kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Ur uherrak / Aingeru Epaltza / Pamiela, 1993

Zirti-zarta etengabea Juan Luis Zabala / Euskaldunon Egunkaria, 1993-11-28

Iazko udazkenetik aurtengora bitartean —hau da, 1992-93 denboraldian— argitaratu ziren euskarazko zortzi eleberrietatik ezagunena, aipatuena eta komentatuena bada ere, Aingeru Epaltzaren “Ur uherrak” merezi adinako sonarik gabe pasatu dela —edo pasatzen ari dela— iruditzen zait. Eta ez da, gainera, egile saiatu eta trebe honekin egiten den lehen bidegabekeria ere.

Hizkeraren ingurukoak izan dira obra honi buruzko aipamenik gehienak, eta azal dezadan neuk ere neure ikuspuntua. Batetik, oso urriak ez diren tipografikoez gain, akats ortografiko eta morfologiko zantar ugari aurki daiteke liburuan zehar —“lehio”, “ohiu”, “mahaira”, ergatiboaren okerreko erabilerak, aditz laguntzailearen okerreko komunztadurak…—, irakurlea —ni bai behintzat— urduritu eta despistatu egiten duen zabarkeria baten ondorio. Bestetik, Gerardo Markuletak liburua komentatzean aipatu zuen bezala, kontalariari hizkuntza estandarragoa zegokiola iruditzen zait, batutik gertuagokoa nafar kutsukoa izateari utzi gabe (errazagoa izango da esatea egitea baino, badakit, baina gehixeago ahalegintzea ere bazuen, dudarik gabe, Epaltzak): nolanahi ere, kontalariaren aipamena egitean, ez da ahaztu behar batzuetan kontalariaren jarduna une horretan protagonista den pertsonaiaren pentsamenduari lotua dagoela eta, horrenbestez, bere hizkeraz kutsatzen dela, eta kontalariaren jardun hori ironikoa ere badela beste askotan.

Goian aipatuak alde batera utzita, ezin da ukatu, ordea, Epaltzak prosa bizi-bizi eta are bortitzez kontatzen digula istorio luze eta korapilatsu hau. Isilean irakurri ahala zirti-zarta etengabean sentitzen du Epaltzaren prosa bere barrenean irakurleak, ura olio berotan bezala. Izan ere, ia-ia esaldi bakoitzean saiatu baita egilea hizkuntza bihurritu eta adierazkortasun berezi bat lantzen, gauzak esateko modu bizi eta piperduna bilatzen, euskal senetik abiatuta eta herri hizkeraren baliapideetan oinarrituta gehien-gehienetan. Pattala eta geza denik ez dago esaterik behintzat Epaltzaren prosaz, eta ez da meritu makala hori gure artean.

Eleberriak kontatzen duen istorioak ere ez du meriturik falta: giro errurala eta urbanoa konbinatzen ditu, egungo Euskal Herriari —Nafarroari zehazki— ironiaz eta alde batekoekiko zein bestekoekiko amorrazio beltzez zamatutako begirada kupidagabea botatzen dio eta irakurlea adi mantentzen du, gertaera korapilatsuen laberintoan ez galtzeko lain laguntza emanez. Begiratzen zaion tokitik begiratuta ere, ezin ukatu lan handi eta mardula dela Epaltzaren “Ur uherrak”, irakurri ez duenak pentsa dezakeena baino aberats eta ederragoa, dudarik gabe.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak