« Modernitatea dela eta | Ilunetik ilunera »
Zer gerta ere / Karlos Linazasoro / Alberdania, 1994
Zernahi gertatu ere Amaia Iturbide / Euskaldunon Egunkaria, 1995-12-16
Karlos Linazasororen Zer gerta ere (Alberdania, 1994) ibilbide sendo eta landu baten emaitza da. Sendoa, kultura literario zabal baten ezagutzaren ispilu eta errealitate delako; landua, ipuingintzan oinarizkoak diren bi arauok, idazleraren tentsioa eta oreka, tajuz eta antolamenduz betetzen dituelako hiztegi propio baten bidez.
Elkarrekiko erreferentziaz osatutako ipuin-bilduma da nobela hau. Aurreneko ipuinaren zitak hitz-klabea dakar: eldarnioa. Eta ez da gutxirako, idazle honengan hedabide, zinema eta itxuraldaketaz blaitutako funtzioekiko jaidura azpimarragarria baita.
Ipuin harrigarriok, adjetiboak dioenez, azalpen besterakorik gabe gertaera ezusteko bat aurkezten dute, sarritan absurdoa eta patuaren erruduna, pertsonaiak muga-egoera izugarri batean murgiltzeraino. Hurrena, kasualitatearen magia martxa zardai-ankerrean jarriko da, idazlearen luma-ezpatarekin dantzatuz amaiera hagitz bortitzago baten zain edo eskean; atzera. Izan ere eta egia esatera, haragia sutan eta umore beltzez lepo (gehiegizko dosietan emana), ipuinak barne erraiez idatzita daude, barne erraiak irakurlearen begi-bistan jarriz urrikalgarriki ala lazkagarriro (bat bederak egin beza aukera) zirrikituz zirrikitu zenbait desenkusa, buru zuritze, konfabulazio, konspirazio… arrobatze edo atzipetze aldera.
Kafka gogora lezake (absurdoagatik, maiz ez baita deusik ikusten ahal), Borges (itzul eta itzal inguruko labirintoengatik), baina, batez ere, Julio Cortazar. Ipuin batzuetan, aipatu idazle ezagunon eragina erabatekoa den arren, besteetan iragazia eta tindura pertsonaletan lerrokatua eta baitaratua ageri da, horretan ipuinak bere aldeko tantoak irabaziz; ipuin batzuetan, ehundura errepikakorra da eta, besteetan, astindu teinkatuan dator, horretan ipuinak bere aldeko tantoak irabaziz. Horrexegatik, Zer gerta ere-n suertatutako ipuin batzuek hala nolakoak baldin badirudite ere, beste batzuk exijentzia osoz burutuak dira.
Eta dirudi diot, K. Linazasororen eldarnioz bete eskuetan errealitatea eta ametsaren arteko mugak antzeman ezinak baitira, mahai baten ertzak eta egunsenti hotz baten artekoak bezalakoak.
Hibridotasuna ezin dezakegu ahantz, jenero, tonu eta tekniken amalgama zerikusizkoa baitago ipuinotan zehar: atzekoz aurrerako denbora, eszenen tartekatze ikasia, literaturaren jarduerari buruzko hausnarketak eta kritikak, zati filosofikoak
Irakurlea noiz amaituko egongo da, ez, ordea, asperduraz, ikusminaz baizik, zer susma. Eta amaitu arte, zer gerta ere.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez