kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Enpleguaren arbola / Pablo Sastre / Susa, 2006

Biolinik gabe Ibon Egaña / Berria, 2006-10-08

Emigrazioaz eta hark gure literaturan duen islaz ari ginela atera zen zalantza, alegia, zein jarrera hartu behar ote lukeen idazleak immigrazioaz aritzerakoan, zein ikuspuntutatik heldu beharko liokeen gaiari. Zenbateraino da onestua, demagun, euskal narratzaile bat bere liburuan emigrantearen azalean sartu eta lehen pertsonan haren azaletik mintzatzea? Zalantzarik ez, literarioki zilegi eta egingarria da, baina zein puntutaraino da sintzeroa biktimarekin identifikatzeko joera hori? Ez ote bide errazegia, eta konplazientea, beti galtzailearekin identifikatzeko joera? Ez litzateke zintzoagoa idazten duenaren posizioa aintzat hartu (gizon europar zuriarena) eta horrek dakarzkion kontraesanak plazaratzea, demagun, Houellebecq-en erara? Zalantza horiek (aurreiritzi horiek) berritu zaizkio irakurle honi Pablo Sastreren Enpleguaren arbola leitzen hasitakoan.

Sastreren literaturak aspaldidanik du egina hautu etikoa galtzailearen, apalaren, bazterrekoaren alde (nahiz ez haren alabantza merkearen alde), eta horren zerbitzuko garatu du estetika eta ahots erabat berezkoa, tonu apaletan, behartu gabe, txikitasunetik mintzo dena. Eta hala liburu honetan ere, XXI. mendeko Euskal Herriko esklaboei, alegia etorkin legez kanpokoei (nahiz legezkoei) eman die ahotsa. Andoain berriro ere kokaleku dela, Mixa immigrante errusiarrarena da nobela koral honetan ozenen eta lehen pertsonan entzuten den ahotsa. Insertzio laboraleko tailerretan dihardu Mixak, eta harekin batera beste hamaika lagunek, guztiak ere etorkinak eta programa horretan gogoz bainoago behartuxe ari direnak. Lehen pertsonan mintzatzen jarri du Mixa Sastrek, eta hala ere, liburua irakurri ahala, gorago zerrendaturiko bainak gainditzen joan dira, irakurle honen begietara.

Izan ere, Sastrek jakin du nobela honetan emigranteen errealitatera era ez inpostatuan, sinesgarrian, konplexuan hurbiltzen. Batetik, beharrezko distantzia bat ezarriz Mixa narratzailearekiko: hark idatzitako egunerokoaren atal bat ematen da hemen, baina ohar eta guzti, aurkitutako dokumentuaren traza emanez testu atalari; gainerako bi ataletan, berriz, Mixari egindako elkarrizketa atal bat eta bere lagun baten kontakizuna batzen dira. Hala, testuen eta ahotsen aniztasunak berak Mixaren ahotsari sinesgarritasuna gehitzen dio. Bigarrenik, pertsonaia nagusiaren perspektibak ere (lagun batek aipatu bezala Aki Kaurismakiren Iraganik gabeko gizona filmeko protagonista sorgorra gogora ekartzen duen pertsonaia nolabait iragazgaitza) laguntzen du gertakarien eta kontakizunaren artean distantzia ezartzen; halaber, Mixaren karakterizazioan dokumentazio lan sendoa dagoela erakusten du Sastrek, dela errusierazko hitzak sartuz, dela bestelako erreferentzia kulturalak txertatuz. Hirugarrenik, immigrante = biktima = langilea = ona klixe erabiliegiari muzin egin, eta etorkinak etorkin izateaz gain beste hamaika tasun badituela irudikatzen du, pertsonaiaren lautzea eta sinpletzea dakarten biktimismoaren eta buenismoaren gainetik (izan ote liteke sinpatikoa lanik egin nahi ez duen etorkina?). Laugarrenik, gertaera eta egoera bazterrekoak, maiz tragikoak (kartzela, tratu txarrak…) espanturik gabe, sentimentalkeriarik gabe tratatzen ditu liburuak, hunkidura errazari bidea moztuz: “Kartzela? Joan hara, etorri hona, hau egin, bestea egin… hau bezalaxe”.

Berreskura dezagun, baina, hasierako zalantza: “zenbateraino da onestua, demagun, euskal narratzaile bat bere liburuan emigrantearen azalean sartu eta lehen pertsonan haren azaletik mintzatzea?”. Eta ez dut erantzunik. Sinpleena segun eta… litzateke igual. Dakidana da Sastreren lanak bere xumean sorrarazten duen hunkidurak ezer gutxi duela iruzurretik eta inposturatik. Ez eszenek ez pertsonaiek dute biolinen eta latako orkestra-doinuen beharrik.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak