kritiken hemeroteka

8.684 kritika

« | »

Koxka bat estuago / Henry James (Joseba Urteaga) / Igela, 1993

Dena da segun-eta nola Aritz Galarraga / Berria, 2026-02-15

Aspaldi handikoa da, eta ez da desagertu, istorio deseroso, larri, erdiragarriak ezagutzeko grina, beldurrezkoak sarri, hildako, agerpen, mamu istorio; auskalo barne zeozer egozteko edo. Grina horrexekin hasten da Koxka bat estuago, Londres inguruetako etxalde batera iritsi den andereñoaren kontaketarekin. Izenik gabeko neska gazte, urduri, lotsatia, bi umezurtzen kargu, berak bakarrik konpondu beharko ditu asunto guztiak, baina haur maiteak zaintzea, irakastea eta heztea bizitza zoriontsu eta baliagarri baten eginkizuna iruditzen zaio. Haurrak zerutiarrak baitira: “Nire ardurapean bi Espainiako handiki gazte, printze eta printzesa bat izango banitu bezala”.

Aldiz, hasiera batean liluragarria dena, paradisuko, hasiko zaio apurka zalantza, susmo, zantzu bilakatzen, zarata bat han, mugimendu bat hemen, ZERA lehen aldiz gertatzen den arte: agerpen bat. “Aldaketa pizti baten jauzia bezalakoa izan zen”. Lehen kolpean zer-nor izan daitekeen ondo ez badaki ere —“ez du beste inoren antzik”—, laster ohartuko da etxaldean bertan lan egin zuten bi miraberen mamuak direla. Eta haurrek ere ikusten dituztela, arriskuan daudela. Orduan konturatzen da eginkizun miragarri eta zail bat betetzeko deitua izan dela: “Ni, han, munduko haurtxo gizagaixoenak eta atseginenak babesteko eta defendatzeko nengoen”.

Hala ere, orain dator onena: lehen orrialdeetan irakurleak kontakizuna besterik gabe irensten duen bitartean, irakurketak aurrera egin ahala gero eta elementu gehiago pilatzen ditu andereñoaren gaineko susmoak garatzeko. Hau da, duda egiten dugu mamuak benetan existitzen ote diren, beste inork ikusten ote dituen: haurrek ez dute baieztatzen —ez gezurtatzen—, beste haurtzaina —narratzailearen kontrapuntu— sinesgogor agertzen da, ez da gertatzen ezinegona justifikatzen duen ezertxo ere. Anbiguotasuna da gero eta handiagoa, azkenerako erabatekoa, pentsatzeraino akaso andereñoaren buruan bakarrik egon daitezkeela mamuzko agerpen horiek, galdetzera arte zenbateraino gertaerak diren bere irudimenak sortutakoak; beraz, “gertaerak”. “Badakit zoratuta egongo banintz bezala hitz egiten ari naizela”. Baina dena asmatzen ari dela ere ezin da erabat ziurtatu, ez baitago horretarako elementu aski. Bitan bana daitezke, ondorioz, Koxka bat estuago eleberriaren irakurleak: sinestunak vs sinesgabeak.

Eleberriaren erdigunean, hortaz, erantzunik gabeko galdera bat legoke, ebatzi gabeko enigma bat, edo, Javier Cercasi behin irakurri nion bezala, puntu itsu bat, zeinean irakurleak ez dituen gauzak garbi ikusten, eta eleberriaren benetako esanahia egon daitekeen. Hau da: adituek urteak daramatzate ikertzen ea Koxka bat estuago eleberriko mamu zitalak, haurtxo aingerutarrei jazartzen zaizkienak existitzen ote diren, edo fantasma horiek ez ote diren andereño berriaren haluzinazio errepikakor bat, bere histeriaren asmakizun edo proiekzioa; egia esatera, testuak nahikoa argudio eskaintzen ditu gauza bat zein bestea sostengatzeko. Ideia iradokikorra da: idazleak bilatzen zuena, hartara, edo lortzen duena behintzat ez da anbiguetate hori desagerraraztea, baizik eta indartzea, kontakizunaren erdigunean irekiz puntu itsu bat, zeinaren bitartez lortzen den arakatzea, sotilezia handiz, haren obraren gai gako bat: gaizkiaren presentzia pozoitsu eta atzemanezina.

Laburbilduz: eleberriak ez dio erantzun argi, zehatz, nabarmen bat ematen bere galdera nagusiari, baizik eta erantzun anbiguo, nahasgarri eta kontraesankor bat, funtsean ironikoa. Erantzun hori, berez, ez da erantzun bat, eta, hala ere, nobela batek eman dezakeen erantzun mota bakarra izan daiteke; eleberria galderen generoa baita, ez erantzunena: zehazki, nobela baten betebeharra ez litzateke berak planteatzen duen galdera erantzutea, ahalik eta konplexutasun handienarekin formulatzea baizik. Eroa ote da On Kixote, edo beste inor baino argiago ikusten du? Moby Dick balea zer da, ongiaren ala gaizkiaren alegoria? Eta Josef K. errugabe dugu, edo kulpa darama arrastaka? Gure liburura itzulita, andereñoak ikusi uste dituen mamuak errealak dira edo bere irudimenak sortutakoak? Bi erantzunak baitira aztoragarriak: edo mamuak benetan existitzen dira, edo, akaso okerragoa dena, gure baitan baino ez dira existitzen. A ze dilema.

Henry James idazle estatubatuar europartuaren libururik ezagunena, auskalo onena —Rafael Chirbesen lehen eleberria, Mimoun, inspiratu zuen—, bai behintzat idazlearen ekina argien erakusten dutenetako bat, zehar-esan, ñabardura, esan gabeko elementuz betea, Carlos Pujolek idatzi bezala: irakurtzen duenari gertatzen ari denaren egia zein den erabakitzen uzten baitio, irakurketaren anbiguotasuna, zehaztugabetasuna, aniztasuna agerian utziz. Literaturaren eta, ondorioz, bizitzaren ispilu bilakatuz. Izan ere, eta eleberrian irakurri daitezkeen hitzekin esateko, bizitzan ere “dena halaxe izaten da: segun-eta nola”.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Aiora Sampedro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak