kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Kontu zaharrak / Joxe Arratibel / Erein, 1995

Altxor txiki bat Xabier Etxaniz / Euskaldunon Egunkaria, 1996-04-13

1980an liburu zahar bat argitaratu zen euskaraz, Joxe Arratibelek idatzitako Kontu zaarrak. Berrogeita hamar urte lehenago entzundako moduan idatzi zituen ipuin horiek Arratibelek, eta alde horretatik liburua zaharra zen, erromantizismoaren garaira eramaten baikintuen, supazterreko kontakizunetara, sutondoaren inguruan argirik gabe ipuinak entzuten ziren garaira.

Baina zaharra izanik liburu berezia zen, altxor txiki bat, gure kultura eta gure ohituren zati bat ateratzen baitzuen argira. Inguruko herrialdeetako tradizioari, kontakizunei, literaturari, kasu eginda gurea bazterturik, ezkutaturik zegoen eta Arratibelek, zati txiki bat behintzat, plazaratu egin zuen Kontu zaarrak liburua argitaratzean.

Ziur naiz bat baino gehiago harrituko dela Mari Xor ipuina irakurtzean, Grimm anaien Marierrauzkin ezagunaren parean euskarazko aldaera hori ikustean. Edo Txerri Beltza; Etsai zaharra eta sagarra eta beste ipuin batzuen maila ikustean. Ziur naiz bat baino gehiago harrituko dela Lapurren leizea ipuinean Ali Baba haren antza aurkitzean, eta abar. Zoritxarrez horrelako gertaerek harritu egiten gaituzte ez dugulako gure kultura ezagutzen, bertan ditugun altxorrak bazterturik ditugulako. Alde horretatik pozgarria da Erein argitaletxeak, eta Miel Anjel Elustondok egin duten lana liburu hau berrargitaratzeko, eta euskara batuan.

Ipuinetan nolabaiteko mezua nabaritu arren, mezu erlijiosoa zenbait kasutan, Ama Birjinak Mari Xorri laguntzen dionean, esate baterako; mezu soziala gizartearen banaketan erregeak goian izatean, eta abar, horrelako ipuinetan agertzen diren mezuak azaldu arren, gizarte aldaketak eta denbora aldetik dagoen tarteak gutxitu, murriztu egiten dute mezuaren eragina… eta era berean indartu ipuinen balio estetikoa. Hori bai, ipuinek beren gordintasuna dute, bukaera bortitzekin, sutan erretako sorginak…

Liburuan dauden 22 ipuinen artean badira desoreka nabarmenak, Aralargo txabola gertaera batetik dago hurbilago ipuin tradizional batetik baino, baina Txerri Beltza oso biribila da antzinako ipuinen egiturari dagokionez. Badira ere kanpoko ipuinen antza dutenak, eta ez arestian aipatutako ipuin ezagun horiekin bakarrik; Pernandoren zorrak edo Morroi azkar bat ipuinen Txinako aldaerak aurki daitezke Berdez jantzitako neska liburuan.

Joxe Arratibelek Bilboko egunkari batean zioen bezala, ipuinen helburua denbora ematea da, hots, entretenitzea. Eta Kontu zaharrak liburuan agertzen diren hauek berehala harrapatzen dute irakurlea, edo entzulea, irakurtzeko bezala kontatzeko ere oso aproposak baitira. Beste alde batetik, Antton Olariagak egindako irudi bizi, egoki eta errealistek aparteko indarra eman diote testuari, kontakizunetako giroarekin, antzinako giro horrekin bat eginik.

Nire ustez, Grimm, Andersen edo Perraulten ipuinen ondoan Arratibelen kontu hauek egon beharko lukete, etxean edo eskolan edo delakoan.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak