« Mugaz beste aldera begira | Istorio laburrak »
Amodiozko hogei poema eta kanta bat bakar-mindua / Pablo Neruda (Jose Luis Padron) / Gara, 2004
Bertsorik alaienak gaur Mirari Garcia de Kortazar / Gara, 2004-07-03
“Irakur ditzaket bertsorik alaienak gaur”, esan beharrean gaude. “Eguzkitsu dago zerua, eta ñirñir ari dira begiak, hunkiturik”, esan dezakegu gaur.
Badakit, galdutako maitasunak barnean sartzen dituen tristura eta ezina, samina eta ozpina, hezur-muinetan txertatzen direnak, berdin sentituko direla hizkuntza gehienetan. Badakit 80 urte itxaron behar izan dugula amodiozko poema ezagunenak euskaraz sentitzeko. Baina idatz ditzaket bertsorik alaienak gaur. Jose Luis Padron idazle eta itzultzaile urretxuarrari esker, berriz ere maitemintzeko eta berriz ere hunkitzeko aukera edukiko dugulako, eta historia osoan zehar gehien irakurri eta sentitutako poema horiek jaio egingo direlako berriz ere, oraingo honetan euskaraz. Bai, ziur nago, idatz ditzaket bertsorik alaienak gaur. Maitasunak txinparta bezala behar du poesiak arnasa irakurlerik lortuko badu eta zer hobe, munduko maitasun-poema ezagunenen hatsa baino, irakurleak erakartzeko?
Idatz ditzaket bertsorik alaienak gaur. Idatz dezaket Nerudak 20 urte bakarrik behar izan zituela 20 poema bihotz-bihotzeko idazteko, irakurlea harrapatu eta liluratzeko, eta hitzaren magia eta indarra kutsarazteko. Barne-barnetik originala, sortzailea, berritzailea eta aldakorra izan zela bai hitzetan eta baita gaietan ere. Eta unibertsalki ezaguna den lan hau klasiko bihurtu den arren, berri-berria dela, oraindik, ezkutaturik duen magia kutsakor eta arriskutsua. Amodioaren bitartez sartzen baita gizakia gauzetan, unibertso eta distantzia berriak sortzeko. Zabaldu egiten baititu munduaren mugak maiteminduta dagoenak.
Samina indar sortzailea ere badelako, bertsorik tristeenekin batera, lerrorik alaienak, arinenak, hermetikoenak, gardenenak eta epikoenak aurkituko ditugu Nerudaren lan honetan. Ageri-agerian eta azal-azalean aurkituko ditugu Nerudak gure egingo dizkigun sentimenduak. Edonork ukitu ahal izango ditu, hitz eta isilune bakoitzean, norberaren izaera eta sentiberatasuna. Beti delako berri-berria bertso hauen sujeritzeko modua. Nerudak ez baitu idatzi bakarrik egiten; sujeritu egiten du beste ezeren gainetik. Zintzilikaurkituko ditugu, lerro artean, gure hunkipen poetikoa pizten duten ezaugarriak.
Idatz ditzaket bertsorik alaienak gaur. Ñirñir egingo digute begiek, hunkiturik eta liluraturik. Ia 80 urte eduki arren, biziagotu egiten baitira poemok irakurketa bakoitzean, hizkuntza berri bakoitzarekin esanahi berria aurkitzen baldin badugu. “Amodiozko hogei poema eta kanta bat bakar-mindua” aukera paregabea da mito bihurtu den poeta honen lanik esanguratsuena, ondare ere kontsidera daitekeena, hurbil-hurbiletik dastatzeko eta gozatzeko. Eta itzulpengintza sorkuntzaren beste alde bat ere badenez, trebezia eta abilezia handiz eskainiko digu idazle urretxuarrak bere ikuspegia bere lan nagusietakoa duen honetan. Maisutasunez dakar aspaldiko bertsoak sentitzeko modu berezia. Bejondeizuela! Bertsorik ederrenekin gozatu ahal izango dugu aurrerantzean, baita euskaraz gozatu ere.
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Maddi Galdos Areta
Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark
Irati Majuelo
Harakinen alaba
Yurre Ugarte
Joxe Aldasoro
Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno
Mikel Asurmendi
Erbeste
Juan Garzia
Asier Urkiza
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Maialen Sobrino Lopez
Biba gorriac!
Imanol Murua Uria
Mikel Asurmendi
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Patxi Iturregi
Terraza debekatua
Fatima Mernissi
Amaia Alvarez Uria
Poesia kaiera
Elizabeth Bishop
Irati Majuelo
Godoten esperoan
Samuel Beckett
Aritz Galarraga
Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez
Iñaki Lopez de Luzuriaga
Bazter utzietan
Karlos Linazasoro
Hasier Rekondo
Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo
Paloma Rodriguez-Miñambres