kritiken hemeroteka

8.795 kritika

« | »

Katebegi galdua / Jon Alonso / Susa, 1995

Apustu gogorra Edorta Jimenez / Euskaldunon Egunkaria, 1996-02-24

Durangoko Azokan aurkeztu ziren liburuen artean Katebegi galdua Jon Alonsoren elaberria gailentzen da, ene uste apalean. Argi utzi nahi dut, hasiera-hasieratik, han argitaratu ziren liburu guztiak, literaturaren arlokoak, ez ditudala irakurri, horraitio.

Jon Alonsok Nafarroako Parlamentuan egiten du lan, itzultzaile, normalean euskarara itzultzen duelarik, alderantzizkoa inon egiten bada Zeruan izan behar baita hori. Bada, erdaldun batek baino gehiagok liburu honen edukiaren berri jakingo balu, berehala espainieraz eman liezaioten eskatuko luke, zalantzarik gabe, ziri sorta planta sartu baitu, han hemenka, idazle nafarrak, Foru Lurraldean diren handi-mandiei eta ustezko euli intelektualei sortako zorrotzenak jaurtirik.

Katebegi galdua thriller historiko-politikoa dela esango nuke nik, definizioek ezertarako balio dutela uste izango banu. Iruzkin honen balizko irakurlea liburuaren irakurle egin alde ematen dut, aldiz, esan behar delarik thriller hoberenetan bezala gertatzen dela hemen ere, esan nahi baita, aurrera egin ahala emozioa eta jakinmina ere gorantz datozkigula.

Aspaldion hainbat sariketatan garaile izan dugun idazle nafar honek inoizkoren batean ia denok amestu dugun liburua —gure iraganaz argitasun berria emango ligukeen horixe, eta hugonote batek idatzia!— jarri du bere arkitektura lan honen giltzarri. Liburu hori berori da “katebegi galdua” eleberri honetako.benetako protagonista. Bitxikeria horren inguruan dantzan sartuko dira gure eguneroko bizimoduan diren beste protagonistak, hau da, poliziak, politikariak, kazetariak eta, azkenik, baina ez azkenak direlako, fraideak eurak ere.

Liburu hau ironiaz leunduriko amorruz idatzia da. Ironia horrek ahaztezina den pertsonaia bat sortu du, nire ustez antologikoa dena: Egozkue. Besterik izan ez balu ere, Egozkue hori agertzen deneko atalengatik irakurtzekoa izan zatekeen liburua. Besterik ere bada, ostera. Egozkue alde batera utzita, beste pasarte antologikorik ere bada liburuan, hala nola, “cuando despertó, el dinosaurio todavía estaba allí” perpausaren itzulpenari eskaintzen diona. Guztiarekin ere, hoberena Nafarroan ustelkeria sozio-politikoaren gorotzak hartu duen tamainaz egiten duen alegia da. Liburu hau, alde horretatik beste askotatik legez, ausarta da. Eta ausardia dela eta, nobelagintzan.azken urteotan luzaturiko apustu gogorrenetako bi Nafarroatik etorri dira; Aingeru Epalzaren Ur uherrak izan zen lehena eta Katebegi galdua dugu bigarrena.

Nire hipotesia da, behin behinekoa, Nafarroako euskaldunak gu baino libreagoak direla, balizko errota gutxiagotako irinezko opil gutxiago jaten dutelako.

Azken kritikak

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak