« Hautsalditik lupetzok | Poetaren itsasoa »
Herria, hiria, nazioa. Zibilismoaren sustraiak / Xabier Arregi / Pamiela, 2006
Hiritartasunean haztaka Iratxe Retolaza / Berria, 2006-07-23
Xabier Arregik gaur-gaurko gogoetagaiari heldu dio argitaratu berri duen saioan: Herria, hiria, nazioa. Zibilismoaren sustraiak. Izenburuak zabalduriko leloaren harira korapilaturiko herritartasuna(k), hiritartasuna(k) eta naziotasuna(k) dira saiakera honetan askatu, edo beste nolabait katramilatu nahi direnak. Horretarako, Xabier Arregik liburu honetan Greziatik gaur egunera arteko ibilaldi eta solasaldia egitera gonbidatu egiten du irakurlea, eta nire ustean, euskal saiakeran oso ohikoak ez diren bidezidorrak zeharkatzeko gonbidapena luzatu. Gaur egunera arteko ibilalditxo hau egiteko hainbat filosofo eta idazleren esanak eta testuak abiaburutzat hartu ditu filosofo oñatiarrak: besteak beste, Aristoteles, Hobbes, Rousseau, Kant. Filosofo hauek sorturiko eta hedaturiko ikuspuntuetan haztaka gaur egunera heldu zaizkigun herria, hiria eta nazioaren tasunak azalaraztea du helburu. Hau da, herritartasun, hiritartasun eta naziotasunaren inguruan zabaldu den kontzeptu estu eta homogeneoaren zuztarrak agerian uztea. Diskurtso politikoaren hiztegiak gizartearen diskurtso oro blaitzera jotzen duen euskal gizartean (eta baita garaikideak zaizkigun beste hainbat eta hainbat gizartetan, noski) halako berrirakurketa eta kokapenek garrantzia berezia hartzen dute. Bestalde, ezin uka, gizarte zibila eta zibilismoa moduko hitzak euskal diskurtsoak nahikoa berriki bereganatu dituela, eta hartara, ezin aproposagoa deritzogu mailegatu berri diren kontzeptu hauen (berr)irakurketa proposatzeari, mailegatze antzuetan gal ez gaitezen. Filosofo oñatiarraren liburu honetan kontzeptu horien zuztarren berri ematearekin batera, zuztar berriak eraikitzeko premia ere helarazten da, hau da, herritartasun, hiritartasun eta naziotasunaren ikuspegi berria eraiki eta sortzeko beharra. Honela, saioaren amaiera aldera, hiritartasun unibertsal eta baztertzailearen aldean, herritartasun biltzailea izendaturiko eredua aldarrikatuko da, eraikitzeke dagoena, eta naziotasun berri baten aldarria egingo duena.
Saio hau irakurtzen ari nintzela, ezinezkoa izan zait Joxe Azurmendiren marmarra ez entzutea (saio honi hitzaurre argigarria egin diona, bestalde), eta berezi-bereziki Euskaldunak eta espainolak saioaren marmarra nuen belarri atzean haztaka, besteak beste, saio mardul haren ironia eta pasio ukitu bera ere sumatu dudalako liburu honetan ere. Saio hark zibilizazioaren izenean euskalduntasunaren inguruan sorturiko irudiak zein izan ziren egoki azaltzen zuen, eta neure sentipen eta bizipen ugari ulertzen ere lagundu zidan. Liburu berri honek saio gogoangarri harekin solasean zibilizazioaren ideia gotor horren arrakaletan sakontzeko bidea(k) proposatu ditu.
Ezbairik gabe, Herria, hiria, nazioa saioa historiaren eta filosofiaren arrakalak bihurritzeko aukera mamitsua da. Badira liburu honetan zirriborraturik ageri diren etengabeko galdera horiek, euskal irakurleak taigabe (behintzat, euskal irakurle honek) bere buruari egingo dizkionak: euskal hiritartasuna, euskal herritartasuna, euskal naziotasuna al/ nahi/ behar/ nolakoa (nahi) dugu? Eta batik bat, nola eraiki euskal herritartasun biltzaile hori? Dudarik ez, gaur-gaurko galdera, gaur-gaurko kezka. Eta saiakera honek bere laburrean eta trinkotasunean galdera hauek egiteko eta biziarazteko saio ezin aproposagoa dugu, izan ere, filosofiaren eremuan subjektu politikoaren garapen hori nola (izan) den sakonetik ezagutzen duen filosofo batek argi bezain arin idatzia. Eta beraz, gai honetan nahikoa ezjakitun ginenoi eguneroko hiztegi horren dimentsioa neurtzeko termometro berria eskaini digu. Zinez, gaurkotasun handiko eta puri-purian dauden gai hauei halako t(r)inkotasunez, argitasunez eta zintzotasunez heltzea eskertzekoa da.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez