kritiken hemeroteka

8.376 kritika

« | »

Euskal Herria 2050 / Askoren artean / Gatuzain, 2003

Hau ez da egia Gema Lasarte / Berria, 2004-06-05

Iazko Durangoko azokara joan nintzenean, hizpide dugun liburuaren izateaz ez nuen gogoeginbeharrik ere, are gutxiago argitara eman zuen Gatuzain argitaletxeaz. Nire ezjakintasunaz gain, sarrera modura, Pierre Bourdieu pentsalari frantziarraren aipua ekarriko nahiko nuke gogora: idazlanak alegia, ezin direla irakurri edota ulertu ekoizpen eremutik edota merkatutik at. Idazlan baten atzean argitaletxe, promoziobide, merkatu eta interesak daudela, denak ere borrokan zer idazlan gailurrean jarri edota ixiltasunera bultzatu.

Komunikabideek azoka egun horietan egundoko gehigarri eta zerrendak egiteko usadioa dute, edota idazlan batzuetaz jo eta ke aritzekoa; eta beste batzuk kausitzeko izerdia bota behar da. Liburu honen aipamen idatziak Gara eta Berria egunkariek iazko abenduaren 3an eta Le Journal du Pay Basque-k aurtengo maiatzaren 24an egindakoetara eta ezer gutxi gehiagora mugatzen dira.

Aztergai ditugun 134 orrialdeetara etorriz, uste dut arrazoi bat baino gehiago dituela interesgarria izateko bilduma honek. Hasteko, Baionako argitaletxe honek bere liburuetan hedatzen duen filosofia: “Gure liburuek pentsamendu librea eta plazerra hedatzea dute xede, hitza marrazkia eta argazkia dantzan ezarriz”. Eta hori horrela izanik, lan honetan parte hartu dutenei tituluak daramaion gaiaren inguruan euren ikusmolde eta projekzioak libreki lantzea eskatu diete. Aipatzekoa da ere, gaia aldez aurretik idazleei ematea: Euskal Herria 2050. urtean irudikatzea, irudimena nahiz etorkizunerako semantika osoa eraikitzeko gonbidapena luzatuz.Beste datu polita artista ezberdinez taldea osatzea da, iparraldekoak, hegoaldekoak, poetak, narratzaileak (luzean nahiz motzean aritzen direnak) eta komikilari bat. Zortzi artistak parte hartu dute: Itxaro Bordak, Eneko Bidegainek, Gotzon Garatek, Iban Zalduak, Castillo Suarezek, Maritxu Lopepek, Lucien Etxezarretak eta Marcemedyk. Horietarik bost iparraldekoak ditugu eta beste hirurak hegoaldekoak: Zaldua, Suarez eta Garate, jakina.

Arestian esan lez, testu honetan sei narrazio labur, poema bat eta beste komiki bat azaltzen dira. Liburu polifonikoa dugu beraz, ahots eta arte ezberdinez osatua. Gaia bera izanik, esango nuke narrazioetan zehar erabilitako tonoa nahiz kolorea iluna dela, denak bat etorri direlako etorkizuna irudikatzeko garaian. Efektoari dagokioenez berriz, idazle bakoitzak duen abilezia erakusten du; Bidegainena, Garaterena eta Zalduarena dira, nire ustez, efekto aldetik lortuenak.

Semantikaren alorrean, informatikarena, transgenikoena, robotena eta sentimendurik gabeko gizarte batena azaltzen zaizkigu. Bordak bere Ogirik gabeko munduan Iparraldeko lurrak arto alor transgenikoaz osatuak eta arraio ultragorri eta irriaktiboz setiatuak imajinatu ditu. Nezanto firma erraldoiak kudeatuko ditu arto alorrak artoaren genoma erabat aldatzeko jendearen zahartze biologikoaren ondorioak geldiarazteko. Langabeziak mundu osoko jendetzaren %78 joko du eta esklabu feriak nahiz Ezintasunaren Harrobiak, zahar zuloak alegia, non jendea herioaren aiduru ikusiko dugu. Ene ustez Bordak XX. mende hasierako ohiturazko nobelak hankaz gora jarri ditu lurrari aipaturiko semantika gordina egokituz.

Lopepek kontakizuna Baionara Eztebenzuritik egindako bidaian kokatu du. “Bide bazterrean plantatuak diren seinale elektronikoek dute otoa gidatzen, zatelite bidez”. Bidegainek komunikazio birtuala eta satelite sistemaren bidez funtzionatzen duen gizartea sortu digu. Sistema matxuratzen da eta bi gaztek egun batez igogailu batean topo egin dute eta ez dira komunikatzeko gai: “Ordenagailua izan dutelako guraso, irakasle, bide lagun eta etxeko nagusi… Kezkarik gabe bizi izan dira tresna horri esker”.

Garatek ipuin borobila paratu du erdian Wanda-k duen amets majikoarekin. Castillok Min berri bat egunero poema. Zalduak emigrazioa hartu du haritzat: 1950an gerra zibila ostean Gasteizera etorritakoak, 2000n Afrika nahiz munduko beste lekutik heldutakoak eta 2050ean Arcturus izar sisteman piztutako gerraren ihes datozenak. Etxezarreta Antzinako Euskal Herriaz mintzo da. “Gipuzkoa osoaren deportatzea…”, “Zuberoa osoa jendez hustu zen (…) Xiberoland ederra sortua, herri hustuaren oroigarri”. Azkenik, Marcemedyk Hau ez da egia komikia marraztu digu.Roland Barthesek zioen literaturan ez dagoela egiarik, balioak baizik, eta Gatuzainekoek egindakoak merezi du. Zinez merezi gainera.

Azken kritikak

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Asier Urkiza

Kanbodiako enbaxada
Zadie Smith

Nagore Fernandez

Herriaren hezkuntza eta demokrazia
Nadezhda Krupskaia

Jon Jimenez

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Joxe Aldasoro

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Mikel Asurmendi

Rifqa
Mohammed el-Kurd

Irati Majuelo

Loak ezkutatzen duena
Patxi Zubizarreta

Aiora Sampedro

Gari eta goroldiozko
Anari Alberdi Santesteban

Mikel Asurmendi

Itsaso amniotikoa
Oihane Jaka

Asier Urkiza

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon / Piszifaktoria Ideien Laborategia

Nagore Fernandez

Gurpilak
Eztizen Artola Iturrate

Jon Jimenez

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Hasier Rekondo

Detaile xume bat
Adania Shibli

Irati Majuelo

Barkamena existituko balitz bezala
Mariana Travacio

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

Hedabideak