kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Hauts bihurtu zineten / Juan Kruz Igerabide / Alberdania, 2005

Hauts bihurtu zineten Aritz Gorrotxategi / Beterriko Liburua, 2006-03

Izen ezberdinak ematen dizkiote eleberriko protagonistari: Herrenko, Joantxo, Juanin Ttatkun… Txikitan, bizitza osorako marka utziko dion zoritxar bat gertatuko zaio Marroren etxe-ordean. Zerbaiten bila sartua zen han, baina Marroren ahotsak ganbaratxora igotzeko xedez oinak bermaturik zeuzkan eskailera-maila birrindu egin zuen. Erorikoaren ondorioz, hanka batetik herren geratuko. Baina ez hankatik bakarrik, ariman ere zauria irekiko dio erorikoak.

Hiruzpalau gertakaritan maisuki pintatzen du Igerabidek Joantxoren haurtzaroa: erorikoa, Julio irakaslearen gorrotoa, poemak idazteko joera, aitaren traje batean gordeko dituen bi letra sekretuak… Egun batean, Joantxoren bizitza aldatuko duen irakasle berri bat iritsiko da herrira, Adela. Goxoa, maitekorra, aurrerakoia… Adelaren eskutik ezagutuko du Joantxok liburuen magia. Adela izanen da lehena bere poemak preziatzen, Adelak emango dio bizitzan aurrera egiteko indarra, bere buruagan sinisteko konfiantza. Baina, ororen gainetik, gizalegeari eustea zein garrantzitsua den erakutsiko dio Adelak: borroka odolzaleari aurre egin baina gu geu odolzale bihurtu gabe. Irakaspen hau barneratzea, ordea, ez da uste bezain erraza. Are gehiago, liburua zeharkatzen duen Nietzscheren aipu bat kontuan hartzen badugu: “ez dugu alderdi baten alde edo erlijio baten alde jotzen jakintza-kontu hutsengatik, eta, haietatik aldentzean ere, arrazoiei begiratu gabe egin beharko genuke”.

Irakaspen hauek bere egin nahian biziko da Joantxo, denborarekin bi amaren seme bihurtuko dena. Hala ere, leku eta garai jakin batean bizitzea egokitu zaio Joantxori, trantsizio ataria eta trantsizioa. Nahasmendua, itxaropen iraultzailea, borbor ideologikoa, atentatuak, bilerak, langabezia, drogak… Haiek guztiak hurbil-hurbiletik ezagutuko ditu. Zurrunbiloaren erdian gauzak aldatzeko itxaropenez bizi den maistraren irudia nagusituko da behin eta berriz. Bere kemena, bere inspirazioa. Tamalez, txikitan ohartuko zen Joantxo bazegoela Adelaren begietan negarra bezalakoa. Adela harkaitz gainean eraikia zegoen, baina bere etxearen alde bat hondar gainean ote zeukan susmoa zuen.

Denborarekin, harkaitzak hondarrari utziko dio leku, bultzadak etsipenari nola. Ariman jainko hotza sartuko da pixkana, bakardadeak uzten dituen zirrikituetatik. Eleberriaren bigarren zatia, hauts bihurtu ziren (diren) utopia eta pertsonen gaineko begirada erreflexiboa da; batzuen gainbehera, besteen miseria. Haize zirimola batek berarekin eraman zituen denak, baina haien itzalen bidez eraiki dezakegu izan zirena.

Irakurlearen Nilon eskua sartu, harria aurkitu, bitan zatitu, eta bihotza argitara ateratzea, arimari argi egin diezaion. Horixe egin du Igerabidek eleberri honetan.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak