kritiken hemeroteka

8.573 kritika

« | »

Hausturak / Jokin Muñoz / Alberdania, 1995

“Bihar hilko haut”… Joakin Balentzia Tirapu / Euskaldunon Egunkaria, 1996-04-27

“Bihar hilko haut ilargia aterako denean / eta lehenengo txilipurtak bere hitza esanen didanean / bihar hilko haut goizargia baino lehenxeago / ohatzean izanen haizenean, ametsetan galduta / eta estaldura edo semen ezpainetan bezala izanen da / musu edo besarkada edo eskerronen antzera… / bihar hilko haut, eta barkamenik eskatuko dun / haragi lizun horregatik, sexu ilun horregatik…”

Halaxe dio Arrasaten (Mondragonen) bizi dugun Leopoldo Maria Panero erdal poetak Azken gizona olerki liburu urratzaile horretan. Eta zer ikusirik du honek Jokin Muñozen narrazio liburu horrekin (Hausturak, Alberdania argitaletxean argitaratuta)? Zera, nafar idazleak ongi taiutu duela bere poetikotasuna narrazio txukun eta eder horietan eta agian ikasi duela poesiarik ez dela jadanik leitzen (oraindik orain geratzen diren irakurle bakanen artean ere) eta horregatik sartu zaizkigu zenbait olerki narrazioen tartean.

Beste aldetik, eglleak ez du gordetzen zenbat erakartzen duen poemagintzak eta bere pasarte batean aipatzen du argi eta garbi: “Bizitzea gustuko duen idazleak ezinbestez poeta behar du izan. Kondentsazioaren legea besterik ez da, osabak behin esan zidan bezala, malko baten txikitasunean itsasorik handienean aurki ezin daitezkeen milaka altxor gordetzen dira-eta”. “Poesia ez zagok soil-soilik liburuetan”, dio arloteak. Eta parafraseatzen ahal dugu poesia, poetika, ez dagoela bakarrik olerkietan esate baterako.

Hausturak istorioa, liburuari izenburua ematen diona, seguraski hoberena da, eta motzena ere bai. Baina denek badute loturaren bat: trenak batez ere, burdinbidea (Castejoni buruzko antzemateren bat ote?, seguru baietz), Izurkiz herria, Ibaia (maiuskulaz beti), makaldia (txopera…), gerra (iragartzen ari den gerra, “gerra usaina zagok bazterretan”, eta gerraostea: “Baina ez ote dira haustura guztiak zerbaiten abiapuntu? Espreso hark zerbait erditu zuen egutera odoleztatu hartan. Izan ere, latzak, oso latzak izan ziren trenak oroipenez mukuru zetozen gerraosteko egun haiek”.

Haien artean lotura izan arren, desberdinak dira narrazio hauek. Adibidez, Barrutik, istorio luzeena, eleberri bat da eta erakusten du, hotz eta txukun, nola posible den dekoratu huts batean oinarrituta hausturarik gabeko narrazio bat eraikitzea: hau da, gertatu gertatzen dira zenbait gauza, estazioko kantina dugu protagonista, trenak etortzen diren bitartean, putak ere bai (baina hauek ez dira “Apokalipsiko Puta Handia, errautsa eta horregatik errauskina ere dena, esperoan dago, eskale baten antzera, nire narrazioaren oinetan” —Panerok atzera dio—), sexurik gabeko putak omen dira hauek; eliza erretzen dute, sindikatua dator herrira… baina denbora aitzinera doa kantinan, basoerdika, hitz-aspertuetan dagoen jende arruntarentzat (mozkortiak ere ez dituen kantina-dekoratu horretan; gero datorren poeman, bai, agertzen da “mozkortien marmarra”).

Azken bisita narrazioa beste eleberri bat izan liteke: non literatura goraipatzen den eta arlotearen bizimodua eta bere hausturak nabarmentzen diren, biziaren erdia estazioetan eta beste erdia tabernetan eman duena, berriro jaiotzea erabaki duena, patuak emaniko bidea baztertu eta berri bati ekinez, baina “gutxik egin zezaketek horrelakorik, hausturak beti mingarriak direlako, latzak, eta horretaz gainera ausart batzuen pribilejioa”.

Muñoz, bere jaioterritik aldenduta, itzuli da Nafarroara euskararekin batera eta bere lehenbiziko liburu honekin agertzen da euskal literaturan sendo, seguru, poetikoa ere, alde guztietatik ikusita. Eta erran dezakegu bere literaturgintza ez dela bat ere promesa bat: garaipen behatzen seinale hori egin lezake egileak, kableak moztuz gero edo, buruaren eta bihotzaren arteko burruka iraunkorra zenbait denbora zatiren eta eguneroko bizimoduren bidez ederki deskribatu eta gero. Baina hondarrean geratzen gara narratzaileak aipatzen duen aitaren erretolikaren parte batekin: “Bihotza bizirik irauteko baino ez da-eta” alegia. Ongi etorria.

Azken kritikak

Lakioa
Josu Goikoetxea

Irati Majuelo

Poesia guztia
Safo

Aritz Galarraga

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Maddi Galdos Areta

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Hasier Rekondo

Akabo
Laura Mintegi

Jon Jimenez

Akabo
Laura Mintegi

Asier Urkiza

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya

Nagore Fernandez

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Kuntzak eta kerak
Sara Uribe-Etxeberria

Jon Martin-Etxebeste

Hitzetik ortzira
Ana Urkiza

Mikel Asurmendi

Askatasun haizea
Javier Buces

Irati Majuelo

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Ibon Egaña

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Aiora Sampedro

Meditazioak
John Donne

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

Hedabideak