« Kurduak | Konpainia noblean »
Burua txoriz beterik / Iñaki Irasizabal / Elkar, 2004
Unibertsoak krak egiten duenekoa Gotzon Hermosilla / Berria, 2004-06-12
Bizitza badoa, emeki-emeki, bere jario etengabean esperantzak higatuz, amodioak kamustuz, ametsak akabatuz. Konturatu ere ez gara egiten, baina bizitza bera da bizitzaren etsairik zitalena, eta une batez gelditu eta atzera begiratzen dugunean, jabetzen gara espero ez genuen lekura eraman gaituela, eta leku hori pentsatzen genuen baino askoz ere ilunagoa eta mehatxugarriagoa dela. Eta zimeldutako ametsen arrastoari segitzea besterik ez dugu, gure biografia osatu nahi izatekotan.
Jakina, bizitzak ez du beti hain azeri jokatzen. Batzuetan, gure itxaropenak apurka-apurka itotzea aski izan ez eta kolpe bakar batez erakusten digu bere aurpegirik absurduena. Gehien maite ditugunak hil egiten dira, edo bat-batean konturatzen gara amodioa amaitu dela, edo zoritxarraren apeta ankerrak kale gorrira botatzen gaitu. Gure unibertsoak krak egiten du, Wayne Kramerren abestiak dioen moduan.
Iñaki Irasizabalen eleberri labur honetako pertsonaien unibertsoek ere krak egin dute. Albertori semea hil egin zaio, itxura guztien arabera bere buruaz beste eginik, eta zalantzak eta damuak erraiak marraskatzen dizkiote gupidarik gabe. Josebak Arantza maite du, baina Arantza, Josebarekin ezkondurik urtebete eskas egin ostean, senarra ez duela maite konturatzen da, eta Josebari mundua ziplo erortzen zaio gainera. Markelek eta Ostaizkak elkar maite dute, baina diru premiak haien arteko amodioa galbidera darama, eta ezin dute irtenbiderik aurkitu horri buru egiteko.Unibertsoak krak egiten dueneko kronikak eskaintzen dizkigu Irasizabalek Burua txoriz beterik honetan. Ez du juzgurik egiten, ez du epai moralik ematen; bizitzari ebatsitako txaplatak jartzen dizkigu begien aurrean, irakurleak adabaki horiek josi eta nork bere ondorioak atera ditzan. Irasizabalek narratzen dizkigun kontu asko eta asko xeheak dira, xumeak, apalak. Istorioetan ez dago epikotasunik; eguneroko errealitatetik erauzitakoak dirudite. Eta, hala eta guztiz ere (edo horregatik, hain zuzen ere), guztiz literarioak dira. Ez al da literatura bizitzaren imitazioa?
Erreferentziak bilatzen hasita, Burua txoriz beterik honek zenbait zuzendari ingeles eta irlandarrek egindako filmak ekarri dizkit gogora. Mike Leigh, Stephen Frears, Damien O’Donell edo Ken Loachen filmak, xumeak bezain zirraragarriak, pertsonaien eguneroko arazo eta gorabeherak kontatzen dizkigutenak, hizkera hanpaturik gabe, gehiegizko handinahikeriarik gabe, baina giza harremanen muinera maisuki jotzen dutenak. Film horietako askotan ageri den eduki sozial eta salaketazkoa eskas du eleberri honek, baina, hala ere, erreferentzia horiek behin eta berriro etorri zaizkit gogora liburua irakurri ahala.
Nobelak ez dakar berrikuntza estilistiko handirik. Kontaketa lineala da, hirugarren pertsonan egina, eta urtearen aroekin batera egiten du aurrera. Atal bakoitza pertsonaia baten inguruan gorpuztea izango litzateke aurkikuntzarik nabarmenenetako bat. Baina Irasizabalek frogatzen du istorioak kontatzen badakiela, giza harremanen barne korapiloak askatzen trebea dela. Beharbada, istorioa kontatzeko aukeraturiko moldea dugu azpimarratu beharrekoa, nobela laburra ez baita gurean sarri jorratutako generoa. Bide batez, aitor diezaiegun Elkar argitaletxeari eta Ondarroako Udalari dagokien meritua, horiek antolaturiko Augustin Zubikarai nobela laburrentzako sariari esker argitaratu baitira Fernando Morilloren Gloria mundi eta orain aipagai dugun Burua txoriz beterik hau.
Amaiera aldera, itxaropenari zirrikitu batzuk irekitzen dizkio Irasizabalek. Zailtasunak hor daude, jakina, baina maitasunaren eta adiskidetasunaren indarra ezin da gutxietsi, diosku egileak, eztikerietan eta moralismo merkean jausi barik. Ezin bestela izan, bizitzaz eta giza harremanez ari garelarik. Azken finean, Kate Chopinen hitzetan esateko, bizitza basakeriaz eta edertasunez egindako munstroa besterik ez da.
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Amaia Alvarez Uria
Zer egin Miranderekin?
Askoren artean
Irati Majuelo
Azken batean
Lourdes Oñederra
Paloma Rodriguez-Miñambres
Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo
Mikel Asurmendi
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Maialen Sobrino Lopez
Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta
Asier Urkiza
Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu
Nagore Fernandez
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Paloma Rodriguez-Miñambres
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Mikel Asurmendi
Esker onak
Delphine De Vigan
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Enarak
Bernardo Atxaga
Irati Majuelo
Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor
Aritz Galarraga
Moebiusen ertzak
Garazi Kamio
Joxe Aldasoro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Mikel Asurmendi