kritiken hemeroteka

8.623 kritika

« | »

Dantzaldia / Irene Nemirovski (Eider Rodriguez) / Txalaparta, 2006

Neskak dantzara nahi Iñigo Roque / Gara, 2006-07-01

Bakanetan esaten dugu zerbait liburuen itxuraz edo edizioen egokitasunaz, hitzaurreen sakonaz edo itzulpenen kalitateaz; ohar batzuk baino ez (gutxiegi, inondik ere). Dantzaldia, berriz, horretarako aitzakia izan daiteke. Izan ere, hasieratik bertatik letren tamainak erasaten dio irakurleari, 6 urteko haurren liburuetakoen neurrikoak baitira. Edizio merkeen lerroarte estuek bezala, halako erraldoi beltzek ere nekarazten dute irakurlea. Irudi du gutxieneko orrialde kopurua behar dutela liburuek liburu izateko, edo azal gogorra merezi izateko. Gogoan dudanez, Sarrionandiaren “Akordatzen” zela eta kritika berbera egin zieten Txalapartakoei. Dena den, hura liburu-objektuen saileko produktua iruditu zitzaidan, honekin zerikusirik ez duena.

Irakurlea laster ohartzen da liburua, itzulpena izanik ere, edizio egiledun horietakoa dela (horrek ez du esan nahi baitezpada ona edo txarra denik). Hitzaurrean bertan, Eider Rodriguezek jakinaren gainean jartzen gaitu: huraxe da idatzi nahi izango zukeen liburua. Hitzaurre ederra moldatu du Rodriguezek, lirismoz betea eta argigarria; batzuetan lirikoegia, hala ere (nork jakin Nemirovskik euskaraz lau kontatzen zekienetz!).

Irene Nemirovski ezezaguna izan da gure artean duela gutxira arte. Idazlea, beste milioika judu bezala, Auschwitzen hil zuten. 2004an, haren alabetako batek, urteetan kutxa batean gorderik eduki ondoan, amaren egunerokoa bide zena zabaldu eta, hara!, “Suite française” eleberria kausitu zuen. Ordutik hona famatu da Irene.

Nemirovskiren idazlan ttikietakotzat jo liteke “Dantzaldia” hau, “David Golder” edo “Suite française”-ren aldean batik bat. Dena den, esan dezagun anekdotaren txikian gauza handi samarrak aurki daitezkeela. Batetik, oso liburu interesgarria da ikuspegi historiko-sozialetik, gerra arteko Europa bizi-bizi horretara garamatzalako, dirudunen zoriontasun axolagabe hartara. Eta liburuak autobiografiatik asko duenez, sinesgarritasun edo egiantz horrek balio handia eransten die lerroei, jakinda idazlea, Antoinette (pertsonaia nagusia) bezala, giro burges horretan hazi eta bizi izan zela. Zweig-en (“24 ordu emakume baten bizitzan”) edo Scott Fitzgerald-en (“Gaua samurra da”) gertalekuak eta gorabeherak laket dituztenek atsegin hartuko dute, alde horretatik, liburu honekin.

Liburua anekdota soil batean oinarritzen da. Film bateko eszena bat dirudi, bizitasun handikoa, zaporez bete-bete egina. Bakana da, baina, misterioski, beste irakurgai askoren osagarri. Nemirovskiren idaztankera arina da, bitxia, xaloa; doi-doia, hala ere. Itzulpenak geureganatu egin nahi izan du estilo bizi hori, baita gehienetan lortu ere. Guztiarekin ere, batzuetan dotorezia falta du (hitanoaren erabilera okerrak, erdal molde gordinegiak…), eta, ondikoz, zabartu egiten da testua. Gutxienak dira horrelakoak baina.

Istorioak, bere laburrean, gizarte txiki bat bistaratzen digu. Eta, haren bizimodua erakusteaz batera, miseriak ere azaleratzen ditu. “Zorri piztuak” (aberats berriak) dira, hala ere, haietan okerrena, eta Kampf senar-emazteak, Antoinetteren gurasoak horietakoak dira. Nolako penak eta antsiak! Zeinen gogorra den kanpoeder agertzea! Zeinen latza denen oniritzia bilatzea! Baina liburuak beste ikusmolde bat eransten dio burges berrien tragikomedia txiki horri: denbora. Tempus fugit. Ama oraintxe hasi da bizimodu laxoaz gozatzen, gaztetasuna galtzen hasia dela. Eta alabak agertoki distiratsu horretatik baztertu nahi ez du, ba! Erretiratu!

Orain gosea berdintzeko, “Suite française”, mesedez.

Azken kritikak

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Maddi Galdos Areta

Hiria gure oinetan
Irati Majuelo Itoiz

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Aiora Sampedro

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Felipe Juaristi

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Mikel Asurmendi

Denbora bizigarri baterako
Marina Garces

Irati Majuelo

Jostorratza eta haria
Yolanda Arrieta

Amaia Alvarez Uria

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Ibon Egaña

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Asier Urkiza

Zubi bat Drinaren gainean
Ivo Andritx

Aritz Galarraga

Panfleto bat atzenduraren kontra
Pello Salaburu

Mikel Asurmendi

Denboraren zubia
Iñaki Iturain

Aritz Pardina Herrero

Etxeko leihoak unibertsora
Alba Garmendia Castaños

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

Hedabideak