kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Txikira beti hordago! / Bertol Arrieta / Erein, 2004

Txikira ere bai Maider Ziaurriz / Berria, 2004-11-19

Aurreko astean, Ipuin izugarriak bildumaz hitz egin zuen Gotzon Hermosillak tarte honetan, eta ipuinari merezi duen tokia ematen saiatu zen. Egia da literaturzale gehienek gehiago estimatzen dutela nobela, eta ipuinak askotan nobelaren hegal azpian egin behar izaten duela habia; baina azkenaldian ipuin liburu batzu-batzuk atera dira habia horretatik; nobela bati baino gehiagori itzal egiteko modukoak, gainera. Ez ditugu oharkabean pasatzen uzteko, besteak beste, Eider Rodriguezen Eta handik gutxira gaur, Karmele Jaioren Hamaika zauri, Iban Zalduaren Itzalak… Eta horien artean sartu behar dugu gaurko aukeratu dudan Bertol Arrietaren Txikira beti hordago! ere.

Txikiak, bai, hala dira ipuinok, baina txikiari ere, handiari bezala, tamaina hartu behar zaio, eta Bertol Arrietak ondo hartua dio neurria ipuinari. Hordagoka ari zaigu, behintzat, asko aritutako jokalarien ziurtasun eta zuhurtasunez, bai baitaki ez dela gaizki ibiliko eskuartean dituen aparteko zazpi ipuin hauekin. Bide batez, txikia handiarekin lehia daitekeela ere erakutsi nahi du; hau da, hordagoa bota daitekeela txikiarekin, musean bezala literaturan ere. Hala dirudi, behintzat, izenburuari erreparatuta. Gainera, mus jokoarekin lotze horrek beste konparazio baterako ere balio digu: agi denez, ezustean harrapatu nahi du Arrietak irakurlea, muslariak joko lagunekin egiten saiatzen diren bezala. Edo, behintzat, kontakizun bakoitza berezi eta original egiten ahalegindu da, eta irakurleak ez du jakiterik izango hurrena zein istoriok katigatuko duen.

Ipuin batzuek, gainera, badute halako ukitu exotiko bat, eta ezinbestean Euskal Herritik kanpo kokatu ditu. Paris, Londres eta New York dira toki horietako batzuk —besteetan ez du esaten istorioa non gertatzen den—. Hiri handiak, hiri kosmopolitak, pertsonaien bakardadea areagotzen duten hiri inpertsonalak dira horiek. Hala ere, pertsonaiak ez dira nora ezean ibiltzen hiri mugagabe horietako kale jendetsuetan: metroko geltoki batean, taberna batean, kale batean… ondo toki mugatuetan galtzen dira. Bestalde, Igo gailua ipuina kontatzeko, nahikoa izan du etxe bateko igogailua.

Pertsonaietan ere denetarik aurkituko dugu: metroko gidari bat, ketxuar igerilari iaio bat, kaleko pianista bat… Baina, itxura batera ezerk lotzen ez baditu ere, denek dute zerbait batean, narrazioaz gaindi lotzen dituen joera moduko bat: bakarrik daude denak, eta bakarrik sentitzen dira; inoiz izan dute amodiozko istorioren bat, eta nolabait inoiz iritsi dira zoriontsu izatera ere, baina denek amaitzen dute berdin: desamodio eta bakardade sentipenarekin. Ez dute hitz egiten beren bakardadeaz eta tristeziaz, baina irakurleak barneratu egiten du sentipen hori, hitzez adierazi baino gehiago giroa eta pertsonaien aldartea erakusten asmatu baitu Bertol Arrietak.

Batzuetan, filmetan bezala ikusiko ditugu istorioak tapa-tapa aurrera egiten, idazlearen luma ia sumatzen ez dela. Eta, jakina, kontatzeko erraztasun horrekin, irakurlea harrapatzea eta kontakizunarekin bat egitea lortzen du. Ez da gutxiagorako, nolabaiteko kalitate ziurtagiriarekin kaleratu baitu liburua: What a wonderful world narrazioak Ipuin Saria irabazi zuen 2003ko Donostia Hiriko Kutxa literatur sarietan, eta Amodiozko gutuna izenekoak 2002ko Amodiozko Gutunen Berrigara Lehiaketa irabazi zuen.

Eta, hain zuzen, What a wonderful world ipuin saritua nabarmendu nahi dut, oso egitura berezia baitu. Ipuin horretan, Sam ezagutuko dugu. New Yorkeko kale berberetatik pasatzen ikusiko dugu egunero, pianoa bizkar gainean; egun batean bai eta hurrengoan ere bai, jende berberarekin topo egiten ikusiko dugu, eta nola beti diosal eta paseko hitz berberak egiten dizkioten elkarri; pianoa toki berean jotzen entzungo dugu, hotz, euri edo bero egin; aldarte bereko irudituko zaigu, uda edo negua izan… Funtsean, urtaro bat joan eta bestea etorri, ez du ematen ezer gertatzen denik, baina, pixkanaka, sasoi bakoitzak arrastoa utziko du Samen bizi-gogoan.Eta Sami bezalaxe, beste pertsonaia hauei ere lege handia hartzen zaie: Marie metrotik metrora ibiliko da, haurdun utzi duen gizonaren bila; Aneyru, igeri eta igeri, itsasoak mugarik ba ote duen jakin nahian; Oswaldok emaztea erosi behar izango du, bakardadean lagun egingo dion norbait izateko…

Zazpi hitzetan esanda: zazpi pertsonaia bakarti, eta zazpi istorio hunkigarri.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak