« Egiak gezurretan | Bide berriak »
Kontu-jaten / Arantxa Iturbe / Alberdania, 2006
Ahotsak Ibon Egaña / Berria, 2006-11-19
Tolosako eta inguruko emakume helduen ahotik jasotako testigantzak hartu ditu abiapuntu Arantxa Iturbek Kontu-jaten liburu hibrido, ezberdin eta freskoa ontzerakoan. Kontatzekorik ez dutela uste duten horiek kamera aurrean jarri, eta “kontatu nahi duzuen guztia jakin nahi dut. Zuek kontatzen ez badiguzue beste inork ez digu kontatuko” esan die kazetari eta idazleak (bi eremuetan ari baita liburuan bertan ere Iturbe, kazetaritzarenean eta literaturarenean). Hamaika dira galdera horri emandako erantzunak, memoriaren galbaheak bildu dituen istorioak eta ametsak. Ametsak bereziki, maiz emakume izateagatik edo bizitzaren bihurguneengatik (demagun gerra) bazterrean utzi behar izan zituztenak.
Ahoz kontatutako testigantzak jasotzen ditu liburuak, zenbaitetan jasotakoari fidelago, bestetan zeharo berridatzita. Testigantza hauek, hala, papereratutako ahozko kontakizunak dira maiz, eta hortxe dago lan honen ekarpen garrantzitsuetako bat, hots, ahozko kontamoldea moldatu eta paperean bildu izana; ahozkotik abiatuta idatzira jauzi egitea, maiz jardun mintzatuaren izaera errespetatuta. Emakumeak izan dira idatzia erabat nagusitu aurretik ahozko tradizioaren transmisioa bideratu dutenak, eta egun galduxe dagoen ahoz kontatzearen artea menperatu izan dutenak. Bereiz, oso bereiz, ibili dira aspaldian, baina, baita euskaraz ere, ahozko kontamoldea eta literatura idatzia, baina liburu hau da lekuko, nola ahoz kontatzearen arte horren zenbait tasun (elipsiaren dominioa, esaldi jostari eta askeagoak, adierazkortasuna) idatzikoaren bizi-berritzaile eta estiloa garatzeko bide izan daitezkeen. Iturbek, bederen, asmatzen du, eta ez liburu honetan bakarrik, ahozkotasunaren baliabide horiei etekina ateratzen, idatziari beste arnasa bat ematen.
Gutxitan, gutxiegitan, entzun diren ahotsei egin zaie lekua orri hauetan, eta haiek entzutea bada nahiko ekarpen, nahiko motibo liburua irakurtzeko. Alabaina, Iturbek ez du bilketa lan soila egin nahi izan, ez da transkripzio lanak egitera mugatu. Jasotako istorioei bigarren eta are hirugarren jantzi bat erantsi die, literatur baliabide anitz erabiliz. Maiz jasotako istorioak protagonistek kontatuta bezala eman ditu; beste zenbaitetan, ordea, narratzailea sartu eta bigarren edo hirugarren pertsonan kontatu du jasotako narrazioa; inoiz elkarrizketa moduan papereratu du narrazioa; iragan urrunean gertatua denbora presentean jarria ematen zaigu hurrena, edo testimonioa dena inori zuzendutako bakarrizketa bihurtuta beste batean. Jasotako istorioari irauli txiki bat, astindu txiki bat ematen die Iturbek, eta literaturak eskainitako erremintei esker, testimonioak duen balioari bigarren balio bat eransten dio, plazer estetikoak ematen duena, alegia.
Testimonio bakoitzari fikziozkoa den ataltxo bat gehitu die Iturbek halaber, gutun forman gehienetan, kontakizunean zabalik geratutako zirrikituetan irudimenari bidea eginez, halako moldez non ipuin liburu bezala ere baduen balioa narratiba laburrean eskua trebatua duen idazlearen lanak. Irudi lezake, begirada batean, idazlearen esku-hartze gehiegizkoa ez ote dagoen, helburua lekukotasunak biltzea eta besteei ahotsa ematea duen liburua dela kontuan izanda. Baina ez da halakorik. Idazleak ere, lekukotasun emaileek bezala, apal jokatu du, eta egindako ekarpenak, dela lekukotasuna berridazten, dela errealitateari fikzioa gehitzean istorioarekiko fidel izanik, eta protagonista kontalaria dela sekula ahaztu gabe egin baititu, lanari ukitu pertsonala emanez, baina emakumeen ahotsak isilarazi gabe.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez