« Ezkutuko historia | The until now new complete Irastorza »
Beluna jazz / Harkaitz Cano / Susa, 1996
Jozak berriro, Sam Xabier Aldai / Euskaldunon Egunkaria, 1996-06-01
Uda garaian, Donostiako edo Gasteizko Jazzaldien berri ematerakoan, telebistan kontzertuetako irudiak eskaintzen dituztenean, inoiz ezin izan dut imajinatu neure burua horrelako ikuskizun batean, ez aspertu gabe behintzat. Eta hara nondik, poesia eta narrazioarekin bere balioaren berri emana zigun Harkaitz Canoren lehen liburua jazzaren munduan kokatzen den. Lehenik eta hehin, liburu hau idazterakoan irakurlea aintzat hartuta edo irakurlea oroimenean idatzitako liburu bakan horietakoa dela esango nuke, eta horregatik eskerrik beroenak luzatu egileari: zehatzak dira atalak, hari bat hartu edo lehenagotik zetorrenari heldu eta geltoki zehatz batera eramaten gaituztenak, laburrak orri kopuruz eta laburrak sortarazten direnak, irakurleaki atseden hartzea ere baimentzen diotenak.
Gainera, irakurlearen arreta hainbatetan gertatzen den legez hamabosgarren orrialdetik aurrera jarrai dezan, krimen bat azaltzen da hasieran, amaiera arte argituko ez den krimena. Ez da ordea nobela poliziakoa, fikzio hutsa dela esango nuke, ehuneko ehun entretenigarria gertatzeko prestatu den liburua, literatur ariketa arina, bizkorra. Julio Cortazarren garaietatik, lehenagotik ez balitz ere, jakin behar baikenuke literatura entretenigarria literatura onarekin ez dagoela haserreturik.
Bestalde, badu liburuak filmeek izaten duten zerbait hori: alegia, irudi poetikoak nagusi diren orriak erabat bisualak gertatzen dira, bisualitate hori ez delarik galtzen ezta nobelako pertsonaien intimitateak edo pentsamenduak ezagutzen ari garenean ere. Bestetik, erritmoa aipatu nahi nuke. Jazz doinuek duten erritmo bera ezarri nahian idatzita dago eleberria. Nahi soilik ez, lortu ere bai hein handi batean. Errepikapenetan zertzen den erritmoa (irratiko babesle bera, in the train through your eyes edo azkena ez da urdina bezalako esaldi sujerenteen erabilera etengabearekin…). Badu 40 eta 50eko hamarkadetako filme zaharretako night-club-etan agertzen diren jazz doinu zoroekin parekotasunik, garai haietako kantarien erreferentziak eta modernoagoenak etengabeak dira kontakizunean zehar, eta horrela doinu eta hitzen fusio zoro baten aurrean gaude, nobela ero baten aurrean, non gertakizunak abiadura bizian gertatzen diren —biziegian zenbaitetan nire irudiko, Bob Ieregiren ero bihurtze prozesua adibidez—, txit barregarriak beti.
Hasteko, lehen atalean ageri den hiriaren deskribapena dator: hiria disko bat bezala, diskoaren doinuetatik ematen digu autoreak hiriko bizitzaren berri. Bestalde, bigarren planuan geratzen diren pertsonaiek kontakizunari eleberri beltzaren ukitua eransten diote, baina ez ohiko eleberri beltzarena, nahiz eta bere molde topikoak izan —Nora erizainburuaren ematasun fatalean esate baterako— eta Bob Ieregi protagonistari faltan botatako hutsuneak betetzera datoz, askotan eurak bihurtuz protagonista nagusi eta ahaztezin: liburua amaitutakoan, umetatik ezagutu banitu bezala ditut Joe boxeolaria (noski, horrelako nobelek ez lukete duintasunik boxeolaririk gabe), ring-aren gainean zuen nagusitasuna joko zikinaren bidez ebatsi zion aurkariaren kontrako jokoaren berri jasotzeko irrikaz non-nahi telefono bila dabilen erraldoi inuxentea, Anatol best-seller egile bitxia eta Galileo eta bere dortoka maitagarria; baita guztiek bat egiten duten Alaska deritzon psikiatrikoa ere. Atalik barregarrienetakoa iruditu zait hau, hitz-joko hutsaletatik urrun geratzen den umore puntukoa, hain dira xelebreak egoiliarrak, hain da lortua eroetxearen deskribapena… Ahaztezinak gertatzen dira era berean Nikolas piano jolea eta Klara Miao maitalea. Erraz eta aise irteten zaizkio hitzak Canori —hogei urte eta jada lau liburu kaleratuak dituela ezin ahaztu—, abilezia berezia du hitz-jokoetarako eta ipuinetarako, eta irudimen argia, ohiko eleberriek bekatu egiten duten errealitate obsesibo eta tratatu filosofiko existentzialistetatik ihes. Horrela, pertsonaia bakoitzaren izaera abere baten irudiaz baliatuz azaltzen du egileak: katagorria, hiena,… eta beste hainbat deskribapenik ez, izen barik datoz, abere hutsak balira bezala.
Berriki autoreak berak esan duenez, protagonisten azalean sartu nahi izan zuen eleberria zertzerakoan, eta nire ustez, bere-berea duen estiloarekin lortu du helburu hori: horrela, pertsonaia bakoitzak istorio baten desenkusa dakar, pertsonaien harremanetatik beste horrenbeste, eta konturatu gabe panpin errusiarraren erraietan aurkitzen gara, kontakizunaren erro nagusitik desbideratzera doazela diruditen arren, bideari zuzen jarraitzen dioten beste hainbat kontakizunekin. Oso ezaguna eta gertukoa iruditu zait horrela musikari hilen bilduma edo museoa daitekeen Radio Paradiso, Susana Q, gau eta eguneko ahots bitxi eta maitagarria —orriak itzuli bitartean irratia piztuta nuela iruditzen zitzaidan— bere patrozinatzaile bitxiarekin, nahiz eta ez ulertu oso ondo Lennon-en heriotza non kokatu behar nuen istorioan, ezta hain giro surrealistan emanak datozen ametsak ere.
Beltzez jantzita datorren eleberrian, ametsen mundutik datozen hainbat testu surrealista poetiko —eta dotore— soberan leudekeela irudi dezakeen arren, amaieran argiago ikusiko du irakurleak ez daudela soberan pasarte horiek. Ukitu poetikoen adibideak emate aldera, amaiera aldean agertzen den eroetxeko zuhaitz bakarraren loratzearekin geratzen naiz: “Patioko zuhaitz bakarraren mendebaldeko adarretako hostoak hasi ziren gorritzen udazkenagatik. Edo ez (…) iheslari frustatuetako batek tunela egitean zuhaitzaren sustrairen kontra zauri bat egin eta mendebaldeko sustraia odolaz gorriturik geratu zelako baizik”. Krudela bezain ezustekoa den amaieran, hain zuzen ere, irakurle.
Twist
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Detaile xume bat
Adania Shibli
Jon Jimenez
Antzerkiaren labirintoan I
Ander Lipus
Amaia Alvarez Uria
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Maite Lopez Las Heras
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Jon Jimenez
Uztapide eta Xalbador
Pako Aristi
Mikel Asurmendi
Barkamena existituko balitz bezala
Mariana Travacio
Jon Jimenez
Monogamoak
Iñigo Astiz
Paloma Rodriguez-Miñambres
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Joxe Aldasoro
Lanbroa
Pello Lizarralde
Mikel Asurmendi
Sorginak, emaginak eta erizainak
Barbara Ehrenreich / Deirdre English
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Mikel Asurmendi
Gerezi-denbora
Montserrat Roig
Amaia Alvarez Uria
Presbiziak lagundu omen digu
Edu Zelaieta
Mikel Asurmendi