kritiken hemeroteka

8.684 kritika

« | »

Bilbo dub kronikak / Paddy Rekalde / Susa, 2004

Hiriaren bihotzeko taupadei adi Gotzon Hermosilla / Berria, 2004-07-24

Paddy Rekalde “apurka-apurka ibilbide literario sendo, fresko eta estimagarria” egiten ari dela idatzi nuen iaz, orain itxia (baina ez isildua) dagoen egunkari batean. Aurten Rekaldek beste pauso bat eman du norabide berean, eta Bilbo dub kronikak poema liburu berria ailegatu zaigu Susaren eskutik.

Rekalderen bigarren poema liburua da hau, 2000. urtean Txalapartak Sex abaroa argitaratu baitzion. Lan hori kenduta, Deustuko idazlearen obra osoa narrazioaren esparruan kokatu da orain arte: ipuin liburu bi eta eleberri bat. Orain, poesia jorratzea erabaki du Rekaldek, baina, hala ere, ez dio istorioak kontatzeko tentazioari ihes egin. Narratiboak dira liburu honetako poema gehienak, istorioak kontatzen dizkigute, istorio txikiak, pasadizo xumeak: hiriaren bihotzeko taupada egunerokoak, baina poetaren begi zoliaren aurrean oharkabean igarotzen ez direnak.

Rekalderen kezka literarioen berri dakienak ez du ezustekorik hartuko poema hauek irakurtzean. Aurreko liburuetan bezala, baztertuak, zapalduak, munduak ahaztu dituenak hartzen ditu aintzat: etorkinak, prostitutak, arloteak, heroinazaleak, boxeolariak. Galtzaileak, hitz batean esanda. Bizitzaren zamak azpiratu dituenekiko samurtasuna eta horren kontra oldartzen direnekiko miresmena dira Rekalderen begiradaren ezaugarri nagusiak, aurreko liburuetan bezala.

“Herriminari gerra”, aldarrikatzen du Rekaldek izen bereko poeman. Herrimina barik, hirimina dario poema sorta honi. Rekaldek gogoan du iraganeko Bilbo langile, jator eta gizatiarrago hura; gaurko hiri moderno eta mortu honetako kaleetan, poetaren hitzetan “pasabide hutsak” diren kaleotan, ments ditu behialako bizitasuna, gaztetxe zaharra, irrati libreak, paisaia industrialak. Guggenheim museoaren edo Kale Nagusiko dendetako erakuslehioen aldean, Rekaldek nahiago ditu Atxuriko tabernak, Arbolagañako txakolindegia edo Bilbo Zaharreko garai bateko alaitasuna.

Galera sentimendu hori hainbat poematan agertzen zaigu: Ez da iraganmina, lagunok, Pasabide hutsak dituzu kaleok, Umore beltzeko paisaia edo Hiri hau, esaterako. Eta hiri ponpoxoaren ifrentzua den beste Bilbo horren kronikak idazten dizkigu, erraietatik, artez eta artifizio larregi ibili barik, dub erritmo soil eta hipnotizatzaileetan kulunkatuta.

Poesiaren inguruan ere gogoeta egiten du Rekaldek. “Soldatapeko idazleak” arbuiatzen ditu, “beka-sari jokoak” gaitzetsi, eta, poeta bainoago, “frankotiratzailetzat” du bere burua, “odola borborka ipini eta larruazala ikara batean jarri nahi dizun frankotiratzailea”, poetaren hitzetan esanda. Liburua erdibitzen duen Hiru koñak underground izeneko testuan Bukowski, Aresti eta Ferreiro hartzen ditu bidelagun, eta keinu hori guztiz adierazgarria da Rekalderen asmoen berri jakiteko.

Gogoeta horrek, nola ez, estiloaren auzira garamatza ezinbestez. Rekaldek egiten duen hautu poetikoarekin koherentziaz jokatzen du eta idazmolde biluzi eta zuzena darabil, apaingarri askorik gabea, narratibatik oso hurbila. Horrek kritikaren bat ekarri dio dagoeneko, eta, agian, poemok landu gabeak egotea egotziko dio irakurle batek baino gehiagok. Ez nago ados: tantaka bada ere, Rekaldek hainbat baliabide literario erabiltzen ditu, batzuetan fonetikarekin jolasten du (“itsasadarrean kaioak karraka”), eta zenbait poematan nabaritzen da Rekaldek ahalegin berezia egin duela indarra dosifikatzen eta amaieran irakurlea harriturik uzten duen kolpea prestatzen (Aberkideak, Botilaren bihurguneak, Txizaren hotsa). Bere gordinean, Rekalderen idazmoldea hautu literario jakin baten ondorioa dela iruditzen zait; eztabaidagarria, hautu guztiak bezala, baina guztiz koherentea.

Nire ustetan, Rekaldek urrats handia egin du bere azken lan honetan. Iazko iruzkin hartan aipatzen genituen gabeziak leundu eta bere idazmoldea findu duelakoan nago, oraindik zer hobetu badagoen arren. Eta idazlearen zeregina “larruazala ikara batean jartzea” baldin bada, aitortu behar dut, nire kasuan behintzat, hainbatetan lortu egiten duela (Aberkideak, Udazkena edo Botilaren bihurguneak poemetan, berbarako). Segitzen dut pentsatzen Paddyrena bezalako ahotsak beharrezkoak dituela euskal literaturak. Lehenagotik ere txistu eta danbolin dezente izan ditugu eta dub pixka bat ez zaigu gaizki etorriko, ze arraio!

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Aiora Sampedro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak