kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Kasandra leihoan / Fito Rodriguez / Txalaparta, 2006

Kasandra leihoan Asel Luzarraga / Nasmastarraren apunteak, 2007-01-20

Oraintxe bertan bukatu dut garunek soinketa apur bat egin dezaten balio izan didan liburua, Fito Rodriguezen azken lana, Kasandra leihoan Joseba Jaka V. Literatur bekako sariduna. Fitok berak sortu duen terminoak sailkatzen du liburu hau: saiakela. Bukatu ez ezik, bidean buruari gustura eragin diot.

Liburuak hiru zati bereizten ditu, eta hirurak osotasunaren barruan hartzea komeni da lanaren zentzua behar bezala ulertzeko. Euskal literaturan oso ohikoa ez den zerbaiten aurrean gaude; beraz, lehen zatiaren (“ABC edo Instructionea”) orientabideak ez dira besterik gabe pasatzen uzteko orriak.

Gustatu zaizkidan gauzen artean kokatuko nuke Fitok frogatu digun gauza bat: filosofiak ez du zerikusirik asperdurarekin, ezta ulertzeko zaila den idazkerarekin. Ez nahitaez, bederen. Liburua azkar irakurtzen da, arina da, eta protagonisten egoera hertsi eta itogarria bide oso aproposa da, denbora jateko hitz aspertuaren mozorropean, gure gizartearen hainbat balio, pentsatzeko modu, norabide, kontzepturi heldu eta, pelikula askoren argumentoei jarraituz, filosofiak haiei buruz emandako ikuspegi batzuei errepasoa emateko, konformismotik urrun.

Seguruenik irakurleok (eta dirudienez, kritikariak, horiek zer diren oso argi jakin gabe) ez gaude holako ariketa literario-filosofikoetara oso ohituak. Nik, behintzat, filosofiaz irakurtzeko ohitura guztiz galduta izan dut. Hortaz, Fitori aitortu behar diot horren gaineko interesa berpiztearen meritua.

Niri filosofiaz, baita literaturaz ere, erantzunak emateko baino gehiago, galderak planteatzeko duen gaitasuna da gustatu zaidana beti. Agian etengabeko galderetan bizi naizelako, eta erantzun mugiezinak baino, behin-behineko irtenbide desegonkor eta aldakorrak maiteago ditudalako.

Kasandra leihoan honek nire ohiko zalantza asko agerrarazi dit, eta aldi berean berriak ireki. Irakasle izanda, gure zibilizazioaren hezkuntza sistemaz pentsatzen dudanari forma ematen lagundu dit. Baita txikitatik denboraz, etorkizunaz bereziki (eta gertaeren ustezko logika kronologikoaz), ezartzen zaigun irudiaz kontzientzia osotuagoa hartzen, besteak beste. Azken finean, filosofiak besteek pentsatzen dutena neureganatzen baino gehiago, niri beti lagundu dit nik neuk uste dudana argiago ikusten, neure pentsamenduei usaina hartzen.

Nahi nuke egileak beste jakin filosofo askori buruz. Tira, haiei buruz zehazki ez; kolokan ipini dituzten pentsamenduei buruz, haien proposamenez. Filosofiaren historiak, beste gauza batzuen artean, erakutsi baitigu ez dagoela egia finko eta aldaezinik, korronte askok, bata bestearen atzean, aurrekoek ezarritako bideak irauli dituztelako. Fitok bukatzeko utzi duen amaigabetasun hori da niri erakargarrien egiten zaidana, seguruenik. Ez da kontzeptu txarra geure buruari aplikatzeko, batez ere geure pentsamendua erlatibizatzeko eta dogmatismo guztiei izkin egiteko.

Liburuak, filosofiaz gain, istorio bat du, eta horri dagokionez eskertu behar zaio surrealsimoari utzi dion tartetxoa. Liburuak burua zinemari begira jarri didalako edo, pelikula batean legez ikusi baitut bukaerako eszena, eta edonori gomendatzen diot bururi irudi horiek sor ditzala uzteko. Ez dakit Quentin Tarantinoren edo noren bukaera izan litekeen, baina niri irribarrea piztu dit. Hori ere behar dugu, batez ere azken boladako gertaeren harira ezkortasunerako dugun joera kontuan izanda…

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak