kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Kearen truke / Aritz Gorrotxategi / Alberdania, 2005

Axularren itzal galdua Aingeru Epaltza / Nabarra, 2005-12

Bada marka gurea. Zenbait hamarkadaz gibelat eginez gero, izan ditugun liburuek baino areago, izan ez ditugunek liluratzen gaituzte. Etxepareren autobiografia, Lazarraga gazte neskazalea zeneko joan-etorriak, Leizarragaren erlijio gerletako oroitzapenak, Axularren izkribu lizunak… Ez daude idatzirik, baina egon beharko lukete. Gure literatura zaharrak maitatzeko ahaleginak egin behar izaten dituzten idazle franko kilikatu izan du noizbait apokrifoen abenturan abiatzeko tentazioak. Bertze toki batzuetan usuak dira idazlan klase hauek. Hemen, berriz, begirune handiegia diegu gure klasikoei. Edo handiegia izan halako ateka batetik onik ez ateratzeko beldurra.

Idatzi behar gaberik ere literaturgai bilaka daiteke, hala ere, apokrifoa. Gaur egun inoiz baino apalategi gehiago apaintzen dituzte liburu galduetan ardazturiko nobelek. Esoterismoaren modatik harata ere, intrigazko bilbe nahasiei ematen diete abia. Gure artean, Jon Alonsok duela zenbait urte idatzi Katabegi galdua da horren adibiderik ezagunena.

Kearen truke Aritz Gorrotxategiren azken elaberria ere bide bertsutik heldu zaigu: liburu desagertu baten inguruko korapiloa. Badira ezberdintasunak, dena dela, eta ez soilik idazle bakoitzaren estiloari dagozkionak. Iruinsemearena ez bezala, donostiarraren lana hilketa batetik abiatzen da eta idazle ezagun baten —Axular— liburu ezezagunaren bilaketa du kontakizun. Inguru sozio-politikoaren karga ez da hain pisua, nahiz eta horren oihartzunen bat ere aurki daitekeen. Alde horretatik, Kearen truke beltzagoa da, poliziakoagoa, eta ez bakarrik protagonista bera ere lanbidez halakoa delako. Giroak eta gisa honetako nobelei dagozkien topikoen agerpenak (hala-holako biziera duen ikerlaria, edalea, dibortziatua…) areagotzen diote kutsu hori.

Hain zuzen ere, generoaren konbentzioen erabilera trebean daude, gure ustez, lan honen lorpenik handienak. Lehen-lehenik, arkitektura egoki eta azkeneraino taitua aurkezten du, pasarteen noiz-nolakoak azkeneraino neurtzen dituena. Eraikuntza horren barrenean, gertakariak elkarren segidan etortzen dira, di-da, hats hartzeko astirik eman gabe. Erritmo bizi-bizian, irakurleak, sarean harrapaturik, amen batean irensten du Gorrotxategiren proposamena. Egileak, alde horretatik, ez du inor engainatzen. Hasieratik nabari zaio: liburu entretenigarri bat plazaratu gogo zuen, eta halaxe egin du, nahikeria handiagorik gabe.

Beraz, nire errua da akabailan ahoan gelditu zaidan zaporeak gozotik bezainbat gazitik hartu badu. Ezin uxatu dena azkarregi eta batik bat arinegi joan delako sentipena. Bukaera bera, gehiago dagokio narrazio motz baten logikari, nobela batenari baino. Nik, bederen, gai honekin, liburu pisuagoa eskertuko nukeen, mantsoagoa, xehetasunetan eta ñabarduretan baratu zalea, pertsonaietan eta egoeretan gehiago sakonduko zuena. Axularren itzal galduak horrenbertze merezi zuen noski.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak