« Gezurraren hezurra | Eromena eta abangoardiaren prosa »
Eguzki beltzaren sekretua / Alberto Ladron Arana / Elkar, 2004
Nazien artean zelatan Maider Ziaurriz / Berria, 2004-05-08
Tibet eta Alemania, budismoa eta nazismoa, espioiak eta sinesmen esoterikoak. Eta, tartean, euskaldun bat, muturrekoak diruditen mundu horien artean zer harreman ote dagoen argitu nahian. Horixe, labur esanda, Alberto Ladronen Eguzki Beltzaren sekretua eleberriaren muina. Azalari begiratuta bakarrik, gerrari buruzko liburua dela ematen du. Eta hala da neurri batean, iruindar idazle honek ere gerren harrobi agorrezinetik hartu baitu istorio hau kontatzeko lehengaia; hain zuzen, 1939. urtean girotu du kontakizuna. Gehiago zehazte aldera: Espainiako gerra amaitu hurren da, eta Franco, agintea hartzekotan; naziek jadanik Alemania menderatua dute, eta Europan gero eta nabariagoa da Eguzki Beltzaren itzala.
Giro nahasi horretan, Euskal Herriko eta Ingalaterrako zerbitzuek Ekialde Urruneko budismoaren eta Alemaniako nazismoaren arteko harreman bitxi hori ikertzera bidaliko dute Oskar, eleberri honetako protagonista. Espainiako gerran gudari ibilitako gazte eskarmenturik gabea da hau, eta Ipar Euskal Herrian dago babestua; “musika klasikoak txoraturiko ameslaria” da, baina musika baino zerbait gehiago behar du; izan ere, Donibane Garazi inguruetako lasaitasun eramanezinaz aspertuta, amorratzen egongo da misio kitzikagarriagoak egiteko eta ekintza gizon bihurtzeko, eta azkenean, espioi lan bat emango diote. Hala, Parisera joan beharko du lehenik, eta Alemaniara gero.
Baina zeregin hori uste baino arriskutsuagoa izango da, eta atzetik segika izango ditu Del Valle agente espainiarra eta espioi alemanak; hala ere, sator lan horietan zaildua ez badago ere eta hasieran izuti eta mendre emango duen arren, Gaizkiaren aurka egin beharko du, ia-ia munduaren salbatzaile izateraino. Eta, pixkanaka, espioi eleberri honek ipuin fantastikoen eta are literatura epikoaren traza hartuko du; azken batean, heroien modura jokatuko du erdi euskaldun erdi aleman honek, eta gero eta egoera sinesgaitzagoei egin beharko die aurre. Azken aldera, Erdi Aroan girotutako istorio harrigarri bat irakurtzen ari garela ematen du, XX. mendeko nazien kontakizun bat baino gehiago.
Nolanahi ere, Oskar ez da Erdi Aroko zaldun ausart bat, baizik eta XX. mendeko gazte arrunt bat, atzerrian dagoen euskal gobernurako lan txiki bat egin behar izan duena; beraz, balentria horiek ez dute oihartzunik izango, eta itzalik gabeko heroi izango da.
Guztiarekin, ezagun du atzean dokumentazio lan itzela dagoela eta narrazio hau idazteko datu historikoetara jo duela. Baina ondu ote daiteke benetako historian oinarritutako fikzio sinesgarririk, kontakizuna fantastikoegia ez gertatzeko moduan, Artur erregearen mahai biribila eta ezpata miragarria nazien garaira ekarrita? Bada, hala esanda zail samarra ematen badu ere, Alberto Ladronek ezin hobeto aurkitu du hari mutur horiek josteko modua, fantastikoegia iruditu edo ez.
Sinesgarritasuna gorabehera, ondo kontatutako istorioa da hau. Gainera, batez ere espioi eleberria denez, ez da suspentserik falta; hala ere, unean uneko jakin-min horri tamainan eusten dio Ladronek, gehiegi luzatu gabe, oso erritmo egokian argitzen baititu narrazio honetan dauden klimaxak; informazioa ondo neurtua ematen du, eta ederki lotzen du narrazioaren haria hasieratik bukaerara. Bi ikuspegitatik kontatua dago istorioa: Oskarrenetik —lehenengo pertsonan— eta Del Valle agentearenetik —hirugarren pertsonan—. Hizkuntzaren sormen aldetik ere, irudi ugari darabiltza, eta poliki deskribatzen ditu giroa, pertsonaien aldartea, egoera bakoitzaren kolorea… Eta hori izugarri estimatzen da, irakurketa gozatzen baitu.
Hirugarren eleberria du Alberto Ladronek honako hau, eta jadanik idazle zailduen dokumentatzeko eta kontatzeko abilezia duela erakutsi du.
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres