kritiken hemeroteka

8.769 kritika

« | »

Gauza txikien liburua / Pako Aristi / Erein, 2004

Denborabideak Iñigo Roque / Gara, 2005-01-15

Pako Aristik gauza txiki-handiez berba egiten digu azken liburuan. Aurkezpenean bertan gaztigatzen du zintzo arituko dela, biluzik; liburuetan inplikatzen diren horietakoa dela. Beraz, hitz politen bila dabilenak alferrik arakatuko ditu orrialdeak; egia bila dabilena ere, zaputzak hartuko du.

Batzuetan fikzioa erabili arren, gehientsuenetan artekaririk gabe, Aristik bere aldartea erakusten digu. Batzuetan badirudi oraintxe ohartu dela gazte izateari utzi behar diola. Berrogei urteen krisiaren kontuak. Idazlea idazle agertzen da, eta literaturaz dihardu, literaturaren zereginaz eta zentzuaz: literaturak idazlearen sentimenduak hoztu, eta, gero, irakurlearen barrenak kiskali behar ditu. Idazle batzuen ugaritasunaren aurka agertzen da, eta isiltasunaren garrantzia aldarrikatzen: isiltzea zailagoa ei da idazten ikastea baino. Orrialde batzuk aurrerago, poema tankeran, ironiaz azaltzen dizkigu isiltasunaren zorigaitzak: esan behar dena garaiz ez esateak nolako ondoreak dakartzan. Egiak ez dira egundo biribilak.

Aristi idazlearekin batera, musikaria azaltzen zaigu: nola ikasi zuen gaita eta organoa jotzen. Eta kontakizun horiek beste gogoeta batzuetara garamatzate, beldurraren gainean solas egitera, kasurako. Liburuan dena lotuta baitago, eta ezer ez dago alferrik.

Maitasuna eta maitemina ere han eta hemen azaltzen dira, orainaldiko hustasuna eta oroimenaren epeltasuna. Behiala ondoan izandako horri idatzitako poesiak, mezuak… hazten dira zokondo guztietan. Eta liburuan garai bateko zorrek ere lekurik badutenez, harako neska hari azaldu nahi eta ezin izan zion auzia dakarkigu, puntuz puntu ebatzia: zertan diren diferenteak maitasuna eta maitemina.

Liburua, hala ere, ororen buruan, denborari buruzko gogoeta da. Zahar eta umeenganako halako miresmenaren ondoan, bere belaunaldiko jendea beldurrik gabe larrutzen du idazleak: iraganeko ametsak alboratutakoak dira; eta orain kredituak, ezkontzak eta ipurterrekeriak bizi dituzte. Aurrerago, ordea, Aristiren hinki-hankekin topo egiten dugu: hautatutako bizimodua egokiena ote den. Izan ere, amari atzera erantzun beharko dio esku artean duen liburuak ere ez diola dirurik emango; bakarrik dago. Bidegurutzean, bakardadearen izu-laborria sartuko zaio hezurretaraino, zaharregia ote den sororik soro ibiltzeko. Izan ere, biziaro bakoitzak bere beldurrak dituen arren, bakardadeak ditu guztiak elkartzen.

Eta oroimena hortxe dugu, tinko. Haren aurka ez dago borroka egiterik. “Zumezko makilak gara gaztetan, eta oroimenez betetako otarreekin amets egiten duten arbolak zahartzaroan”. Oroimenak, urteak joatearekin batera, sendotu, gogortu egiten gaituela adierazten digu horrela galiziar laborariak.

Inguruko mundura ere begiratzen du idazleak, eta hildakoak baino ez zaizkio agertzen ametsetan edo akorduan. Gandiagarekin amets egin, eta panegiriko ofizialetan usatzen ez direnak idatzi ditu Aristik, pertsonenganako erabateko lilura ezina baita. Oteitza ere bidean gurutzatuko du irakurleak. Eta liburuaren hondar aldera, Polixene Trabudua ere etorriko zaigu, ipuin eta guzti.

Liburua oso pertsonala da; bere-berea du idazleak. Denboraz, bizitzaz, idazletzaz eta harentzat, txiki direla esan arren, garrantzizko diren gauzez dihardu Pako Aristik. Ahaleginak pasarte gogoangarriak ekarriko dizkio irakurleari. Trenez ibiltzen denak, esatera, “Bidaia bat trenean” izango du atsegin; bertsozaleak, “Urrun dabilenaren gosea”… Nork bere istorioa aurkituko du han edo hemen.

Azken kritikak

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

Hedabideak