kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Nafarroako Artizarra / Joxemari Iturralde / Elkar, 2006

Historia nobelatua Aritz Galarraga / Gara, 2006-05-27

Nobela historikoa ez da existitzen. Xehetasun horretaz ohartarazi nahi du irakurlea Joxemari Iturraldek Nafarroako Artizarra irakurri baino lehen. Ez omen da nobela historikoa dei daitekeen horrelakorik, kontrajarriak baitira izendapen hori osatzen duten bi hitzak: bata baldin bada bestea ezin daiteke izan, ezinezkoa da biak batera izatea. Iturralderen hitzetan, “edo nobela da, edo bestela historia da”. Baieztapen hori aintzat hartzen badugu, zer da, beraz, Nafarroako Artizarra? Historia nobelatua? Pasarte historikoak biltzen dituen nobela? Garai historiko bat kontatzen duen fikzioa? Azaleko irakurketa batean nobela historikoa dirudien honek gordetzen ditu, bai, hainbat berezitasun bere baitan.

Nolabait deitu behar aste honetako kritikari eta “historia nobelatua” jarri diogu oraingoan. Alde batetik historia “errealeko” hainbat gertaera, pasadizo edo dena delakoak aurkituko ditugulako lan honetan, Historia liburuetan aurki daitezkeen horietakoak. Eta beste alde batetik, pasarte horiei nobela egitura eman zaielako. Baina susmoa daukat Nafarroako Artizarra definitzerako orduan motz geratu zaidala izenburuaren amua, ez duela osoki lanaren funtsa adierazten. Liburu hau ez da puri-purian dagoen generoaren beste emaitza bat, harago joan nahi du; are gehiago, jolastu egin nahi du generoaren mugekin. Horretarako, irakurlea harrituko duten jauzi kronologikoak, erreferentzia garaikideak, fikziozko keinuak… aurkituko ditugu bertan.

Egunotan, zinemarako egokitzapenaren estreinaldia dela eta, mintzagai dugu berriz ere Dan Brown idazle estatubatuarraren “Da Vinci Kodea”. Zenbaiten esanetan historia distortsionatu egiten du liburuak, ez ei da gertaera historikoekiko fidel. Best-sellerr-a ez irakurtzeko gomendatzen dutenekin bat egin nahiko nuke lerrootatik, baina Opus Deiko kideek diotenaren kontra, Pako Aristik telebista saio batean esan zuenarengatik gomendatuko nuke “Da Vinci Kodea”rekin denbora ez galtzea, hau da, literarioki eskasa, eskasegia delako. Eta, puntu horretan kokatu behar da literaturaren gaineko eztabaida, ez hainbeste kontatzen zaigun hori erreala, fikziozkoa, benetan gertatutakoa edota asmatutakoa den ala ez arakatzen. Errealitatea eta fikzioa, literaturan berdin-berdin egia direlako, Jon Alonsori behin entzun bezala. Literaturak ez dio gezurrik, beraz, literatura ona bada.

Irakurleak zein jarrera hartu behar du, orduan, Nafarroako Artizarra-ren aurrean? Adi-adi behar du Joxemari Iturraldek tartekaturiko anakronismoen bila? Edota alde historikoari garrantzia kenduta, alde ludikoari eman behar zaio? Zalantzarik ez dut: “historikoak” ez garenontzat, bigarren bidearekin hartuko dugu atsegin gehien, di-da irensten den nobela goxo batez gozatuko baitugu.

Orain 22 urte argitaratu zen lehen aldiz Nafarroako Artizarra. Hitzaurrean aurreratzen denez, “historiari egindako burla bat, ostikada txiki bat, ohiko nobela historikoei mihi ateratze bat” egiteko intentzioarekin. Hemerotekari errepaso txiki bat emanez gero, ikusiko dugu horrelakoak ez zirela usadio, gerora ere ez direla izan. Urte hauek guztiak iraganda, freskotasuna bere horretan mantentzen duen lana dugu, egun Euskal Herria izenarekin ezagutzen dugun lurraldean barna Erdi Aroko ibilaldia egitera gonbidatzen diguna, nobela pikareskoari omenalditxoa egiten diona, Iñaki Kaminok 84an epaitu bezala, “asmo gorenik gabekoa”, baina tarte atsegin eta umoretsua eskaintzen duena. Eta, ez ahaztu, umorea kontu serioa dela.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak