kritiken hemeroteka

8.684 kritika

« | »

Gorde nazazu lurpean / Ramon Saizarbitoria / Erein, 2000

Lurpean gordetzeko sekretu eta saminak Estibalitz Ezkerra / Euskaldunon Egunkaria, 2001-02-03

Argitalpenetik argitalpenera denbora tarte luzea uzteko joera du Ramon Saizarbitoriak, baina, era berean, literaturaren esparrura beti itzultzen da nobela mardul bat besapean duela. Horrekin bat dator Donostiakoak sinatu duen azken obra ere. Hala ere, Gorde nazazu lurpean-ek itxurazko loditasuna du, obra bost nobela laburren bilduma baita.

Asko dira idazle honen izena Ehun metro, Egunero hasten delako edo Hamaika pauso-rekin lotzen dutenak, besteak beste, nobela haietan erabilitako teknikek ezagun bilakatu dutelako Saizarbitoria. Euskal Herriko literaturan Nouveau Roman esatea Ramon Saizarbitoria esatea da, edo horrela izan da orain arte behintzat. Egia da halaber Saizarbitoriaren ibilbide literarioa nahiko mugatua dela, eta, aipatutako obrez gain, Kapitaina ipuinak, Ene Jesus eta Bihotz bi. Gerrako kronikak nobelak eta Aberriaren alde eta kontra liburuak idatzi ditu. Oraingo honetan, ordea, idazlea etiketa horretatik baztertu egin da, eta, Bihotz bi. Gerrako kronikak-en egin zuen bezala, alderdi teknikoari baino garrantzi gehiago eman die istorioei beraiei.

Gorde nazazu lurpean-ek jasotzen dituen nobelek ez dute ahantzi Euskal Herriak bizi duen gatazka, eta testuingurua osatzeko bada ere, asko dira horri egiten zaizkion aipamenak. Batzuetan, baina, gatazkaren presentzia nabarmenagoa da, eta besteetan, berriz, idazlearen teorizazioak eta kezkak jasotzeko balio du. Dena den, istorioen mamia edo zutabea pertsonen arteko harremanak dira. Eta hori dela eta, Saizarbitoriak pertsonaien psikologian barneratzeko egiten duen ahalegina ikaragarria da. Batzuetan txotxongilo, besteetan gogaikarri eta askotan penagarriak gertatzen diren protagonisten buru eta bihotzetan sartzen ditu irakurleak: haien esku izerditsuak senti ditzakete, eta, nolabait, beren frakasatu sentimendua partekatzen dute. Ororen gainetik, pertsonaia guztiek gauza bat dute komunean: haien egoera edozein izanda ere, denak galtzaile gertatzen eta sentitzen dira. Edozein gizakik atzean utzi, ahaztu eta lurpean gorde nahiko lituzkeen porrotak dira.

Nobelaz nobela

Gudari zaharraren gerra galdua kontakizunarekin hasten da liburua. Bertan Espainiako Gerra Zibilean parte hartu zuen gudari baten gorabeherak deskribatzen ditu Saizarbitoriak. Hanka ez ezik, asko da gudari hark gerra hartan galdu zuena: bere izatea eta bizitza. Bere salbabidea kobratzera heltzen ez den gerra pentsioa dela uste du. Baina horretan ere galtzaile aterako da. Hurrengo nobelak, Rosettiren obsesioa, maitasun arruntaren mugetatik harantzago doan amodio-obsesio bat kontatzen du: gizonarentzako emakumea harrapakin bat da, baina istorioak aurrera egin ahala, ehiztari eta harrapakin rolen arteko muga lausoturik agertzen zaigu. Rosettiren obsesia kontakizun horretan Saizarbitoriak konfidentzia bat egiten digu: autoreak bere obrekiko duen atxikimendua azaltzen du, eta, behin obra horietatik askatu ostean, haiek berreskuratzea gaixotasun nola bilaka daitekeen deskribatzen du. Era berean, kanpotarren begien aurrean Euskal Herriko egoeraren absurduaz mintzo da kontakizuna, eta horrek idazleari sortzen dion ezinegona eta kezka. Porrotarekin eta galtzaileen estetikarekin liluraturik dagoen herria garela aipatzen du protagonistetako batek.

Maitasuna zientzia legeetatik at dagoen fenomenoa dela, horixe da Marcel Martinen aitatasun ukatua (edo, “la femme, elle, sait”) kontakizunaren ardatza. Bi bihotz, hilobi bat-ek, berriz, bihotzaren armairuak samin gehiago gorde ezin duenean, horiek kanporatzerakoan bikote harremanari egiten dion kalte neurrigabea du hizpide. Bukatzeko, liburua zabaltzen duen kontakizunak bezala, Asaba zaharren baratza-k gertaera historiko bat du oinarri: Sabino Aranaren hilobi aldaketa eta horrek bi familiatako kideengan izango duen eragina.

Nabarmena da bildumak aurreko nobelari, Bihotz bi-ri, zor diona. Gudari zaharraren guda galdua eta Asaba zaharren baratza kontakizunek aurreko nobela hartan Hanbre tabernan biltzen ziren adinduen gerra kontuak gogora ekartzen dituzte. Bestalde, gainontzeko kontakizunek hizpide dituzten bikote harremanek keinu ugari egiten dizkiote Bihotz bi-ri, eta hori argi geratzen da Bihotz bi, hilobi bat-en: antzeko izenburua daukate, bietan emaztearen izena Flora da, eta bietan senarra emaztearen heriotzan inplikaturik dago (batean senarra bera da borreroa, bestean beste baten esku uzten du). Saizarbitoriaren marka da esku izerditsuak aipatzea, ekaitzak eztanda egiten duenean senarrak sardina latak jaten bukatzea… Baina, horretaz aparte, Saizarbitoriak bere nobela hauetan zerbait lortu badu, zera da: irakurlea gizonezko protagonista horien konplize bihurtzea. Nire sentsazioa da Saizarbitoriak bere bekatuen konfesatzaile egiten gaituela. Baina, era berean, kontu horiek hain dira benetakoak, norberak dituen akats, obsesio edo dena delakoetatik hain hurbil daude, ezen badirudi gu geu bekatari bihurtzen gaituela.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Aiora Sampedro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak