kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Koioteren arrastoa / Edorta Jimenez / Susa, 2006

Ispiluaren bila Ibon Egaña / Berria, 2007-02-25

Bidaiariak, turistak eta zer esanik ez bidaiari idazleak edo idazle bidaiariak ez ote du bilatzen ispilu bat non bere burua ikusi, non bere burua sortu eta berrasmatu, bidaiatzen duelarik, eta areago, bidaia horren berri jasotzen duelarik? Horixe datorkit gogora Edorta Jimenezen Koioteren arrastoa irakurrita. Izan dira hiri handian, demagun New Yorken, beren burua asmatu eta idazlearen irudia konfiguratu nahi izan dutenak, baita gurean ere. Izan dira halaber bidaiari abenturazaleak, bizitza eta beren burua abenturarekin identifikatu eta hortik nortasun bat eratu dutenak, baita gurean ere. Eta badira, halaber, euskalduntasuna zuzen ala zeharka gogoan izanda nortasun kultural eta identitario kolektiboaren isla, ispilua, eta arrastoak bilatu izan dituztenak bidaian, nortasun horren gaineko gogoeta eginaz eta gurearekiko parekidetasunak bilatuz, baita gurean ere, Edorta Jimenezen honetan, kasu.

Bi ataletan banatuta, Idaho, Nevada, Colorado eta Kalifornia aldean egindako egonaldi banaren berri jasotzen dute Koioteren arrastoa liburuko orriek, eta idazle bidaiariak hautatutako espazioek salatzen dute non eta zertan bilatuko den hemen ispilua: euskal diasporaren arrastoetan, batetik, eta, bereziki, herrialde horietako jatorrizko biztanle indigenen kultura, nortasun eta egoeran. Inguru horietako natiboekiko interesa, hala, arrazoitzen du beren kulturaren egoera gainbeherakoak (beste edozein kultura gutxiturenak bezala), eta baita Inperioaren muinean egoteak sorrarazten dituen paradoxa eta kontraesanek ere. Alde horretatik, bereziki bitxia eta deigarria egin zaio irakurle honi liburuan jasotzen den ideia bat, Ni Mi Pui etniako kide batena, zeinaren arabera, Inperioaren oinarri liratekeen natiboak eurak, haietan leudekeelarik AEBen indarraren erroak. Eta ispilua aurkitzen du maiz idazleak jatorrizko biztanle hauen kulturan: indiar batzuen kultura kitsch hutsa bihurtu den zer folklorizatu eta merkantilizatu bat dela ohartzean, kasurako. Inoiz ekidin nahiko duen arren, zeharka edo zuzenago, agertu egiten da Euskal Herriaren eta euskal kultura eta hizkuntzaren erreferentzia Jimenezenean; ekidin nahi den erreferentzia zinematografiko sorta agertzen den era berean. Ber gisan, ahozko kulturaren eta kultura idatziaren arteko talkak eta bistaratzen ditu idazle europarrak natibo amerikarrekin egindako enkontruek, hainbat aurreiritzi bazterrera botaz.

Lehen atalean, 2002ko bidaia kontatzen du Jimenezek, Reno eta inguruak ardatz dituena: bertako diasporako jendea, paisaia ederrak, lekuei buruzko kontakizun mitikoak, estatubatuarren ohiturak… Bigarrenean, aldiz, 2005ekoan, Ni Mi Pui etniako indiarrei eskaintzen zaie atal ia osoa, beraien mundu ikuskera, turistei begira egindako kulturaren simulazioa, legendak, Idahoren historia… Bigarren atal hori interesgarriago begitandu zaio irakurle honi, indiarren kulturaren eta Idahoren historiaren gaineko jakingarri sorta eskaintzen baitu, nahiz aski orokorrak izan, baita hainbat paradoxa eta kontraesan plazaratu ere. Lehen ataleko anekdota zenbaitek hotz utzi dute, eta liburu batean lekurik izan behar ote luketen zalantza piztu ere bai, zergatik uka. Iturri askotarikoetara jo du Jimenezek kronika hau egiterakoan: bertan ikusiak, bertako biztanleen iritzi eta azalpenak, gida eta bestelako liburuetan irakurriak, zinema eta bestelako erreferentziak… Liburuak ez dio ekarpen erraldoirik egingo indigenen kulturaren azterketa antropologikoari, edo Idahoko historiografiari, baina arin eta gustura irakurtzen den kronika atsegina da, edonola ere Jimenezena. Eta horretan zerikusi handia du, nago, idazlearen prosa zaindu, bihurriak.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak