« Ezpal berriak aterako dituzun menturan | Isiltasunaren hitza »
Skyroom / Ramuntxo Etxeberri / Elkar, 2004
Erdibidean Iban Zaldua / Volgako Batelariak, 2006-02-02
a) Eleberri hau ez zait gustatu; doala aurretik nire inpresiorik azalekoena, eta lehenengoa. Kostatu zait aurrera jarraitzea, lanak izan ditut amaitzeko, eta, batez ere, luzaroan atzeratu dut kritika edo dena delako hau idaztera ordenagailu aurrean esertzeko erabakia: Volgako Batelariok geure buruoi inposatu diegun diziplina irmoa onartu izan ez banu (hots, zozketan egokitutako azken aldiko libururen baten kritika egitea, eta ez norberak hautatutako batena), Skyroom alde batera utzi eta adiskideren baten lana iruzkintzera joko nukeen, edo (oraindik errazagoa izan daitekeena, batzuetan) etsai batena.
b) Eta kostatu zait erabakia hartzea, besteak beste, liburu honetan badaudelako atsegin ditudan gauza batzuk, eta baita egilearen lehenengo nobela delako ere, nolabaiteko zuhurtzia eta jendetasun maila minimo batzuk eskatzen dituen zerbait, orobat. Norbaitek erants zezakeen, argudio gehigarritzat, Ramuntxo Etxeberri egilearen gaztetasuna (1973an sortu zen, Donibane Lohitzunen), baina nik ez diot horri garrantzi berezirik ematen: hogeita bat urte zituela burutu zuen Jane Austenek Harrotasuna eta aurrejuzkuak nobelaren lehenengo bertsioa; primadera kopuru ia bera zeukan Inazio Mujikak Azukrea belazeetan liburuko ipuinak idatzi zituenean; eta adin hori betetzerako Arthur Rimbaudek nahikoa eta sobera egin zuen literatura unibertsalaren orrialdeetan lekutxo bat izateko, sekula gehiago idatzi ez zuen arren. Bestalde, Alberto Méndezek hirurogeita lau urterekin irabaziko zukeen, bere Los girasoles ciegos aurreneko ipuin-liburuarekin, Espainiako Narratiba Sari Nazionala, hau da, beste idazle askoren lana gainbeheran sartzen dela jo ohi den adin agurgarri batekin (“irabaziko zukeen” idatzi dut, eta ez “zuen”, ezaguna den bezala, Méndez saria eman baino hilabete batzuk lehenago zendu zelako, tamalez). Ergo, ez dago adina eta literaturarako gaitasuna zuzenki lotzeko oinarri handirik, edo, beste era batean esateko: susmo txarrak hartzen ditut norbaitek adin-kontuak aipatzen dituenean, onerako edo txarrerako, literatura kontuetan, hortik gurasokerira urrats bat besterik ez dagoelako, gehienetan (arestiko adibide bat, hemen bertan; beste bat, bikoitza, Umeek gezurra esaten dutenetik liburuari Javier Rojok eta Felipe Juaristik eginiko iruzkintxoetan). Edonola ere, liburuaren proiektuak Gazteluma sorkuntzarako beka irabazi zuen, “iparraldeko gazteak euskaraz idaztera lehiatzeko asmoz” sortutakoa Mattin Megadendaren, Elkarlanean Fundazioaren eta Euskal Kultur Erakundearen babespean.
c) Sinopsia: Mikel eta bere alaba, Nina, Ipar Euskal Herritik Ekialde Urrunera doaz bidaian (Hong Kong, Makao, Manila?) aitatxi Peioren sekretuaren bila; agurea hilzorian dago, eta badira etengabe errepikatzen duen hitz misteriotsu bat (balut) eta inguru haietan bera bezala pilotari ibili zen beste gizon baten izena (Jon Aboitiz); jai-alaien historia ilunarekin zer ikusia izango du “ikertzera” doazen misterioa. Abiapuntu horiekin, bidaia liburutik dezente, thrillertik zer edo zer, hiru belaunaldi biltzen dituen nobela kostunbristatik ez gutxi eta metafikziotik amiñi bat nahasten dituen lana eskaintzen dio irakurleari Etxeberrik, hori guztia iparraldeko kutsuko idazkera ez bereziki estandar edo purista (eta, esan beharra dago, nahikoa bizi) baten bitartez. Berrogeita hamasei atalek osatzen dute eleberria, itsas bataila jolasaren arauen arabera markatuta datozenak, antza (A1, A2, B1, E7, H2?), eta letra bakoitzari pertsonaia bat edo pertsonaia multzo bat dagokio (A-rekin seinalatutakoetan irakurleari zuzentzen zaio, zuka, narratzailea; B-a daramaten atalak Mikel eta Ninarengan zentratzen dira; C Mikelengan bakarrik; D amona Maialenengan; E-pean Ninaren nolabaiteko bidaia-egunerokoaren zatiak eskaintzen zaizkigu, etab.). Narrazioa, beraz, fragmentarioa da, flashback eta digresioez tartekatua, baina horrek, berez, ez du bereziki zailtzen irakurketa, inondik ere.
d) Nire eragozpenak liburu honen irakurle bezala hauek dira, laburbilduta. Alde batetik, nobelak kontatzen digun istorio nagusiaren abiapuntua (ezen ez nobelaren beraren abiapuntua, beste bat baita hori), hots, Mikel eta Ninaren urrunerako bidaia, haiek ere bereziki ondo ez dakiten zeren bila, ahul samarra iruditzen zait, literarioki sinesgaitza eta, ondorioz, thriller motako lan bati eusteko gaitasun gutxikoa: izan ere, Skyroomeko ehun eta hirurogei bat orrialde irakurri egin behar dira misterioaren eta suspentsearen lehenengo zantzuak aurkitzerako, eta hori oztopo bat da mota honetako genero-literaturan, nahiz eta argi egon genero-literatura egitea ez zela idazlearen helburu bakarra. Ur Apalategiren Gure Gauzak SArekin konparatzea besterik ez dago, eskuartean darabilgun liburua bezala thrillerraren generotik abiatuta beste zerbait eraiki nahi duen lan gisa alegia: halakoa izanik ere, Apalategiren nobela zorrotz betetzen saiatzen da generoaren arauak, eta horrek bestelako arintasuna ematen dio Gure Gauzak SAri, sakontasunetik ezer kendu gabe gainera.
Bestalde, Skyroomek soberazko informazioa eskaintzen dio, nire ustez, irakurleari; horrek badauka zer ikusia bidaia liburutik duenarekin, akaso. Egun hauetan Benito Pérez Galdósen Fortunata y Jacinta irakurtzen ari naiz, eta pentsarazi dit gaur egun nekez idatzi daitekeela XIX. mendean bezala, zeinetan, beste informazio-iturriak eskasak edo ezin eskuragarriak zirenez, nobelak guzti-guztia kontatu behar baitzuen, istorioa garatzen zen giro historiko-politiko-ekonomikotik hasita, bigarren mailako pertsonaien bizitokien ostilamenduaren azkeneko xehetasuneraino. Gaur egun, zorionez edo tamalez, ez dut uste hori hain beharrezkoa denik, eta Hong Kong edo Makaoren inguruko ohar luzeak lekuz kanpo daudela, edozein entziklopedia analogiko zein digital eskura dugun unetik; baobab moment horiek txertatzeko aukeratutako bidea, hots, hamalau urte eta erdiko Ninaren egutegi modukoa, zeinetan Lonely Planet gidetatik hartutako oharrak nagusi baitira, ez zaizkit bestalde egokienak iruditzen, gazte literatura ez bereziki oneko baliabidetzat har daitezkeen heinean (nota bene: baobabarena Umberto Ecok aipatzen zuen, oker ez banago, azaltzen zuenean nola Salgarik, pertsekuzio-eszena baten erdian, ekintza izozteko batere eragozpenik ez zeukan —esaterako— baobab zuhaitz bat bere ñabardura guztiekin deskribatzeko helburuarekin…). Onartu behar dut ez ditudala jasaten bidaia literaturan horren ohikoak —edo agian ezinbestekoak— diren estrategia horiek, irakurlearen subiranotasuna zalantzan jartzen dutela iruditzen zaidalako, nolabait esateko (Asel Luzarragaren Karonten ere antzeko zerbait gertatzen da; liburu horren kritika baterako, zeinarekin hein batean bat bainator, ikus hau).
Bestetik, Aingeru Epaltzak komentatzen zuen, Nabarra aldizkariko iraileko zenbakian argitaratutako Skyroomi buruzko kritikan, bazuela nobelak melodramarako joeraren bat edo beste, eta irudipena daukat pertsonaiak kutsatu dituela gaitz horrek, eskematikoegiak suertatzen baitira gehienetan; Mikelen eta, batez ere, Ninaren kasuan arrisku hori pixka bat gainditzen du egileak eraikitzen dituen haien arteko elkarrizketa ia beti zolien bitartez (Mikelen gizajotasuna, halere, ez dago nahikoa garatuta edo azaldua, nire iritziz). Kasurik nabarmenena, eskematismo melodramatikoaren alde horretatik, Dong polizia-ofizial filipinarraren pertsonaiarena litzateke: leialtasun komunistakoa, polizian hain zuzen ere leialtasun hori dela eta sartu zena, bere jatorrizko landa-herrixkako neska batekiko maitasunezko desengainu baten ondoren baina, nobela garatzen den unean mendekua du akuilurik handiena, maite izan zuen herriko neskatxa hura prostituta bezala Manilako kaleetan topatu ondoren zorigaiztoko bizitza horretara eta heriotzara eraman duten gaizkileen aurkako mendekua alegia; ez dut esan nahi halako kasurik existituko ez denik errealitatean (ai, errealitatea), agian Manila halako poliziez beteta dago, baina esango nuke nobela honetan aurkezteko erak ez diola haren sinesgarritasun literarioari ekarpen handirik egiten.
Azkenik, narratzaileak(ek) askotan bere funtzioen muga gainditzen du(t)ela esango nuke. Txekhovek zioen bezala, “Artistak ez du bihurtu behar bere pertsonaien eta haien hitzen epaile, baizik eta grinarik gabeko testigu” (aipua Sin trama y sin final. 99 consejos para escritores bilduma ederretik atera dut; Jon Benitoren artikulu bati zor diot liburu horren ezagutza). Mundua ez ezik, mundu hori ikusi behar duen era inposatzen dio askotan egileak irakurleari, eta hori ez da narratiboki lagungarria ni eta nire antzeko irakurleentzat (hauxe diot, kontziente bainaiz egon daitekeela horrek batere molestatuko ez duen jendea). Defizit horrek badu zer ikusirik, bistan da, lehenago aipatutako bidaia-liburu izaerarekin eta baobabaren sindromearekin, baina haratago doa, eta horren zeinuetako bat da zenbat eta zenbat harridura-marka (!) erabiltzen dituen egileak, elkarrizketetatik kanpo alegia, eta adjektiboen ugaritasunean islatzen da ere bai. Eta nago, esaterako, badaudela modu eraginkorragoak, Manilako elizetako giro alai eta ez-formala adierazteko, “Europar elizetan eskatzen zen isiltasuna eta errespetu giro dorpea ez zen batere nabari” idaztea baino, edo kategoria ez oso handiko errestaurante batean sartu direla esateko, beste hau baino: “Bertan zegoen fast food plastikozko jatetxe aterbetu ziren aita eta alaba”; edo beste hau baino: “Delokalizazioa! Egun batetik bestera Europan kokatua zen lantegi bat desegiten zen eta gehienetan Asiara igortzen eta han berriz altxatzen! Europako langileak sobera kario baitira! Horretaz ari zen justuki Mikelekin kalakan ari zen jeune cadre dynamique delakoa!”. Orrialdeak ausaz irekitzean topatutako hiru adibide soil eskaintzearren.
e) Baina egon badaude Skyroomen, gorago aipatu bezala, gustatu zaizkidan gauzak. Elkarrizketen tonu bizia, esaterako, oso arte zaila dena. Ironiaren eta autoironiaren erabilera (Karlos Linazasorok dioen bezala, ez dago autoironiatik abiatzen ez den ironia onik). Egileak amaierari ematen dion norabide aldakuntza iradokitzailea. Eta A-z markatutako atalek, bigarren pertsonan idatziak, eskaintzen duten ikuspegi metafikzional eta, berriz ere, ironiko oparoa, euskal literaturaren eta irakurlegoari buruz gauza benetan esanguratsuak aditzera ematen dituena, oso eskertzekoa den etorriarekin.
Bestalde, bai, egia da, Mikel Asurmendik bere iruzkinean aipatzen zuen moduan, egileak ez duela “euskalduna santu gisa erretratua paratu (?). Alegia, gure on ustezko moldeak aspaldian hausten hasi ziren ere, eta Iparraldetik hori berrestea etorrita ez dago batere gaizki”, baina gogoratu beharko litzateke hori, osasungarria den arren, egin dutela jada inguru beretik Itxaro Borda edo Antton Luku bezalako idazleek, bi baizik ez aipatzeko, hots, ezin dela beraz ekarpen izugarri originaltzat hartu.
Edonola ere, aipatu ironia horren erakusgarri txiki gisa (ez da inola ere bakarra), hona hemen pasarte bat, Ninaren eta antzerki-festibal bat antolatzen ari den Maika bere izebaren arteko telefono-elkarrizketa batetik hartua:
—Eta zure lankidea? ospitalean? Zer gertatu zaio?—Asteburu honetan Donostiara joan da pesta egitera. Poteoa eginez hasi da loditzen, hanpatzen, kasik ito zaigu! Alergiak egiten ditu iduriz pintxo mota berezi batzuei! Nork ditu salatuko kroketaren lanjerrak!
—Festibalaren egitaraua finkatu duzu?
—Aspalditik! Aurten bitxikeria interesgarriak baditugu?
—To?
—Publikoari bere ipurdia erakutsiko EZ duen katalandar aktore arraro bat.
—Behingotz!
—Probokazio hutsa! Bakarrik gelditzen da ezer egin gabe eszenatokiaren gainean eta publikoa begiratuz isilik egoten da oren erdi batez.
—Eee?
—Zaude! Publikoaren erreakzioak zuzenean filmatuak dira! Eta aktoreen gibelean ezarria den pantaila erraldoian ber denboran erakutsiak! Batzuek, altxatu eta alde egiten dute, besteak oihukatzen hasten! Bor-del hu-tsa! Horrek du ikuskizuna sortzen! Modernoa ezta?
—Erantzuteko Joker bat har dezaket?
f) Baina zerk pisatzen du gehiago balantzan, niretzat? Erakargarriak suertatu zaizkidan gauzak ez dira nahikoak izan irakurketa oztopatu didaten hesien gainetik jauzi egin ahal izateko. Nobelak badauka zerbait, ez dut ukatzen, baina ez zait nahikoa. Irudipena daukat, gainera, euskarazko kontsumoko literatura izateko zorian dauden lan bat baino gehiagoren bidea hartu nahi izan duela Skyroomen egileak ere, hots, ez kontsumoko literatura hutsa egitearena, baizik eta, nahi bada hortik abiatuta, literatura jasora hurbilduko lukeen zerbaiterakoa, hemen inork ez baitu egin nahi kontsumoko literatura (mesedez). Hortxe kokatu beharko litzateke, nire ustez, atalen numerazio bitxiaren kontua (A1, H3?), tonu esperimentalekoa nahi bada, baina ez diona liburuari funtsezko ezer ekartzen, istorioan zehar itsas batailaren jolasa aipatzen dela egia den arren. Baina suspensea sortzeko eta mantentzeko gaitasun ezak, besteak beste, emaitza gorabeheratsu batera eramaten du ahalegina, eta erdibide lauso batean uzten eleberria.
(Eta horrek guztiak euskarazko kontsumoko literaturaren edo, hobeto esanda, kontsumoko literaturen inguruko hausnarketa batera eraman beharko ninduke, eta izan ere hala da, azken aldi honetan ildo horretan koka daitezkeen zenbait lan irakurri ditudalako, hala nola aipatu Karonte, Gloria mundi, Alberto Ladronen bat edo beste? baina buruan darabiltzadan hipotesi horiek oraindik oso nahasiak direnez, eta ziurrenik aurretik ere formulatu ditudan beste asko bezain nahasgarriak edota imajinarioak suertatuko direnez, gaia beste baterako uztea erabaki dut).
Izan ere, agian komenigarriagoa da jarraitzea, hemen, eleberriaz nik baino dezente gehiago dakien Aingeru Epaltzaren iritzia, zeinaren arabera goizegi baita “oraino hain baikor izateko, baina euskal literaturak (?) etorkizunik izanen badu, nolako ezaugarriak izan beharko lituzkeen zantzu bat baino gehiago aurki daiteke Skyroom liburu honetan: literatura hiritarra, ikonoklasta, genero eta estilo nahastailea, topikoetatik abiatuta ere topikoen desegitea bilatzen duena, (?) hizkeraz mestizoa, umorea osagai garrantzitsutzat hartuko duena, (?) gure zokoaz gain munduaz mintzatuko dena edo, are gehiago, munduaz mintzatu ezina egiaztatzen duena”. Aldarrikatu daitekeen bakarra ez den arren, balizko programa erakargarria iruditzen zait Epaltzak proposatzen duena. Hala bedi.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres