kritiken hemeroteka

8.769 kritika

« | »

Itoiz, hari xingle bat / Jon Eskisabel / Gaztelupeko Hotsak, 2005

Sormenaren bideak Ibon Egaña / Berria, 2006-09-24

Tentagarria behar du, eta hein horretan ulergarria, Itoizen biografia idazteari ekin eta nostalgian eta malenkonian blaitutako lana ontzea, klixea, laudorioa eta goraipamen pitzadurarik gabea lagun hartuta. Ez dirudi zailegia ere: tonu lirikoa hartu (zein baliagarria den lirika halakoetan!) eta erraz estal litezke bestelako gabeziak, literaturtasun balizko baten izenean. Aitzitik, eta zorionez, bestelakoa da, halaber ez hain konplazientea, Jon Eskisabelek hautatu duen bidea: garaien eta gertaeren unean uneko lekukotasuna jasotzea eta ekintzek, musikak bezala, beren kabuz hitz egin dezaten uztea, berez badutelako, izan, irakurlea hunkitzeko ahalmena. Eta hain zuzen horixe da liburuaren lorpen handietako bat, distantzia mantenduz, dokumentazioa oinarri hartuz eta entusiasmo neurtu batez irakurleari taldearekiko, musikarekiko nahiz garaiarekiko pasioa piztea.

Dokumentazio lan eskerga dago, izan ere, lan honen oinarrian, izan ahozko testigantzak, izan garaiko prentsa idatzi espezializatu nahiz orokorragoa, eta zinez eskertzen da, protagonistei hitza eman izanarekin batera, Itoizek izan zuen harrera mediatiko eta kritikoaren bilketa eta azterketa egin izana, geroztikako idealizazioen gainetik taldea bere garaian izan zenaren irudia osatu ahal izateko.

Antolamendu gutxi-asko kronologikoa jarraitzen duen lan honetan, taldearen ibilbide estetiko eta musikala da piezak josten dituen haria.. Itoiz disko homonimoaren rock sinfonikotik hasi, eta garaiak eta taldekideak aldatu ahala, opera rock eremuetara, pop anglosaxoi komertzialagora, edo amaierako ukitu ilundun popera taldeak egindako bilakaera zehatz kontatzen du Eskisabelen saioak, taldearen kanpoko nahiz bertako eragin eta iturriak presente dituela. Ibilbide horretan, ingenuotasuna, ausardia edo goranahia ezaugarri dituen taldea (eta batez ere sortzaile handi bat: J.C. Perez) doa deskribatzen, eta beti bertan goxo geratzeari, errepikapen hutsari beldur dion hein berean garapen estetikoa (baita komertziala ere) helburu duena.

Baina ibilbide honek talde zehatz batenak bainoago oro har sormen lanarenak diren kezkak mahai gaineratzen asmatzen du: joera eta ibilbide estetikoen agortzea, bertako tradizioaren eta atzerriko eraginen arteko oreka zaila, sormen lan indibidualaren eta exekuzio kolektiboaren arteko talkak edo barruko nahien eta merkatuaren arauen uztarketa, besteren artean. Eta hein berean, Itoizen ibilbidearen narrazioak ematen ditu hamaika gako azken hogeita hamar urteetan euskal musikak izan duen garapena ulertzeko, dela maila estetikoan, dela industria musikalaren esparruan.

Atalen lokarria taldearen eboluzio musikala izanik ere, bandaren nahiz euskal musikaren garapena kokatzeko ezinbestekoa gertatzen da testuinguru soziala irudikatzea ere, areago egoera diglosiko batean egindako musikaz ari bagara, eta horretan ere asmatzen du Eskisabelen lanak, liburuaren lehen erdian batez ere, duela hogeita hamar urteko gizartea eta bizimoldea deskribatzen duenean, halako moldez non irakurleak kasik fikziozko birkreazio hurbileko batean aurkitzen baitu bere burua. Horixe sumatu du faltan irakurle honek bigarren atalean, taldearen ibilbide musikalak protagonismo erabatekoa hartzen baitu 80ko hamarkadako gizarte giroaren irudikapena lausoago geratzen dela.

Ez diren gauzak badirela zioen poetak, eta Itoizen ibilbidean ere badira hartu gabeko bideak, galdutako aukerak, erabaki herabeak (Japonian zabaltzeko egindako eskaintza, Mecanok beren kantuak erosteko egin ei zuen saiakera, Parisen grabatu baina argitaratu ez ziren singleak…), eta pasarte horietan ere badu non gozatu irakurleak, eta literaturzaleak.

Taldeak merezi zuen heineko lana.

Azken kritikak

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

Hedabideak