kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Emakume ezezagun baten gutuna / Stefan Zweig (Edorta Matauko) / Igela, 2005

Ez dakizu, baina… Iñigo Roque / Gara, 2005-11-19

Neke izaten dugu klasikoetara hurreratzea, edizio doratuegiek edo eskola usain larregikoek uxatuta. Igela argitaletxeak, ordea, bide hori zelaitu egiten du. Horrenbestez, ondoz ondo ikusten ditugu liburudendetan euskal idazleen azken obrak eta lehengo gizaldiko klasikoen lanak.

Oraingoan Stefan Zweig-en liburu txiki bat ekarri digute igelek (guztia izendatu zaleek idazlan apalagotzat hartuko lukete), austriar idazlearen prosa naroaren frogagarri.

“Nire semea bart gauean hil da… “, halatsu hasten dira liburuko, gutuneko, pasarte guztiak. Emakume batek bere berri ematen dio umetatik maite izan duen gizonari. Gutuna egiten dio bion semea hil dela gaztigatzeko. Gizonak ez dauka umearen berri, eta ez daki xuxen nor den emakumea (horregatik izenburuko “emakume ezezaguna”). Gutunak ia liburu osoa hartzen du, eta, hala, emakumearen ahotsa baino ez da ageri, gertakarien mataza harilkatzen. Liburua hasi eta bukatu, hala ere, gizonaren aurkezpenarekin eta erantzunarekin.

Idaztankera eraginkorra bezain dotorea da, eta itzultzaileak ondo baino hobeto jakin du euskarara ekartzen. Liburuan, intrahistoriara lerratzen da Zweig, pertsonaia itzaltsuak (Maria Stuardo, Maria Antonieta…) eta hotsandiko gertakariak alboratuta. Horrenbestez, amodioak itsututako emakume xehe baten estualdiak kontazen dizkigu egileak: gizonaren axolagabekeria, ama ezkonbakoen ataka latzak…

Ingurua zertzelada llaburretan marrazten du idazleak: Austria, gerrarteko garaian (Oteitzak esperantzaren gizakiaren garaia esaten zion arren, hura ere nahiko garai lastimagarria izan zen, batez ere Gerla Handia galdu zuten herrialdeetan). Izan ere, gizartearen gaineko aipuak zeharka baino ez dira azaltzen lerroarteetan. Nolanahi ere, arinkeria litzateke esatea liburuko unibertsoa gutunaren idazlea (emakumea) eta irakurlea (gizona) baino ez direla, bain batzuetari hala ematen du. Argi dago gizonaren egoera soziala atsegin duela emakumeak, eta huraxe eskaini nahi izango dio semeari, kosta ahala kosta, “arloteen hizkera baldarra” ez izateko eta “txiroen arropa zarpail kirasduna” ez janzteko. Horrexek liluratu zuen, gainera, emakumea, gizonaren dotoreziak, zerbitzariak, liburu piloak…

Liburua emakumearen eta gizonaren arteko hiru enkontruetan funtsatzen da: umetan, nagusitan eta semea izan ondoan. Amodioa aldatuz joango da, larriminez beterik, haatik. Umetan, “haur baten ezkutuko maitasuna” izango da, “fanatikoa”, “espantu grotesko”z betea. Gero, grina “gero eta esnago, kartsuago, korporalago eta emeago” bilakatuko da.

Gizonak, burges bizizaleak, ahaztu egingo du emakumea, harekin elkartutakoan, eta behin ere ez du ezagutuko. Emakumeak, ostera, “maitea”, “laztana” esango dio gutunean, ez du larritu nahi izango (“Ez beldurrik izan, ez zaitut areago gogaitu nahi… “), haren esperantzan bizi izango da beti.

Eta tartean umea egongo da, “zure beste nia”, gizonari atxikirik egoteko bitarteko bakarra. “Nire semea hil da, gure semea”, esango dio patetikoki, eta jakinaraziko: “Mundurik ez zegoen zurekin lotuta ez bazen”. Emakumeak ez dio kontzientzia zamatuko: ez dago biktimarik; bere borondatez jo zuen harengana. Maitasun gaixobera baten kronika da, baina duela hainbeste urte izkiriatu arren, irudi du ez zaigula hain urrutiko suertatzen.

Kilikagarria da hain aspaldi idatzitako gutuna jasotzea; eta laketgarria, euskaraz irakurtzea. Zizka-mizkak ase ez duenak behialako liburuen apaletan bila dezake Xake nobela (Alberdania, 1999).

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak