Erbeste / Juan Garzia / Erein, 2026
Itzulera Ibon Egaña / Deia, 2026-04-25
Hogeita hamar urte borobil egin ditu Juan Garzia Garmendiak helduentzako fikziozko sorkuntza-lanik argitaratu gabe. 1990etako euskal narratiba-lan kuttunetakoen artean ditut haren Itzalen itzal ipuin liburua eta Fadoa Coimbran nobela, eta horregatik egin zait pozgarri Garzia narraziogintzara itzuli izana. Itzuli ere, itzulera bat kontatzen duen Erbeste nobela laburrarekin itzuli da fikziora legazpiarra: izenik gabeko narratzailea, atzerrian 20 bat urte emandako emakumea, Tolosaldeko sorterrira itzuli da, eta, ezin bestela izan, kanbiaturik aurkitu du sorterria, familia eta ingurunea. Hasi baserrian bertan egindako berrikuntza-lanekin, eta segi familian, herrian eta eskualdean geratutako eraldaketekin, Tolosaldea epizentro hartuta, XX. mendearen azken bi hamarkadetako Euskal Herriko herri txiki baten transformazioa du kontagai Garziak, protagonistaren ahotik: ekonomiaren eta industriaren eraldaketak, sekularizazio-prozesua, gatazka armatuaren arrastoak. Protagonistaren familiaren istorioa du horretarako abiapuntua, baina baita eskualdeko beste hainbat gertaera ere.
Gela ilun batean linternatxo batekin sartzen denaren moduan jasotzen ditu Garziak nobelan gertakariak: orain txoko bat argitzen du, gero bestea, baina sekula gelako sabaiko argia piztu gabe. Irakurlearen esku uzten du, izan ere, gertaera solteen arteko lotura bilatzea, ahapeka esandako hitz batzuek iradokitzen dutenaren atzean dagoen istorioa osatzea. Hartzaileari dagokio, puskaka eta pixkanaka, familia baten eta Tolosaldeko kosmos txiki horren paisaia humano eta soziala osatzea. Elipsiek pisu handia dute, izan ere, eleberri honetan, beharbada irudikatzen den jendarte horretako mundu-ikuskeran ere esan gabekoek eta belaunaldi batetik bestera iragan diren isiltasunek pisua duten modu berean.
Eszenaz eszena eraikitako nobelak, hartara, jakin-mina sortzen du, besteak beste, elipsiaren bidez. Introspekzio psikologikozkoa dirudien nobelak, beste norabide batzuk hartzen ditu aurrera egin ahala eta ez du galtzen irakurlea harritzeko gaitasuna. Bere laburrean, nobela-azpigenero ugariri keinuak egiten dizkie Erbeste-k: ruralismo beltz edo tragikoari (etor daitezke burura Aristiren edo Mujika Iraolaren oihartzun urrun batzuk), baina baita detektibe-nobelari ere (polizi etxerako bisita eta guzti), eleberri psikologikoari… Nobela-molde horietarik bat hautatu ordez, beraz, azpigeneroetan sartu-irtenak egiten ditu, edo omenaldi txikiak nahi bada. Erritmo aldakorra du beraz nobelak, eta erregistro-aniztasun horrek testua aberasten badu ere, irakurle honi iruditu zaio batzuetan ez ote duen horrek berak koherentzia eta kadentziaren kaltetan jokatzen.
Hutsuneari tarte handia uzten dion diskurtsoa osatu du Garziak nobelan, eta estetika horren zerbitzura jarri du hizkuntza ere, isiltasunari eta esan gabekoari aterpea eraikitzen diona. Ez dago gogoratu beharrik Garziak hizkuntzaren gainean duen maisutza, eta horren lekuko da nobela honetako prosa ere, batik-bat joskerari dagokionez. Prosa garden, arrapaladan irakurtzen dena bainoago, patxadan aurrera eginez, bide-bazterrei begira irakurtzeko prosa gozagarria ondu du, neurri batean joan badoan mundu baten hizketa-moldeak ere jasotzen dituena. Tarteka kostatu egin zait, haatik, prosa-molde horretan lehen pertsonako narratzailearen ahotsa entzutea, egilea bera aditu baitut pasarte ugaritan pertsonaiaren partez. Akaso horregatik, pertsonaiaren itzulera eta haren barruak esploratzen direnean baino sinesgarriago eta sendoago egin zait nobela garai, jendarte eta giro bati pultsua hartzen dionean, ederki asmatzen du-eta elementu eta keinu gutxirekin mundu oso bat birsortzen.
Erbeste
Juan Garzia
Ibon Egaña
Utopiaren belaunaldia
Pepetela
Paloma Rodriguez-Miñambres
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Maddi Galdos Areta
Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio
Asier Urkiza
Moebiusen ertzak
Garazi Kamio
Nagore Fernandez
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Paloma Rodriguez-Miñambres
Landura
Jose Luis Otamendi
Mikel Asurmendi
Harakinen alaba
Yurre Ugarte
Irati Majuelo
Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette
Aritz Galarraga
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Joxe Aldasoro
Akabo
Laura Mintegi
Mikel Asurmendi
Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre
Asier Urkiza
Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide
Nagore Fernandez
Barazkijalea
Han Kang
Maialen Sobrino Lopez