kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Bidaiarik luzeena / Amaia Iturbide / Erein, 2005

Begirada haluzinatuak Iñigo Roque / Gara, 2005-10-08

Duela hamar urte baino gehiago Amaia Iturbideren “Itzulbidean” liburuarekin topo egin nuenean, oso txairoak iruditu zitzaizkidan poetaren doinua eta hizkera. Harrezkero, Amaiak beste poesia-liburu bat eta hainbat saiakera-liburu eman ditu. Oraingo hau dugu, hala ere, haren lehenengo narrazio-liburua.

Liburu hau ohiz kanpokoa da. Ausarta da oso, eta, neurri berean, zaila. Inork ez dezala espero kontakizun lineal xalorik. Idazlearen estiloa jabetu egiten da liburu osoaz. Irudiak, sinboloak, metaforak, egitura paraleloak eta beste etengabe ari dira, atertu gabe. Boxeolariak jira eta bira ari dira, Eguzkia eta Ilargia zeruan legez. Rolls Royce-k lehen jaunartzeko jantzien ukitu leuna dute… Halako hamaika ale ageri dira liburuko zoko-moko guztietan. Liburua, beraz, kontzientzia osoz irakurri beharra dago, irudiek iradokitzen dutena ikusteko. Kontatzen denak adinako garrantzia du kontamoldeak, horratik.

Pertsonaiak munduaren hegian, ertz-ertzean, mugitzen dira. Kolokan daude, ez hanka ez buru ez duten istorioetan. Igeltsero bati, esaterako, anonimotasunak min egiten dio, jasotako eraikinetan haren izenaren arrastorik ez dagoelako. Beste batzuk, berriz, pertsonaia lausoagoak izango dira, galduak, aienatuak. Taxidermista animalia hilekin hasiko da hizketan, eta bere burua apailatuko du hiltzen denerako.

Irudi batzuk errepikatu egiten dira; esate baterako, meategia, argirik gabeko ilunpea. Heriotza ere hurre ikusten dute pertsonaiek; haren aieruak ugari dira liburu osoan, heriotza-korridoreetan, gaualdien zurrunbiloan, Ostegun Santu odoltsuan, Judizio Jeneralaren irudietan. Pertsonaiek gure inguruko izenak izaten dituzte: Gorka, Jazinto, Felix, Jokin, baina horien ondoan, istorioen gertaleku izaten den ezleku horretan, izen arrotzeko jendea agertzen da, geografia fisikoa eta giza geografia zeharo nahasiz eta itzulikatuz. Bidaiak ere ez dira egiazkoak izango, gogoak eramaten baititu pertsonaiak hara eta hona, denbora-espazioan. Dena den, lekuek egiantza izango dute, XIX. mendeko hiri perfektuen planoek legez. Eta kaleak, bazterrak, parkeak, katedralak… xehe deskribatzen ditu, etxe ondokoak direla sinetsarazteraino.

Kontakizunak eratzeko, pertsonaiak antzaldatu egiten dira, edo inguruak berak. Metamorfosi burugabeak jazotzen dira. “Goialdea” narrazioan, esate baterako, zaharberritzaileak murgildu egingo dira eraberritzen ari diren muralean, Elizako hormako Josefaten. Tabernazuloek Grezia klasikora eramango gaituzte, Platonen kobazuloraino.

Idazlearen jaidura kulturalista ere ondo agerian dago. Bestela bezala igarotzen dira Grezia klasikoko pertsonaiak eta mitoak, edo haien itzalak, liburuen aipamenak, pintore entzutetsuak, arte-iruzkinak… “Tatuajearen musua” dugu horren erakusgarri.

Idazkera oso dotorea darabil Amaia Iturbidek, zaindua, guztiz umotua, eta horrek, apur batean, leundu egiten ditu liburuaren bihurguneak. Hona hemen, ahogozagarri: “(…) ilargi alpetarra bidaide, eski-estazioa hortz bat zela iruditu zitzaion, hortzak txori lokartuak zirela eta esnatu bezain laster, elur gainean aztarnaren bat uztea dutela xede”.

Liburua amaitu berritan oraindik ez dakit zer esan. Zulo antzeko bat utzi dit sabelean, durduzaz. Batzuetan begitantzen zait artifizio larregi daudela lerro guztietan, eta narrazio arinagoetan gusturago pausatu naizela. Beste batzuetan, oso liburu pertsonala iruditzen zait, helezina, eta esaten direnen erdiak ere ez ditudala konprenitu. Aireari ere ezin zaio oratu.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak