kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Pedrotxo / Martin Ugalde / BBK-Euskaltzaindia, 1994

Gerraosteko giro itagarrian Juan Luis Zabala / Euskaldunon Egunkaria, 1995-03-12

Ez nuke han eta hemen behin eta berriz aipatu dena berriro errepikatzen inor gogaitu nahi, baina ezin dut, era berean, esan gabe utzi oso tristea iruditzen zaidala “Pedrotxo” eleberriaren patua. Oso tristea baita Txomin Agirre saria irabazitako obra egileari zein obrari buruzko aipamenik txikiena ere ez duen liburu aseptiko batean argitaratuta ikustea, literaturaz lekikeen editore baten ukitu mimosoaren arrastorik gabe nolanahi argitaratutako liburu gordin batean, komunikabideetan ia-ia agertu ere egin ez den liburu galdu batean, kaleratu bezain laster ahaztu eta zokoratuta geratu den liburu fantasma batean. Poztekoa litzateke editore arduratsu batek, argitalpen traidore hau inoiz existitu ez balitz bezala jokatuz, “Pedrotxo” eleberriaren berrargitalpen txukun eta homologatua prestatu eta kaleratzea, edozein idazle duinek merezi duen neurrikoa. Ez litzateke antzeko zerbait gertatzen den lehen aldia izango, eta ezta azkena ere seguru asko. Esana dago beraz.

Gerraosteko Andoainen, ama hilik eta aita gerran desagertua, “Etxe Haundiko” mojen babesean bizi den gaztetxoa da Pedrotxo. Pedrotxoren aita Peliren adiskide izandako Joxe Arretxe ezagutzen du “Etxe Haundian” Pedrotxok, eta gauza asko ikasten ditu gogotik miresten duen gizon horrengandik. Joxe Arretxe hil ondoren, berak ezer egin gabe —iraganetik datorkion zama bereganatu baino ez—, goardia zibilak bere bila hasten dira eta, “Etxe Haundian” gelditzerik ez duela jabeturik, ihes egin eta, Plazaolako trenean polizoi, Iruñera joko du, Joxe Arretxek esanak gogoan beti. Han mundu berri eta gordin bat erakutsiko dion Mertxerekin egingo du topo, eta gero apez baten laguntza jasoko du…

Gordin samarra iruditu zait testua, baina —berriro hasierakora itzuliz— ziur naiz editore saiatu batek, testua astiro irakurri eta egilearekin komentatuz, konponbidea jarriko liekeela gordinkeria sentsazio hori eragin didaten hainbat akatsi; bai hainbat esaldi iluni eta zeinu tipografikoen erabilera bitxiari gutxien-gutxienez.

Liburuko protagonista bera baino pixka bat gaztexeagoa da Martin Ugalde, baina bere oroitzapenetan oinarritu bide da, neurri handi batean, “Pedrotxo” idazteko. Asko dira, hain zuzen ere, Ugaldek Andoain bere jaioterriko bazterrei buruz egiten dituen aipamen zehatzak. Gerra galdu zutenek eta haien ondorengoek gerraostean bizi behar izan zuten bizimodu ilunaz jabetu eta gogoeta egiteko parada damaio liburuak irakurleari. Pedrotxoren abenturaren bidez, bere aita-amen, Joxe Arretxeren, “Etxe Haundiko” mojen, don Martxelen, don Inazioren eta abarren bizimodu ilunen berri izango dugu pixkana-pixkanaka, eta gerraosteko giro itogarrian barneratuko gara.

Ingenuitatea edo lainotasuna egotz dakioke Ugalderen narrazioari zenbait pasartetan —Pedrotxo eta Mertxerekiko harremanen ingurukoetan batez ere—, baina badu bere indarra agian zinemara eramateko batere desegokia ere izango ez litzatekeen eleberri honetako narrazioak. Egileak berak ere iradoki du, nolabait, liburuaren pasarte batean aukera hori: “Hau ederra da, egiazko abertura!, zinerako modukoa…”, esaten dio don Inaziok Pedrotxori, honek bere ordura arteko ibiliak kontatu eta gero (121 or.). Esana dago hori ere beraz.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak