kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Belarraren ahoa / Harkaitz Cano / Alberdania, 2005

Delizia bat Karmele Jaio / Beterriko Liburua, 2005-03

Itsaso zabala. Bi hitz hauekin eman dio hasiera Harkaitz Canok “Belarraren ahoa” narrazioari. Eta irakurtzen hastearekin batera sentitu dut liburuaren portadak duen urdin koloreko itsaso zabal bat ireki zaidala begien aurrean eta dzanga egin dut uretan, neuk ere narrazioko pertsonaiek bilatzen duten askatasuna kresaletan aurkitu ahal izango banu bezala.

Delizia bat da Canoren lana irakurtzea. Hasi eta amaitzekoa da eta bukaerara heltzean hasperena egitera behartzen zaitu. Hasperen bakar batean lerro artean eskaini zaizkizun guztiak irentsi nahian bezala. Baina hasperen bakarra ez da nahikoa obra labur baina mamitsu honek eskaintzen duen guztia irentsi ahal izateko. Edo agian bai. Hasperen bakar batek hamaika hasperenen kapazitatea izan dezakeelako.

Gizakien askatasunaz hitz egiten digu idazleak eta horretarako bere irudipenak agintzen duen bezala erabiltzen ditu Hitler eta Charles Chaplin bezalako pertsonaia ezagunak. Inolako bertigorik gabe, lekuz kanpo jartzen ditu eta gauza bitxia lortzen du, irakurleari ez zaiolako zorakeria iruditzen. Behin idazlearen prosa poetikoan jausiz gero, ez dagoelako handik irteterik, amaraunean jaustea bezala delako.

Lehenengo orritik azkenekora arte irakurleak Canoren metronomoaren erritmoa jarraitzen du, esaldiz esaldi, paragrafoz paragrafo. Irratiko kanta isilean abesten den bezala irakurtzen dira haren hitzak. Hitlerrek Wagnerren musika Manhattanen zabaldu zuen moduan, horrela zabaltzen baita Canoren idazkera musikala irakurlearen buruan, beere tempo, bere isiluneekin.

Idazleak testua hustu egin duela ematen du, funtzio bat betetzen duten hitzak bakarrik mantendu dituela. Beste guztiak kanpoan geratu dira, lerro arteko hutsuneetan, izebergaren beheko aldean. Arintasun eta azkartasun sentsazioa ematen dio honek narrazioari.

Aukeratu ez dugun mundu batera jaurtiak gara eta mundu horretako legeetara egokitu behar dugu. Hori ulertu diot idazleari lerro artean. Derrigorrez egokitu behar dugula tokatu zaigun garaira, testuingurua. Horra hor banakako askatasuna lortzeko lehen oztopoa. Canok dioenez, “ez baitu oheak gure gorputzaren itxura hartzen, guk geure ohearena baizik”. Ez baitu munduak gure itxura hartzen, guk bizi garen munduaren itxura baizik.

Irudi indartsuak erakusten dizkigu. Hain dira indartsuak eta garbiak pantaila baten aurrean gaudela ematen du. Zuri-beltzeko film bat. Charles Chaplinen garaiko bat. Eta kapitulu bakoitzaren bukaeran pantaila ilundu egiten da erdi-erdian dagoen elementu baten inguruan. “Idazmakinak hantxe jarraitzen du. Baina ez du ezer esaten. Eta hitz guztiak daude here baitan”. Eta idazmakinaren inguruan iluntzen da pantaila.

Itsaso zabalaren zeruertzera begira utzi nau “Belarraren ahoa” honek. Eta ezin ditut begiak handik altxatu.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak