kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Larrepetit / Pello Lizarralde / Erein, 2002

Larrepetit eta 110. Street-eko geltokia Mikel Bujanda / Jakin, 2003-12

Gutxitan gertatzen da Literatura gertakari sozial bihurtzea. Liburuaren lehen edizioaren aurkezpen saioa izaten da albiste. Edo urtean behingo Azoka. Hortik gora oso noiz edo noiz bakanduetan. Ez ohikoaren mailako bi albiste literario —denbora tarte laburrean— eman digu 2003ko udazkenak.

Pello Lizarralderen Larrepetit 2002an argitaratuak, Kritikaren saria hartu zuen lehenik, Euskadi Saria orain. Adituek emaniko aitorpen eta errekonozimenduak. Sortzaileak eskatu gabeko sariak, kalitatearenak.

Aste gutxi batzuk lehenago, jakin genuen Iñaki Zabaletaren 110. Street-eko geltokia nobela 28garren aldiz berreditatu dutela. Idatzi zuen garaian, duela hogei urte, Azkue Lehiaketara aurkeztua. Ez saritua. Urteotan zehar irakurleen eta merkatuaren saria irabazia du. Euskaraz sorturiko salduena. Marka hori Kutsidazu-k kendu ez badio behintzat. Eleberriaren arrakasta soziala da. Kantitatearen saria.

Antipodetan dauden narrazioak dira, nonahitik begiratuta ere, bata bestetik urrun mami eta azalean, kokapen, planteamendu, teknika, helburu eta emaitzan.

Agerikoenetik hasita, giro urbanoa da Zabaletaren gertalekua, mendebaleko metropolien antonomasia, New York.

Hiririk ez, ez handi ez txiki, Lizarralderenean; ez herririk, apenas mendiarteko auzo ia galdua, eta batez ere mendia, oihana. Naturaren domeinua.

Jendarte ugaria da batean bizi giroa, urruti exotikoa, baina zehazki identifikatua. Bestean, bakardade fisikoa, geografian hurbil, gure lurretako paisaian, baina gertutasuna paraje zehaztugabekoetan lausoturik.

Bien alderaketak argazkiaren positibatu-negatiboaren arteko simetria erakusten du. Izan liteke kointzidentzia hutsa, sortzaileen ikuskera literario dibergenteen emaitza, edo langai berarekin zeinen urrun irits daitekeen frogatu nahia. Irakurketa konparatua egiteko mentura, posibilitate bat.

Bi bidean

Narrazioak itinerantzian emanak daude. Bi bidean doaz. Bietan. Abel eta Joxe Larrepetit-en. Joseba eta Angie Geltokia-n.

Honetara etorrita, adierazia dago izenen kidetasuna, Joxe eta Joseba. Biak dira iheslari.

Gertaera dramatikoek erabakiko dute akabera. Tresna akabatzailea bietan bera da.

Denboraren joana, lineala da bietan. Hasitako puntuan hartu, jarrai eta segida batean bukatu arte. Linealitatea ia erabatekoa Pellorenean; noizbehinkako excursus batzuk tartekatu ditu Iñakik. Abiapuntua bietan arratsa da; ilunabarra batean, gau iluna bestean.

Denbora tartea, laburra: hiru gauetan eta hirugarrenaren biharamunean ikusi ditugu Abel eta Joxeren ibiliak. Aldi luzeskoagoan New Yorkekoan. Hilabetean gehienez ere, eta tartean, hamar egunetako jauzia, errelatutik kanpo utziak.

Noizko gertaerak diren, gutxi gorabehera garaikide: Lizarralderenean, testuan zehar emandako datuetatik atera daitekeenez (automobilen markak, zinema artisten erreferentziak…), 1965 ingurua da. Betiere telebistak bazter zoko guztiak inbaditu aurreko garaia. Zabaletaren kontakizuna urte gutxi batzuk beranduagokoa, 1973 espreski ageri da une batean.

Noiz izatea, Larrepetit-en, modernitateak oraino hautsi gabeko bizimodu bakartua erabakigarria da.

Bietan bada hirugarren beharrezkoa: Lainez bidaianta Larrepetit-en. 110. Street-eko geltokia-n erabakitzaile da Catherine anderea.

Osagai gutxirekin antolaturiko tramak dira. Ez dago azaleko konplexutasun argumentalik.

Narrazioa garatzeko eskema parekoa da: Abel eta Joxeren sekuentzia baten ondotik, bestelakoa dator (ia beti Lainez), berriro Abel eta Joxe, horrela txandaz txanda (1.A, 1.B; 2.A, 2.B…, bederatzi aldiz errepikatzen den hurrenkeran).

Puskaz puska, atal baten protagonismoa Josebarena da, hurrengoa Angierena, txanda batak besteari emanez antolatua du kontaketa Zabaletak.

Paralelismoen jokoaren segida eman lezake testuetatik kanpoko informazioak. Idazleen biografiatik jakina dugu narrazioetako giro eta jendeez ezaguera egin dutela bi-biek. Pello herriska txikiko eskola maisu izana da; Iñaki Amerikak bere gisara egitera joana.

Bizi izandako esperientzian ikasia, horren behaketa zorrotza funtsezko hornigai izan du nork bere eleberrian.

Lehengaiak berberak, tratamendua bestelakoa

Lehengaiak berberak izanik, horien konbinazioa, tratamendua eta funtzioa arras desberdinak dira, alderantzizkoak, kontrajarriak.

Mugimenduan dabiltza bi bikoteak. Joan-etorri lasterrean metro eta autobusetan, ziztuan, azeleraturik hirian, beti aterpe eta ohe goxora itzuliz. Goizean goiz berriro helduko diote ibilerari.

Ibilian, besteak ere, hauek zango nekatuen gainean, puntu batetik hasi eta handik beti urrunduz, atzera egin gabe, ustez. Gaua emateko zer topa, hantxe kuxkurturik. Goiztar ibili beharra dute horiek ere.

Norabide dibergenteak dira. Hasieratik elkarren ondoan doaz Joxe eta Abel, ihesi; halabeharrak bildu ditu, biderik gabeko ibilera neketsuan noraezean nahiz baduten jomuga, frontera difusoa. Ez dira bereiziko amaitu artean.

Joseba eta Angie aldiz, nor bere lekutik abiatu dira, elkarganatzea dute jomuga. Elkarren bila doaz, inoiz topo eginen ote duten da intrigaren lerroa. Saialdi batzuek huts egin ondotik doi-doi lortuko dute aurrez aurre biltzea.

Ihesak eraman du Joseba metropolira. Han kokatzeko justifikazioa da. Gero bere jokaeraren baldintzatzaile. Baina gertaerak beste batzuk dira. Larrepetit-en ihesaldia bera da gertaera.

Botere harremana: nagusi-morroi harremanak errebeldia ekarri du eta honek Abelen ihesa. Testua aurreratua dagoenean jakinen dugu hori, hitz-erdika adierazia. Baina gertaeren abiatzaile da.

Nagusi-menpeko lotura xantaia da New Yorken. Narrazioan esplizitatua dago, begien aurrean garatzen da. Tramaren bi lerro nagusietako baten abiatzaile da.

Komunikazioa, protagonistetako baten lanbidea izateaz gainera, ardatz agerikoa da 110. Street-eko geltokia-n. Komunikatu nahi, eta ezin; oztopoak gainditzeko ahaleginean dabiltza Joseba eta Angie. Alderantziz, Abel eta Joxe iheslariak behartuta daude komunikatzera, nahi ez badute ere.

Joseba eta Angie hitz jariokoak dira, berritsu, harremanetarako erraztasuna duen jende atsegina. Elkarrizketa luzeskoetan trabatzen dira. Badute konfidentziak nori egin.

Hitzetan labur dira Joxe eta Abel. Denbora gehienean isil, ia mutu. Galderei galdera motzekin erantzuten diete, uzkur. Hitzez esatekorik gutxi. Begiradak, keinuak, hotsak dituzte komunikatzeko era.

Entitateko gaia, agian gai nagusia, da bi eleberrietan komunikazioarena. Erabat dibergentea ikuspuntu guztietatik.

Hirugarren pertsonaiaren zeregina aurkia eta kinberra dira. Bat hasieratik da akzioaren eragile; bestea ez. Biak amaieraren erabakitzaile dira, baina norabide kontrajarrian jokatuz.

Bietan agertzen da paketeen garraio klandestinoa. Funtzio desberdinekin eta zer eta zertarako garraioa den testuan aditzera emana batean; enigmatikoa bestean.

Edo nolabaiteko mestizajea; larruazal ilunekoak badira. Bestelako kultura eta jakintzak. Maila diferenteko agerpenak dira: kategoria da batean; bestean anekdota.

Iñaki Zabaletaren testua gardena da. Dena agerian, espreski esana. Ezer gorde gabe, informazioak borborka emanez irakurleari. Pertsonaiak xaloak dira; ez dute sekreturik, tolesgabeak dira. Gaiztoak gaizto. Dena esplizitatua dago. Intrigarako jakin-min moduan gordeak salbu, irakurleak dena emana du. Narrazio konbentzionala da.

Pello Lizarraldek informazioa ttanttaka, dosifikaturik, neurri-neurrian ematen du. Gorde egin ditu datuak, eta behar duenean eman, minimoan utzirik, komeni zaionean, hitzik bat bera ez dago sobera, ez bat bestea baino ozenagorik, dena kalkulatua dago. Hitz bakar batez identifikaturik agertu berriak. Nor diren, zer ari diren pertsonaiak, iradoki, xuxurlatu egiten du. Irakurleak eraikitze lana egin behar du. Gertatuaren zergatia, gertaera bera lausotua dago.

Abiadan, bizi eta arin mugitzen dira hirian Zabaletaren pertsonaiak, zurrunbiloan, joan-etorri etengabean, batera eta bestera, etxetik lantokira, elkarren bila, gehienetan gurpilen gainean, metroan, autobusean, berandu iritsi nahi ez.

Bidea nekez urratzen dute Abelek eta Joxek. Bidea bera egin eta aurkitu beharrez. Ibilaldi neketsu eta geldoa da horiena. Lizarraldek denbora gelditzera jokatzen du. Astiro, oso astiro doazela behin eta berriro gogoratuz. Maiz gelditzen dira: bideari heldu, gelditu, lotu ibiliari, berriz gelditu. Hamaika bider errepikaturiko sekuentzia da. Gelditu, horra hitz klabea.

Bi mundu literario

110. Street-eko geltokia-n badira hotsak, zaratak, ke usainak, zalaparta urbanoa. Zertzeladetan emanik, gertalekuen paisaia margotuz.

Larrepetit-en soinuak marmarrak dira, txioak, durundak, klaskadak, ziztuak, ezkil hotsak, arnasa. Isila urratzen dute. Argi ilunak, itzalak, distirak, islak, margulak… Usain sarkorrak, eztiak… zentzumenak erne, sentsazioen mundu poetikoan gaude. Oparo zuhaitz, landare, heskai eta gainerako elementu botanikoen presentzia. Hor bai, ugaritasuna, zehaztapena, dentsitatea. Mendiak hezur-haragizko pertsonaiak inguratuak ditu. Inguru horren handitasuna, bere baitan noraezean dabiltzanen parean. Basoa Joxe eta Abelekin protagonismoaren lehian. Arima errari baino zertxobait gehiago dira iheslariak. Oihanak itzal huts bihurtuko ditu guztiz irentsi arte.

Erantzunik gabeko jokaerak eta portaerak, azalpenik gabeko aurkikuntza lainopean. Enigmak antzinako elezahar bihurtzen du Larrepetit. Frontera aldeko elezaharra.

Ura eta olioa bezala

Antipoda literarioan dauden idazlanak dira. Istorio bat kontatu du Zabaletak. Intriga, urruti dagoenaren exotismoa, gardentasuna, arreta foko ebidenteak, dira osagaietako batzuk. Emaitza, sinplea bezain efektiboa. Irakurterraza. Erakargarria, idazleak berak pentsa ez zezakeen arrakasta eta onarpen soziala izan duena. Euskarazko literaturan best seller-a. Horrela atera zitzaion, merkatuan funtzionatzeko kualitateak dituen eleberria. Literatura popularra. 1983an egina. Geroztik ez du Iñaki Zabaletak beste nobelarik idatzi. Aurrez ere ez zuen prosaz ezer argitaratua.

Lizarraldek bestelako exijentziak egin dizkio bere buruari eta irakurleari. Ez da istorio bat kontatzearekin konformatzen. Agerikoaren atzean sinbolismoa dago. Protagonismoa ez da pertsonaiena, ingurumenarena baizik. Helmuga berriro abiapuntua da. Estiloa, aurreko bere idazlanetan jorratua, estilizatua, minimalismoa, esperimentazio estetikoa.

Larrepetit-ek oztopo eta hesiak ditu bidean. Inork baino hobeki daki Lizarraldek hesi arantzadun horiek gainditu ezin eta txarrantxan trabatuta geldituko direla irakurlegai asko.

Horrela egitea hautatu du.

Irakurleak, aldiz, tentazioa izan lezake, zuhaitzaren adarrera iristerik ez duen azeriak bezala, gereziak berde daudela esateko.

Parnasotik gertu bizi diren adituen tentazioa bestelakoa da: gozoki fina astoaren ahorako egina ez dela esatea.

Bi autoritatek saritutako lanak dira. Irakurleen merkatuak bat; aditu kritikoen epaimahaiak bezala.

Dentsitate, zapore eta koloreagatik, eta euskal literaturgintzan duten funtzioagatik, erabat desberdinak dira 110. Street-eko geltokia eta Larrepetit. Olioa eta ura bezala, analizatu daitezke, eta konparatu, baina nahasi ez.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak