« Hiri mosaikoa | Absurdoaren aldarria »
Gorde nazazu lurpean / Ramon Saizarbitoria / Erein, 2000
Armiarma sarea Lutxo Egia / Deia, 2001-06-15
Noiz errukigarri noiz nardagarri, Gorde Nazazu Lurpean-eko pertsonaiek behin eta berriro kolpatu gura gaituzte. Noiz akigarri noiz gorrotagarri, itsas-labarrera eroan gura gaituzte. Behin eta berriro. Itsas-labarrera eroan kolpatzeko. Behin eta berriro jausteko. Haitzen kontra burua kraskatzeko. Behin eta berriro, narrazio bakoitzaren azken olatua noiz etorriko.
Ramon Saizarbitoriaren azken liburuak bost narrazio biltzen ditu (“Gudari zaharraren gerra galdua”, “Rosetti-ren obsesioa”, “Marcel Martinen aitatasun ukatua”, “Bi bihotz, hilobi bat” eta “Asaba zaharren baratza”). Narrazioek giza-harremanak aztertzeko saio bikaina osatzen dute, gizon-emakumeen azaletara barneratzeko egundoko ahalegina. Intxortetan hanka galdu zuen gudari zaharrak, emakume baten maitasuna lortzeko asmoz poema bat berreskuratu nahi duen idazleak, balizko aitatasun baten inguruan sorturiko obsesioak itotzen duen bikoteak, aitaginarrebak ipinitako urkabilurrari ihes egin nahi dion entziklopedia-saltzaileak edo Sabino Aranaren hilobiaren aldaketa jasan behar duten lagunek giza-harremanen arteko miseriaren testigantza literario ederra ematen dute. Saizarbitoriak muturreraino daramatza gizakien arteko hartuemanak. Narradoreak pertsonaien psikologian maisutasunez sartu eta nahierara zuzentzen ditu orkestra honetatik ateratzen diren nota guztiak.
Idazlearen gogoetak giza-harremanen inguruan jiratzen badira ere, argumentuek heriotzaren inguruan egiten dute dantza. Bost narrazioak autonomoak dira, baina heriotzak —edo, zehatzago esateko, gorpuen deslurreratzea— sare tematikoa osatzen du guztiak nola edo hala lotzeko. Gai horrek, duda barik, gogoeten seriotasunak eskatzen duen kontrapuntua dakar: umorea eta ironia.
Ezin dugu esan gabe utzi, noski, idazleak euskaldunoi eta Euskal Herriari buruzko aipu ugari agetzen dituela han eta hemen. Gatazka politikoak eta euskaldunok geure buruarekin dugun gatazkak, zeharka bada ere, badute bere txokoa bost narrazioetan. Eta han ere ironia nagusi.
Gorde Nazazu Lurpean-en deslurreratzea obsesio bilakatzen da pertsonaia guztientzat. Halaber, orriak irakurri ahala, geu ere obsesionatzen gara pertsonaia bakoitzaren obsesioekin. Idazlearen eta irakurlearen arteko elkarrizketa narrazioaren azken berbara iristean baino ez da eteten. Liburua bost hari dituen armiarma-sarea da.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez