kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

ETAren hautsa / Joseba Zulaika / Alberdania, 2006

Euskalduntasuna obretan Ibon Egaña / Berria, 2006-07-02

Oraina, presentea historia bezala ikusteko, alegia, perspektiba hartu eta gaur, orain gertatzen ari diren aldakuntzak, tentsio sozialak eta transformazioak hautemateko eta horien gaineko narrazio koherentea egituratzeko aukera ematen duen diziplina da antropologia. Etnologoaren, antropologoaren behaketa gai da orainean gertatzen ari direnez gizartearentzat hautemanezinak diren prozesuak eta tentsioak jasotzeko, eta finean, oraina iragana balitz bezala ikusteko eta haren arkeologia egiteko. Horregatik, ETAren jarduera armatuaren etenaren ondoren inauguratutako aroaz hausnartzeko ezin aproposagoa gertatzen da perspektiba antropologikoa (edo abiapuntua hori izanik cultural studies esparru zabalagora hedatzen dena), irekitzen ari den aro berriaren irakurketa proposatzen duen heinean, iragan hurbilera maiz joz eta gure garaiko mitoen, sinboloen, erritoen interpretazioa eskainiz.

ETAren hautsa izendatu du saiakera Joseba Zulaikak, eta izenburutik bertatik hautsaz, hondakinaz, hondarraz, ruinaz mintzo zaigu. W. Benjaminek proposatutako hondakinen izaera alegorikoa oinarri hartu eta ruinak, hondakinak hartzen ditu, aurreko hainbat lanetan egin bezala, antropologo itziartarrak oraina eta bertako bilakaera kultural, politiko eta sozialak pentsatzeko abiapuntu. Bilboko Ezkerraldeko hondakin post-industrialak bezala, ideologia eta fede nagusiak, Estatua, eta batez ere ETA hondakin bezala ikusteko gonbidapena egiten du Zulaikak. Marc Augek dio Le temps en ruines saioan hondakinek behatzaileok zuzentzen diegun begiradaren baitan soilik gauzatzen dutela beren hondakin izaera, eta, horrela, ez da besterik Zulaikak egiten duena: ETA eta egitasmo modernoaren iparrorratz izan diren utopiak hondakin bezala ikusteko proposamena mahai-gaineratzea. Baina hondakina ez da ezabatu, ahantzi, desegin beharreko zerbaiten sinonimo, ez bada, aldakuntzaren, transformazioaren alegoria, eta hein horretan da interesgarria hondakina hondakin egiten duen begirada. Augeren hitzetan “humanitatea ez dago hondakinetan, obretan baizik”, eta Zulaikak ere hondakinak alegoriatzat hartuz, obretan dagoen gizartea eta gizarte hori arautzen duten mito eta errelatu nagusiak berrirakurtzera gonbidatzen gaitu.

Hondakinekin hasi eta hondakinekin buka, hainbat atal beregain harilkatu ditu Zulaikak: Arestiren profezia lirikoaz ari da orain, Lauaxetak sinbolizatzen duen subjektu tragikoaz ondoren, Etxebarrieta eta ETAren hastapenak ditu mintzagai, barkamenaren gaia geroago… Guztietan ere, ETArekin sortutako subjektu kolektibo berriak gidari hartutako ideiak testuinguru sozial, kultural eta politiko berrian —jo dezagun berriz klixera: postmodernitatean— duten lekua —hots, lekurik eza— arakatzen du Zulaikak. Tartean, berriak, eta ezarritakoaren aurkakoak diren heinean eztabaidarako pizgarriak liratekeen hainbat proposamen: traizioaren balioa eta garrantzia, Beste nagusia desagertu delako baieztapena, Zarraren golaren etikaren laudorioa…

Eskertzekoa dena da, bestalde, Zulaika nondik ari den, behatzailea non kokatzen den ez ezkutatzea ustezko objektibotasunaren izenean. ETArekin sortutako subjektu berriaren baitan kokatzen du bere burua egileak, identitate euskaldun horretatik ari da —eta, hau ere eskertzekoa: euskaraz—, bere krisia eta hondamendia testifikatzeko izanagatik, eta halaxe lortzen du sinesgarritasun handiagoa, irakurlearekiko hurbiltasun handiagoa.

Testu kultural askotarikoetara joz (poesia, antropologia, psikoanalisia, filosofia, teoria politikoa…), eta orotariko erregistroak bikain uztartuz (atal teorikoak, pertsonalagoak, are lirikoak) inmediatoa eta aldi berean sakona den saiakera ondu du Zulaikak, edukiz eta formaz zaindua, literarioki ere balio handikoa. Euskal saiogintzaren tontorretako bat.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak