« Izenbururik gabe | Teilatuko lizarra, iparra »
Txantxa.Quick / Patxi Zubizarreta / Erein, 2006
Gaur.Gu. Ibon Egaña / Berria, 2006-06-25
Izenburutik hasi, eta mass mediek eta teknologia berriek duten protagonismoarekin jarraituz, izango da agian Patxi Zubizarretaren azken eleberriari modernokeria usaina hartuko dionik. Alabaina, moderno asmokoa bainoago gaurkoa, aktuala, oraingoa eta urgentea begitandu zaio Txantxa. Quick irakurle honi. Egia da, gaurkotasun airea, irakurketarik azalekoenean, teknologia berriei egiten zaizkien etengabeko erreferentzietan arnasten da, baina sakonagoko zentzuan ere bada gaurkoa eleberria.
Euskal narratiban, oro har, teknologiarekiko eta, halaber ustez azalekoa, materiala denarekiko dagoen mesfidantza kontuan hartuta, gustura irakurtzen da gisako nobela bat, naturaltasunez (barka kontraesana) islatzen duena erabat medien menpe dagoen hiritargoa. Etxepare saria irabazitako nobela honetan, gizartean bezala, teknologia (telebista, Internet, zelatatze-kamerak…) ez da errealitatearen beste alderdi soil bat, ezpada errealitatean bertan, are espaziorik intimoenean (bikote-harremanean, demagun) esku hartzen duen eragile bat, errealitateaz dugun pertzepzioa baldintzatzen duena eta, finean, errealitatea deitzen dugun hori erabat itxuraldatzen duena, halako moldez non erreala eta fikzioa, benetakoa eta irudikatua difuminatu egiten diren, errealitate berri bati lekua egiteko. Eta eskertzekoa da Zubizarretak hiper-errealitate berri horretara hurbiltzeko egindako ahalegina, euskaraz bakanetakoa, nahiz eta, esan dezagun, telebistaz egiten dituen ohar moralizatzaileek, irakurle honi behintzat, hazkura pixka bat eragin dioten.
Eta nola bit-a informatikan, hala atala, zatia, puska da gailen gaurko gizartean bezala Patxi Zubizarretaren nobelan eta gaurko narratibaren esparru zabal batean. Errealitatearen azalpen totalizatzaileek indarra galdu dutenean (medien, subjektibitatearen, atalkatzearen menpe) narrazioan ere ez du lekurik narratzaile orojakileak. Hemen norberak bere istorio partikularra soilik konta dezake, eta hura ere zalantzaz eta kontraesanez beterik. Alde horretatik, bikain uztartzen da Zubizarretaren kontaera jasotzen duen errealitatearekin, eta, halaber, hainbat baliabide estilistikok (paragrafoak zirriborraturik ematearenak, kasu) ezin hobeto jasotzen dute pertsonaiaren nahiz gizartearen segurantziarik eza, beldurra, oreka gabezia.
Gaurkoak dira, halaber, errealitatea hautemateko bideen gaineko gogoeta eta kontaera bezala, protagonista diren pertsonaien kezkak, beldurrak, zalantzak, ia bakarrera bil daitezkeenak: bakardadea eta inkomunikazioa. Baina korala da eleberria —eta ziurrenik bere izaera koralak mugatzen ditu pertsonaia zenbait estereotipo lauak izatera (“txapel berdea”, kasu)— eta askotarikoak, beraz, beldurra, bakardadea, ziurgabetasuna bizitzeko bideak. Marta eta Danielen arteko harremanaren bidez, guztia eskura duen klase ertain-altuko bikote egokituaren baitako inkomunikazioa eta beldurra arakatzen ditu Zubizarretak (nobelagile ingelesek hain ongi egiten duten disekzio horretara hurbilduz), baita segurtasun eza eta paranoia ere, zelatatze-aparailuek irudikatua. Pablo Jose eta Margaren artekoak, berriz, dimentsio soziala ematen dio eleberriaren gatazkari, etxebizitzaren gabezia eta gizarte diferentziak azaleratuz, eta Gabrielen bidez, berriz, zahartzaroko bakardadeaz mintzo zaigu idazlea.
Litekeena da trama txundigarria edo bereziki originala ez izatea, nahiz eta ongi josirik dauden argumentuaren hariak; nolanahi ere Zubizarretak gaurko eta hemengo hiri ertain bateko (demagun Gasteizko) gizon-emakumeen errealitatea, haien bakardade, desolamendu eta noraeza era oso fidagarrian erretratatu dituenik (argazki eta guzti) ezin uka.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro