kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Skyroom / Ramuntxo Etxeberri / Elkar, 2004

Zinema gidoiaren jariakortasuna Fito Rodriguez / Berria, 2005-03-01

Ramuntxo Etxeberriren opera prima, Skyroom, luzea izanik ere (315 or.), berehala irakurtzen den eleberri horietakoa dugu. Baina, irakurketa azkarra eta samurrekoa izan arren, hara gerturatzen den literaturazaleak, zoritxarrez, sorpresa txarrak ere aurkituko ditu. Edonola, nire uste apalean, nobelari antzematen zaizkion hutsuneak idazleari berari baino beste norbaiti leporatzea, hobe.

Etxeberri sortzaile bezainbeste originala den eleberrigilea dugu. Bere idazkerari jariakortasuna dario (joritasuna eta guzti), eta gainera, historiak lotzen eta txirikordatzeko errekurtsoak, eduki, baditu. Bataille navale edo Itsas borroka jokoa erabil dezake atalak zenbatzeko pertsonaien arteko hurrenkera irudien bidez azaltzen digun bitartean. Izan ere, nobelan gertatutakoa horren da bizkorra ezen askotan zinemaren gidoiaren aurrean gaudela dirudi. Idazlea orojalea badela (oroirakurlea beharko genuke esan…) begibistakoa da zeren bidaiak eta historia, Asiako deskripzioak eta Euskal Herrikoak, haiek denak, batzuek besteen ondoren datoz berehalako jarraipen naturalean.

Orson Wellsek erakutsi zigun bide beretik (Citizen Kane-ko rosebud ele ulertezin ospetsua), hilzorian dagoen Peio aitona pilotariak inork ulertzen ez duen hitz bat errepikatu ohi du ospitalean etengabe. Hitz horren esanahiaren bila aitona gaztetan aritutako frontoietara, Manila aldera, abiatuko dira aita-alabak (Mikel eta Nina). Bidaia horren kronika dugu nobela honen ardatza. Hartan, ordea, senideen arteko harremanak, Filipinetako Markos diktadurako garaiak eta abar… nahasten joango dira ziztu bizian bilakatuz doan nobelaren harira.

Eleberrian aurkitzen dugun hizkuntzaren trataeraz aritzeko, berriz, duela gutxi arte Nafarroako Bertsolari Txapelketetan entzuten genituen hizkerak erabiliko ditut adibidetzat. Hirurogeita hamarreko aldiaren hondarretik ia gaurdaino aipatu txapelketetan Mendiburu, Mixel Aire, Ezponda edo Alkat, Argiñarena anaiak, Madariagatarrak edo Olanorekin batera ikusi eta dastatzerik izan dugu. Eta dastatu diot, zeren hala haien hizkuntzaren berezkotasuna nola beren bertsogintza ere, ezin baita gaurko txapelketetan aditzen dugunaz inola alderatu. Behe-nafarrik gabe egun ospatzen den Nafarroako Bertsolari Txapelketan Euskal Herrikorako berriki egin izan den Iparraldeko kanporaketan bezala, euskara dotoreagoa zein bertso eginagoak entzuten baditugu ere orduko hizkerak nahiz bertsoerak, haien aniztasunean, galtzeak mintzen gaitu.

Etxeberriren idazkeraz antzera gertatzen da. Berezko jarioa badu, dudarik gabe. Eleberria eratzeko, betetzeko zein atontzeko jakinduri literarioa ere badu, eduki, baina, eskaintzen digun produktuak, aldiz, zerbait badu soberan. Zerbaitek karranka egiten du nobelaren garapenean eta, nago, ez dela, kasu honetan behintzat, idazlearen erantzukizuna argitaldariarena baizik.

Xanpunek edo Mattinek bertsotarako erakusten zuten tankera berreskuratzerik ez dagoela badakit. Artetxek eta Kolinak euskaraz nahiz bertsotan ongi, oso, egiten dutela jabetzen naiz. Aitzitik, bertso munduan ez bezala, Ramuntxo Etxeberriren idazkerak iraun behar badu bere hartan, daukan jariakortasuna eta guzti, apaindu eta orrazteko premia duela deritzot. Berak egiterik ez duen lana. Editorearen betebeharra. Hots, ez dut esan nahi Etxeberriren idazkiak edertu behar direnik, argitaldariak eleberri bati antzematen dizkion soberako trabez nahiz pisuez arindu baizik.

Ramuntxo Etxeberri hautatu zuten, Gazteluma bekaren bidez, nobela hau idatz zezan. Baina, nire ustez, epaimahaienak zein editorearenak ez dira hor amaitzen.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak