hemeroteka

8.412 kritika

« | »

Galbahea / Gotzon Barandiaran / Susa, 2024

Baiki, euskalduntasunak galbahea behar du Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2024-11-14

a/ Hiru data abiaburuan: 1974, Larrabetzu —idazlearen sortegunekoa—. 2004, Arrakalak —idazlea plazaratu zenekoa—. 2024, Galbahea —azken lanarena—. Lehen eta azken liburuak poemetan emanak. Artean, nobela saiakera eta antzerkia landu ditu. Ez ditut denak irakurri. Nire galtzerako. Idazlea da. Kulturgile. Kultura eragilea.

b/ Beste data zenbait: 1944, Bego Arteaga Artetxe. Poeta honen ama. Gabriel Aresti Segurola poeta hil (1933-1975) eta urte betera jaio zen Gotzon Barandiaran. Ama eta poeta belaunaldi-kideak izaki.

Bidez bide

c/ Bizitza sufrimendua da. Engainua. Desengainua. Bizitzari bizirik atxikitzen gatzaizkio unean uneko pozei esker. Aldian aldiko alaitasun pintzek argitzen digute bizibidea. Literatura —poesia kasuon— printza-sorta dugu. Alta bada, ez gaitezen engaina —desengaina zaitez—, literaturak pozaz beste, zer pentsatu eman behar digu.

d/ Bizitza, gure bizitza —europar zuri hegemonikoarena, euskaldunona barne—, jaiotza, politika, ideologia, erlijioa edota heriotzak zedarrituta dago. Horien barnean, Galbahea liburura mugatu aldera: herria, nazioa, migrazioa, maitasuna, feminismoa edota ekologia gaiak daude. Horiek guztiek harilkatzen dituzte liburu honetako poemak. Horiek, euren lemak eta demak barne. “Euskal gatazka” deritzoguna, berbarako.

e) Gure gatazka: euskalduntasunarena, euskal ezintasunarena. Liburuan, oroz gaineko tema. Tema zenbaitetan antzua, sikua, idorra. Tamalez. Halabeharrez. Poema liburu honek belaunaldi zenbaiten ibilerak pasa ditu galbahetik. Gure akzioak, gure ekintza odolbatuak. Galbahea —izan— garenaren memoria lantzeko/urratzeko pentsamendu-printza-sorta duzu.

Anartean

f) Literatura izendatu aitzin, antzin-antzina, poesia deitu ei zitzaion berben jarduerari. Aro modernoan, hor nonbait, estetika hitza erantsi bide zitzaion jardunari. Literatura, bidez bide, ekinaren ekinez, arte espresio osatuago baten arrazoibidea da, hor nonbait hori ere. Liburu honek badu berezko estetika. Kasurako: berba guztiak minuskulaz idatzita daude. Salbuespen bakarra Bego izena duzu. Poemek ez dute izenbururik. Izenburu bakarra Galbahea duzu. Bat eta orotarakoa. Ez dago punturik, ez komarik. Kurtsibak dituzu salbuespen.

g) Amaren hitzak kurtsibaz datoz, kasu: bizi zara, semetxue? Bizi zara? Zuri eskerrak ama —poetaren arrapostua barne—. Edota geldi zauz neuk eingot. Badira kurtsiba gehiago, haatik: Gabriel Aresti poetaren Harri eta herri liburuaren izenburua eta liburua hau berau ixten duten azken bi lerroak: maluren eztigarri musika da berez / lo eginen duzue baina ametsik ez.

Oharra: liburuaren esentzia dukezu. Epitafio latza!

h) Poema-bilduma honek Bego Arteagaren eta Gabriel Arestiren belaunaldikoen eta azken belaunaldikoen kontzientziak inarrosten ditu, tartekoenak barne, noski. Larrabetzuko poetak —poeta honek— gure iraganaren ibilerak arakatu ditu, baita berbez harilkatu ere gure urratsak. Harilkatu eta estekatu. Amaren bizitza orratz zorrotza izaki —belaunaldi horietako gutiz gehieneko amarenak legetxe, naski—. Orratz horrek harilkatzen ditu poema hauen bizitasuna. Gure bizitzaren bizia.

i) Honatx poetaren itaun-ziztada batzuk: Harri eta Herri liburua anakronikoa dugu, hala nola borroka, langilea eta justizia hitzak anakronikoak ere. Nora begira bizi izan gara urteotan guztietan? Poetaren itauna harlauza duzu, harri latza eta herri lotsa. Badugu zertaz gorritu. Lotsaz gorritu ere. Gorriak, bertzeak bertze.

j) Badaude kurtsiba gehiago ere, arrunt kurtsiak hauek: thank you esaten digute thank you my friend. Esaten digute, esaten diogu elkarri.

Bien bitartean

k) (Gure) amen baloreak —maitasuna eta begirunea— joan dira. Gaur egungo iraultzaileenak balore berberak ote? Hala ote dio poetak. Galdetzen diat dut diot. Poeta artean idealismoan ari ote? Nire itaunak dituzu. Iraultzaileen maitemin ustelak / eguzkitan biziberritzekoak —kurtsibak nireak dira, berbak poetarenak—.

l) Nago, poetaren amaren jarduera-moldeak berak eginak izan ote garen. Gizonezkook alegia. Egungo feminismoaren jardueraren eragile ote den. Amen jarduera diot. Galdetu barik, nire burua itauntzen dut.

Oharra: ohargarria egin zait poetaren aitaren absentzia.

m) Baiki, galbahea egin behar dugu, bizitzaren zentzua berreskuratuko badugu. Hamaika bizi esperientzia asumitzeko. Gure sumina eztitzeko. Galbahea poema liburua leitu eta interpretatzea lagungarria dukegu gure izana sustatzeko, izan gura duguna akuilatzeko. Galbahearen gisako literatura lantzeko. Izenak izana du.

Mina eta dolua

n) Eiki, bakean biziko bagara, euren mina ezin da gurea izan, ez lagun etsaiena, ez burkide areriorena, ez belaunaldi bereko eta bestelakoena. Ez gara dena ahazteko nahiko biziko. Alabaina, datozen belaunaldikoak —gure seme-alabak ilobak bilobak— biziko dira. Biziko al dute, baina?

ñ) Iraganeko orakuluak alboan laga eta oraleku berriak eskaini dizkigu poetak: oraleku herabeak izanagatik oraleku duinak eskaini ere.

o) Berrirakurketan aitzina egin ahala, kurtsiba nagusia berreskuratu dut: belaunaldia. Hitz gakoa. Gure bizitza ulertzeko gako-orratza, ezinbestekoa. Bizitza gakotu gabe biziko bagara, baitezpadakoa. Belaunaldia: berealdikoa duzu poema-bilduma honen gako-orratzak endelegatzeko.

p) Kurtsiba gehiago, sinonimoen hiztegiaren gizaldi jende-mende leinu ondorengo garela konpreni dezagun. Aro berria edo aldaketa historikoa edota ziklo politikoa hitzen adierak iraganeko corpus batenak direlakoan. Izan ere, zuzen bizi ginelakoan oker ginen, naski. Okerrak xerkatzea ez ote bizitza zuzentzeko abiapuntua? Baiki eta eiki, okerrak zuzentzea geroago heldu izaten da. Guk zuzendu ezean gure ondorengoek zuzenduko duten esperantzan ari da poeta. Poeta idealista betiere: den-dena dugu irabazteko / hortxe nire abiapuntua —azken puntua nirea duzu— [.]

q) Euskaldunaren izanak galbahetik pasa beharra dauka. Galbaheak euskalduntasuna iragazi behar du. Euskaldunok —euskal hiztun saiatuok— Galbahea honetatik pasatzea gomendagarria da oso. Euskaldunok badugu zer iragazterik, hots.

Gure oroitzapenak: oroimenak oroiminak oroitzak eta penak

r) Herriak ez du barkatuko, liburu baten izena da. Liburu honetan titulu hori ez dator kurtsibaz. Herriak ez du barkatuko herri baten izana da. Herriak —nire aburuz— ez du deus barkatu behar. Herriak ez du zertaz damutu. Iraultza herritarrok egin behar dugu, gure burua irauliz, herria uzkaili barik, geure burua irauli burua eraldatzeko: triku honi ez zaizkio arantzak barrurantz itzuli / fakir bihurtu da sagarroia [.]

s) Baiki, arrazoi zuten. Gu tronpatu ginen. Kontua orain, haiek zein diren zehaztea da. Gu subjektua ezagutzen dugu, haiek subjektua artean ez. Inork ez du herria okertu. Herria zuzen zer den ezagutzea laguntzen ote? Bai uste.

t) iraultzarako orea / diru azpian gordea / politikaren labean datza / izoztua amorea […] lorategian asuna (bis) / zikinarentzat gatzuna / galtzaileak lizundu du / herriaren maitasuna / herriaren maitasuna / lorategian asuna.

Oharra: Barandiaran poetari Aresti ernatu zaio nonbait.

u) Baiki, hogei urte lehenago hasitakoak gaur egun ez du balio. Gure eskubide guztiak sakrifikatu ditugu. Hitz bezatuak berba maiztuak erabiltzen ditugu. Sarraskitik tragediara pasa gara. Historia eta galtzaileak adiskidetzerik bai?

v) noiz arte eta noraino itzuli / bihar arte eta atzoraino? / zeren esperoan dago gure herria / galdetu zuen poetak. Poetak itaundu gaitu ostera ere. Aresti behinola Larrabetzutik iragan ei zen. Bertan ote haren arima?

Amaia aldera

w) Gure amek igandero mezatarako janzten gintuzten. Esperantza ez da esperoan egotea haatik. Ez dezagun bidea atzerantz egin. Biharra atzo da. Egunero behin eta berriz nola bizi etorkizuna, ordea? Poetaren malurari itxaropen aire bat, nirea: etorkizuna beti heldu da, beti eginkizun.

x) Hau guztia, galbahe hau guztia, Galbahea osoa ere, gure amek endekapen batean bizi izan dute. Horregatik edo, ez ditugu behar beste zaindu, ez dugu merezi bezala jagon bizi gara.

y) (Gure) bakearen sinonimoa katamaloa da. Amaia Lasa poetak behinola alfabeto berri bat eskatu zuen eta halaxe egin du ere poeta honek. Baita halaxe eskatu ere iruzkingile iruzurti honek. Katamalo hitz sinonimoa iruzur-tegitik erauzi aldera betiere.

z) Porrota da bide bakarra. Ordea, zeregina dago franko hil nahi duenarentzat. Den-dena dugu irabazteko. Bizi izate soila garaipena da. Ezin dugu gure minari lurrik ematea nekezegia dela onartu. Gure amek ez ligukete hori ulertuko ez onartuko.

Post scriptum (kurtsibaz hau ere, kurtsi samarra)

Aitak zer dioen beha gelditzen nauk, poeta lagun horrek. Abezedarioa agortu zaidak. Hizki berri piloa asmatu beharko nikek. Eskura diagun herrian ikusten haut, kale arte zaharretan. Kale Nagusian ikusi ere.

Azken kritikak

Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray

Asier Urkiza

Idazketa labana bat da
Annie Ernaux

Nagore Fernandez

Bisita
Mikel Pagadi

Jon Jimenez

Hamlet
William Shakespeare

Aritz Galarraga

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon

Hasier Rekondo

Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria

Jon Martin-Etxebeste

Dimisioa
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Hetero
Uxue Alberdi

Irati Majuelo

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Amaia Alvarez Uria

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Patxi Larrion

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

Hedabideak